Bakun egin berri den Aldeen Konferentziaren goi-bileran, berriro jarri dute fokua klima-aldaketan, gure garaiko erronka larrienetako bat baita. Bileran hartutako erabakia aurrerapausotzat jo bada ere, aditu askok (berriro) ohartarazi dute haren irismena mugatua dela eta balitekeela nahikoa ez izatea klima-krisialdi globalari aurre egiteko. Berotegi-efektuko gasen igorle handienek negoziazioen erritmoa markatzen jarraitzen duten bitartean, benetan planteatu behar dugun galdera da ea behar bezain azkar egiten ari garen aurrera.

Igorle handienak eztabaidaren erdigunean

MIT Technology Review aldizkarian duela gutxi argitaratutako artikulu bateko datuen arabera, berotegi-efektuko gasen isuri globalen erantzule nagusiak, oro har, munduko ekonomiarik handienak dira. Txina dago horien buruan, mundu-mailako isurien gutxi gorabehera % 30en arduradun baita; jarraian, Estatu Batuak, % 14rekin; eta, azkenik, India, % 7rekin. Horien ostean, Europar Batasuna, Errusia eta Japonia datoz. Panorama horrek argi uzten du isuriak mundu-mailan jaistea herrialde horiek hartzen dituzten erabakien araberakoa dela.

Hala ere, nazioarteko negoziazioen dinamikek herrialde garatuen erantzukizun historikoen eta garatzen ari diren ekonomien garapen-premien arteko tentsioak islatzen dituzte. Lehenengo taldeak argudiatzen du beren egungo isurien ehunekoa murriztu egin dela aurretik zeukatenekin alderatuta, eta bigarrenek adierazten dute haiek ere hazteko eskubidea dutela, horrek esan nahi badu ere beren isuriak aldi baterako igoko direla.

Akordioa aurrera doa, baina ez da eraldatzailea

Bakun lortutako akordioa negoziazio bizien emaitza izan da. Egia da ez dela porrota izan, baina gehiagorako nahia utzi du parte-hartzaileen artean. Hainbat iturrik adierazi duten moduan, hitzartutako neurriek barne hartzen dituzte herrialde zaurgarrienei finantzaketa klimatikoa areagotzeko konpromisoak eta sektore zehatzetan eraldaketa energetikoa bizkortzeko ibilbide-orri bat. Nolanahi ere, akordioak ez du helburu lotesle argirik isuri handienak egiten dituztenak horiek modu nabarmenean murriztera behartzeko.

Ez dago konpromiso irmorik, eta horrek Aldeen Konferentziaren goi-bileretan behin eta berriro errepikatzen den arazoa jartzen du agerian: adierazitako anbizioaren eta ekintza zehatzen arteko arrakala. Eta hori benetan nabarmena da aintzat hartzen badugu azken urteetan isuri globalen kopuruak gora egiten jarraitu duela, goi-bileretan adosten dituzten akordioak gorabehera.

Etorkizunak anbizio handiagoa behar du

Mugapenak baditu ere, Bakuko akordioa etorkizuneko negoziazio handinahiagoetarako oinarritzat har liteke. Aldeen Konferentziak, azken batean, pilaketa-prozesu bat dira; eta aurrerapauso txiki bakoitzak pauso handiagoak emateko oinarriak ezar ditzake. Hala ere, denborarik gabe geratzen ari gara. Klima-aldaketari buruzko azken txostenek ohartarazten dute orain arte hartutako neurriak ez direla nahikoa berotze globala 1,5 C azpitik mantentzeko (Parisko Akordioan ezarritako muga).

Isuri handienak egiten dituztenen erantzukizuna ageri-agerikoa da, eta rol benetan garrantzitsua izan behar luke borroka honetan. Are gehiago, hain interkonektatuta dagoen mundu honetan, Beijing, Washington edo New Delhin hartzen diren erabakiek eragin zuzena dute milioika pertsonen bizitzan, bereziki planetako eskualde zaurgarrienetan.

Txina, estatu batuak eta india dira emisio globalen zati handienaren erantzule; eta, beraz, horien rola ezinbestekoa da edozein konponbide klimatiko eraginkorretan.

Hori dela eta, Bakuko akordioak gogorarazten digu, ekintza klimatiko eraginkorrerako bidea zaila bada ere eta erronkaz beteta badago ere, ezin dugula atsedenik hartu. Akordioak, bere kabuz, ez du klima-krisialdia konponduko, baina seinale bat izan daiteke gogorarazteko tentsio globaleko garaietan ere kooperazioa posible dela. Orain kontua da ikustea ea kooperazio hori nahikoa izango den gizakiok aurrean daukagun erronka existentzialari aurre egiteko.

Partekatu albiste hau