5.0 industriaren kontzeptua Europan sortu zen 2021. urtearen inguruan, 4.0 industriaren fasea karakterizatu zuten teknologia aurreratuen inpaktua berrorekatzeko beharrak bultzatuta. Egun, “Industry 4.0 to Industry 5.0 Explorations in the Transition from a Techno-economic to a Socio-technical Future” liburu argitaratu berriak industrian izandako aldaketei eta horien etorkizuneko inplikazioei buruzko diziplina anitzeko ikuspegi xehatua aurkezten du.
4.0 industria digitalizazioan eta automatizazioan zentratu da batez ere, baina Gauzen Internetaren (IoT), adimen artifizialaren (AA) eta sistema ziberfisikoen bezalako teknologien inplementazioarekin, 5.0 industria industrian ikuspegi humanoagoa eta jasangarriago bat izateko eskari gorakorraren erantzun gisa sortu da. Fase berriak are gehiago integratu nahi ditu langileak teknologiarekin, efizientziaren, gizartearen ongizatearen eta ingurumenaren babesaren arteko oreka sustatuta.
5.0 Industriak efizientziaren, gizartearen ongizatearen eta ingurumenaren babesaren arteko oreka sustatzen du.
Egun, Europan, 5.0 industria lehentasun estrategiko gisa kokatzen ari da datozen urteetarako, ardatz gisa jasangarritasuna eta erresilientzia industriala hartuz. Horren aldean, Estatu Batuak eta Txina ere hasi dira ikuspegi horiek arakatzen, baina inplementazio-maila ez da berdina. Europa ongizatean eta jasangarritasunean ardazten den bitartean, Estatu Batuetan interes handiagoa dute eraldaketa teknologikoan, angelu ekonomikoago batetik begiratuta; eta Txina azpiegituren garapena eta adimen artifiziala lehenesten ari da eskala masiboan.
5.0 industria ez da soilik 4.0 industriaren jarraipena; fase berriak digitalizazio aurreratuan hautemandako mugei ere erantzuten die. 4.0 industriaren garaian jasangarritasuna garrantzitsua izan bada ere, 5.0 industrian protagonismo nagusia hartu du alor horrek, teknologiaren humanizazioarekin eta sistema industrialen erresilientziarekin batera. Batez ere produktibitatea eta automatizazioa areagotzean zentratu ordez, 5.0 industriaren bidez bermatu nahi da AAren bezalako teknologia sortuberrien erabilera pertsonentzako eta, oro har, gizartearentzako onuragarria dela.
Paradigma berri horretan, ezinbestekoak diren hiru oinarri nabarmentzen dira:
- gizakian zentratuta, pertsonak prozesu industrialen erdigunean jartzen baititu;
- jasangarritasuna, industrializazioaren ingurumenarekiko inpaktu negatiboak arindu nahi baititu;
- erresilientzia, industriak aldaketa disruptiboetara eta krisialdi globaletara egokitu daitezkeela bermatu nahi baitu (COVID-19aren pandemiak agerian jarri zuen moduan).
AAri dagokionez, 5.0 industriak ikuspegi globalagoa du. 4.0 industriak automatizazioa AAn eta robotetan oinarritutako sistemen bidez sustatu badu ere, 5.0 industrian AAren xedea da langileekin modu orekatuagoan kolaboratzea. AA sortzailea bezalako teknologiek orain arte gizakiok soilik menperatutako alorrak eraldatzen ari dira, hala nola sormena, diseinua eta erabaki-hartzea. Aldaketa hori, produktibitate industrialari eragiteaz gain, lanaren kontzeptua birdefinitzen ari da lanbide askotan.
5.0 industriaren beste alderdi nabarmenenetako bat da etika eta pribatutasuna zaindu nahi dituela. Aro digitalean, AAren hedapenak kezkak piztu ditu datu pertsonalen segurtasunari, autonomia indibidualari eta algoritmoetan oinarritutako erabakietako alborapenari buruz. Hori dela eta, agente arautzaileek eta enpresek lankidetzan jardun behar lukete teknologia horien erabilerak pertsonen eskubideak errespeta ditzan eta jardunbide gehiegizkoak edo baztertzaileak saihets ditzan.
Lanaren etorkizunean ere erronka berriak egongo dira. Makinek automatizagarriak diren lan gehiago egiten dituzten neurrian, gaitasun bigunak, hala nola sormena, enpatia eta kudeaketa emozionala, gero eta garrantzitsuagoak dira. Gizakion eta makinen arteko lankidetza gizakion gaitasunak indartzeko aukera gisa ikus daiteke. Eta horrek atea irekitzen die prestakuntza eta gaitasunen garapen-eredu ezberdinei, zeinen bidez langileak hobeto egokitu ahal izango diren etengabe aldatzen ari den lan-ingurunera.
Lanaren etorkizuneko erronketan pertsonen eta makinen arteko lankidetza sustatzen duten gaitasun bigun berriak beharko ditugu, ingurunea gero eta automatizatuagoa izango baita.
Etengabeko berrikuntza ere beste ezaugarri gakoetako bat da, eta haren eskutik, ekonomia zirkularrak (baliabideak berrerabili eta birziklatzea) gero eta indar handiagoa hartzen du; izan ere, erakundeak modu jasangarriagoan eta lehiakorragoan jarduteko moduak bilatzen ari dira etengabe.