Merkatu-segmentu batean hazkuntza indartsua espero da eta garapen teknologikoaren beharra izango du; Euskal Autonomia Erkidegoak segmentu horretan nazioartean erreferentzia bihurtzeko gaitasunak ditu.
90eko hamarkadaren erdialdean, Gamesak sektore eolikoan barneratzearen aldeko apustua egin zuen, eta bere garaian dagoeneko Iberdrola izan zuen inbertsore. Hala, euskal hornitzaile askok osagaiak fabrikatzeko edo aukera berriztagarri honekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko dibertsifikatzea hautatu zuten. Ia hiru hamarkadako ibilbide horren ostean, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoa nazioartean sektore eolikoaren erreferentziazko eskualdeetako bat da. Eremu horretan, 150 entitatek baino gehiagok dihardute, eta Euskadin 5.000 langilek eta orokorrean 36.000 langilek. Nazioarte mailan, batik bat, bi entitate eragileri esker iritsi dira kopuru horretara: Siemens Gamesa eta Iberdrola. Dena den, Euskal Autonomia Erkidegoko balio-katearen nazioartekotze-maila altuak ere laguntzen du, planeta guztian zehar baititu fabrikak eta delegazioak. Oso industria-eremu gutxitan du Euskal Autonomia Erkidegoak nazioartean hainbesteko garrantzia. Horren adibide dugu WindEurope, sektoreko ekitaldi nagusia, berriki (2019. eta 2022. urteetan) Bilbon egin izana.
Dena den, guztiak ez dira albiste onak. Euskal sektorearen garapen sendoak Espainian merkatuak izandako hazkunde garrantzitsuari erantzun zion. Gaur egun, 28 GW-ekin, oraindik ere Europako bigarren herrialdea izaten jarraitzen du haizearen indarretik abiatuta elektrizitatea ekoizten, Alemaniaren atzetik baino ez. Kopurua, nagusiki, energia eolikoaren lurreko aukeran oinarritzen da, hain zuzen, segmentu helduago eta garapen-tarte gutxiagokoan. Itsas bertsioak konplexutasun teknologiko handiagoa du, eta balio erantsi handiagoa duten produktuak eta zerbitzuak eskatzen ditu; beraz, euskal enpresetarako merkatu urrunagoa izan da. Itsas bertsioak konplexutasun teknologiko handiagoa du, eta balio erantsi handiagoa duten produktuak eta zerbitzuak eskatzen ditu; beraz, euskal enpresetarako merkatu urrunagoa izan da. Orain arte, offshore aerosorgailuak sakonera gutxiko (gehienez, 50 metro) itsas eremuetan kokatzen dira, beraz, Europan plataforma kontinentala duten herrialdeek (Erresuma Batua, Alemania, Danimarka, Holanda eta, Belgika, nagusiki) itsas parke eolikoak eta, aldi berean, beren industria eolikoa garatu ahal izan dituzte.
Eta testuinguru horretan sortzen da, alegia, aukera flotatzailea. Herrialde gutxik dute gaur egun sakonera urriko kostaldea, eta plataforma flotatzaileetara jo beharko dute itsas zoru sakonetan aerosorgailuak kokatzeko. 90eko hamarkadan gertatutakoaren antzera, Euskadik baditu beharrezko industria- eta teknologia-gaitasunak, bai eta euskal enpresetarako eragile izango den merkatu hurbila ere.
Aukera garrantzitsua, balio erantsi handikoa eta merkatu hurbila duena
GWECren (Global Wind Energy Council) ustez, mundu-mailan 16 GW energia eoliko flotatzaile inguru instalatuko dira 2030.urtea baino lehen. Kopuru horrek funtsezko bi mezu ematen ditu: Zoruan finkatutako itsas energia eolikoak garapenaren lehenengo urteetan (2009-2017) izan zuen hazkundearen antzekoa eta berehalakotasun kritikoa. Itsas parke baten heltze-aldia 6-8 urtekoa denez, instalazioak hasierako faseetan daude; beraz, enpresek lekua hartzen hasi behar dute, sektore honetan zeregin garrantzitsua izan nahi badute.
Lekua aurkitzeko premia horrek berebiziko garrantzia du konplexutasun teknologiko handiko merkatua (bai plataforman bertan, bai fabrikazio-, instalazio-, eragiketa- eta mantentze-prozesuei dagokienez) dela kontuan hartuta. Ezinbestekoa da teknologia berria garatzea, aldi berean balio erantsi handiagoa eta kostuaz bestelako alderdiengatik bereizteko aukera ematen duen elementua baita; eta horixe da, hain zuzen ere, euskal sektorearen ezaugarri bereizgarrietako bat.
Azkenik, beste faktore positibo bat eta, bereziki, garrantzitsua da oraingoan badagoela euskal ehunaren eragile izan daitekeen merkatu hurbila. Espainiak “Itsas Energia Eolikoa eta Itsasoko Energiak garatzeko Ibilbide-Orrian” 2030erako 1 eta 3 GW bitarteko helburua finkatu du, beraz, euskal enpresek errazago garatuko dituzte erreferentziak eta hartuko dute esperientzia nazioarteko beste merkatu batzuetara berme osoz iristeko.
Floating Wind Basque Country
Merkatu-aukera egoteari garrantzi bereko beste faktore bat gehitzen zaio. Euskal Autonomia Erkidegoak duela urte batzuk energia eoliko flotatzailearen aldeko apustua egin duenez, oinarriak ditu euskal entitateek abiapuntuan kokapen bereizgarria izan dezaten. Elementu horien baterako nazioarteko irudia Energiaren Klusterrak koordinatzen duen Floating Wind Basque Country markapean biltzen da eta zenbait puntutan laburbil daiteke.
Lehenenik, plataforma flotatzaileen 40-50 garapen dauden testuinguru globalean, aukera berri honen teknologia nagusian Euskal Autonomia Erkidegoak bost enpresa ditu beren teknologia propioarekin: Saitec Offshore, Nautilus Floating Solutions, Hive Wind, Isati eta Esteyco. Kasu enblematiko batzuk daude, besteak beste, Saitec Offshore konpainiarena; Alemaniako utility nagusiaren (RWE) laguntzaz, Estatuko lehenengo enpresa izango da aerosorgailu flotatzailea sare elektrikora konektatzen. 2 MW-ko prototipoari DemoSATH deitu zaio, eta duela gutxi amaitu dute Bilboko portuan. Eta, hain zuzen ere, Armintzan dagoen BiMEP itsas zabaleko saiakuntza zentroan egingo du. Hori ere instalazio berezia da Europan.
Bost ingeniaritza horien lidergo teknologikoa bi enpresa eragileen apustu estrategikoarekin batera doa. Iberdrola egun munduan itsas energia eolikoaren sustatzaile nagusienetariko bat da, eta gaur egun aukera flotatzailera bideratutako proiektuen zorro adierazgarria du esku artean. Jo dezagun adibide modura Eskoziako azken lehiaketara. 7 GW-rako (guztira, 25 GW) baimena eman da, eta 5 GW berariaz energia eoliko flotatzailekoak dira. Bestalde, Siemens Gamesaren offshore aerosorgailuen merkatu-kuota nagusia (Europan % 70 inguru) turbinak fabrikatzea izan arren, orain arteko zenbait froga-proiektu nagusitan parte hartzen ari da, hala nola Hywind Scotland-en (Eskozia), Hywind Tampen-en (Norvegia) edo Provence Grand Large-n (Frantzia).
Apustu hau ez dute multinazional handiek bakarrik egiten. Zientzia eta Teknologiako Euskal Sareko 30 euskal enpresak eta eragilek baino gehiagok berariazko esperientzia edo gaitasunak dituzte flotatzailearen arloan. Izan ere, munduko froga-proiektuetako edo merkaturatze aurreko plataforma flotatzaile ia guztiek gutxienez euskal ingeniaritza baten osagai bat edo haien partaidetza dute. Euskal Forging, Haizea Wind, Navacel, Nervion Industries, Sener, Vicinay eta antzeko enpresak eragile aktiboak izan dira orain arteko proiektu askotan.
Azpimarratzekoa da presentzia global hau ezinezkoa izango zela baldin eta euskal sektoreak ikerketaren eta garapen teknologikoaren aldeko apustu irmoa egin ez balu. Adibide ona dira gaur egungo bi ekimen handiak, Eusko Jaurlaritzak Hazitek programan finantzatutakoak. WIND2GRID proiektua: IDOM ingeniaritza da proiektu horren buru, eta azpi-estazio flotatzailearen kontzeptu berria garatzeko batera lanean ari diren 10 enpresa batzen ditu partzuergo batean. Bestetik, FLOAT&M ekimena: Saitec Offshore konpainiak koordinatzen du, eta beste 15 euskal enpresak hartzen dute parte. Helburua da plataforma flotatzaileak egin eta mantentzeko konponbide integrala garatzea. Lagungarri ditu hainbat berezko garapen, hala nola itsas eragiketetan laguntzeko droneak erabiltzea, edo kable dinamikoetarako eta ainguratzeetarako interkonektore azkarrak diseinatzea, espero diren zenbait emaitza aipatzearren.
Itsas Energia Eolikoaren I. Biltzarra
Itsas Energia Eolikoaren lehenengo Biltzarra Euskal Autonomia Erkidegoan egiteak ere bermatzen du Euskadik duen merkatu-aukera eta kokapen bereizgarriaren errealitatea. Enpresa Elkarte Eolikoak antolatuko du hurrengo azaroaren 22an eta 23an, Bilbon. Neurri handi batean, euskal industriak Euskadirentzat etorkizuneko aukera estrategikoaren bere apustua baiesteko abiapuntua da.
Energia eoliko flotatzailearen instalazio berriak mundu mailan
DemoSATH plataforma Bilboko portuan
Energia eoliko flotatzailearen nazioarteko proiektuetan euskal enpresen partaidetza