Deep-tech teknologiak aurkikuntza zientifikoetan edo ingeniaritzako aurrerapenetan oinarritzen dira, eta merkatu berriak sortzeko edo daudenak eraldatzeko ahalmena dute. Erronka global konplexu eta premiazkoenei heltzeko gaitasunean dago haien garrantzia, jasangarritasunetik hasi medikuntza aurreraturaino eta haratago. 

Joint Research Centre zentroaren —Europako Batzordearen JRC— Scanning Deep Techn Horizons txosten zientifiko berri batek “ANTICIPINNOV” proiektuaren emaitzak xehatu ditu. Asmo handiko proiektu honen helburua da Europako Berrikuntza Kontseiluaren (EIC-European Innovatio Council) adimen estrategikorako gaitasuna indartzea eta, besteak beste, honako arlo hauek hartzen ditu barne: Sistema eta Teknologia Espazialak, Teknologia Kuantikoak eta Nekazaritza eta Elikadura. 

Txosten hau egiteko, prospektiba-ikuspegiak erabili dira, hala nola “horizon scanning” eta ebaluazio kolaboratiboak, non ikerketa eta teknologia berriak aztertu diren. Hori guztia diziplina askotako adituak bildu eta hainbat lan-tailerretan egindako parte-hartzearekin. Topaketa horiei esker, joera berritzaileak identifikatzeaz gain, teknologia horiek garatzeko eta hartzeko erronkak eta aukerak ulertu ahal izan dira.  

Identifikatutako teknologia ugarien artean batzuek bereziki erabakigarriak dirudite etorkizunerako. Horiek askotan aipatzeaz gain, txosteneko tailer eta eztabaidetan ardatz gisa aurkeztu dira, eta etorkizuneko politika eta garapen teknologikoko zuzendaritzetan izan dezaketen eragina eta garrantzia islatu da: 

  • Teknologia espazialak: esaterako, jaurtitzaile berrerabilgarrien sistemak eta espazioan elikagaiak ekoizteko teknologiak. 
  • Teknologia kuantikoak: erroreekiko erresilienteak diren qubit eta algoritmo kuantiko mota berriak barne. 
  • Nekazaritza eta elikadura: nutrizio zehatzerako eta elikagaien bioteknologiarako soluzioak nabarmenduz. 
  • Eguzki-erregaiak eta erregai kimikoak: interfazeen ingeniaritzaren eta CO2 murrizteko prozesuen egonkortasunaren ikuspegitik. 
  • Elektronika arduratsua eta eraikuntza: berrikuntzak materialetan eta fabrikazio digitalean, bakoitzak bere arloak eraldatzeko promesarekin. 

Txosten hori, politikak diseinatzera bideratzeaz gain, oso garrantzitsua da zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren esparruan lan egiten duten erakundeentzat, hala nola ikerketa-zentroentzat, unibertsitateentzat edo abangoardia teknologikora bideratutako enpresentzat. Txostenak hainbat gairi buruz hausnartzeko gakoak ematen ditu: 

  • Merkatu-aukerak: sortzen ari diren joerak identifikatzea, produktuak garatzeko estrategiak doitzeko. 
  • Inbertsioa eta lankidetza: etorkizun handiko eremuak argiztatzea, I+Gn inbertitzeko eta lankidetzan aritzeko. 
  • Arriskuak arintzea: erronka potentzialei buruzko ezagutzak, enpresei etorkizunerako hobeto prestatzen laguntzeko. 
  • Plangintza estrategikoa: txostenaren ikuspegiak integratzea, eboluzio-fasean dauden merkatuetan enpresak estrategikoki posizionatzeko. 
  • Betetzea eta jasangarritasuna: EBren erregulazio-itxaropenetara eta jasangarritasun-estandarretara egokitzea. 

Artikulu askotan adierazi dugun moduan, gaur egungo VUCA testuinguruak teknologia horiek garatu eta merkaturatu beharko diren ekosistema ahalik eta ondoen ulertzen saiatzera behartzen gaitu, hainbat faktore ekonomiko, politiko eta sozialen arteko elkarreraginak zerikusia baitu berrikuntza teknologikoaren ibilbidean.  

Ekosistema horretan bat egiten dute hainbat sektoretan teknologia berriak garatzea eta hartzea bultzatzen, errazten eta oztopatzen duten faktoreak. Bultzatzaileen artean joera eta behar globalak daude, hala nola klima-aldaketa eta autonomia estrategikoa, soluzio teknologiko aurreratuak bilatzea eragiten dutenak. Adibidez, karbono-isuriak murrizteko beharrak energia garbi eta efizienteko teknologien garapena bultzatzen du. Teknologia horiek inplementatzen laguntzen duten elementuei buruzkoak dira elementu bideratzaileak, hala nola aldeko legedia, ikerketan eta garapenean egindako inbertsioa, eta lan-indar gaitua prestatzen duen hezkuntza espezializatua. Bestalde, oztopoek zehazten dituzte aurrerapen hori geldiarazten duten erronkak. Horien artean egon daitezke lehengairik eza, tentsio geopolitikoak eta inbertsio pribatuen eskasia arrisku handiko baina etorkizuneko berrikuntzarako garrantzi handiko sektoreetan. 

JRCren txostena, EBk zientziarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoaren lekuko izateaz gain, funtsezko tresna ere bada teknologia aurreratuaren garaian lider izan nahi duten enpresentzat. Azkar eboluzionatzen ari den mundu honetan, etorkizuneko teknologiak ulertzea eta aurreratzea inoiz baino erabakigarriagoa da. 

Partekatu albiste hau