Europak dituen erronken garrantzia eztabaidaezina da, eta erronka horiek subiranotasun teknologikoaren eztabaidaren jatorrian daude. Hala ere, horrek ez gintuzke eraman behar elite politikoaren neurrigabeko boterearen anbizioa elikatzen duten ondorioetara, edo dena planifikatu eta kontrolatu nahi izateko joerara.
Bestalde, ezin da aurreikusi gizarteak nola onartuko dituen ondorio horiek; izan ere, pandemia osteko une honetan gobernuekiko konfiantza asko murriztu da eta beren irizpideak zalantzan jartzen dira (ongizate komuna, emaitza zientifikoak…). Irizpide horietan oinarritu ziren herritarren askatasunak moztu zituzten eta bizi-baliabideak hautsi zituzten zenbait erabaki hartzeko, eta, horien ondorioz, pobretzea azkartu zen. Eta erabakiok sortutako inflazioaren eragina ikusteke dago.
Beharrezkoa da subiranotasun teknologikoari eta beste gai batzuei (hala nola klima‑aldaketa) askatasun pertsonalak erdigunean jarrita eta desberdinkeria handiagoa sustatzen ez duten ongizate-baldintzak mantenduta heltzea. Banakakoaren ikuspuntutik teknologiak kontrako bi aurpegi dauzka. Alde batetik, norbanakoa ahalduntzen du, eta gauza gehiago egiteko aukera ematen dio, ahalegin txikiagoa eginda. Hau da, zentzu askotan, bere bizitza kudeatzeko estatuekiko mendekotasuna murrizten du. Bestalde, gizarte-kontrolerako eta planifikazio zentralizaturako estatuen ahalmena handitzen du, eta norbanakoak izan ahalko lukeen askatasun handiagoko eragina indargabetzen du. Gertatzen ari diren gizarte‑aldaketa handien aurrean, arriskua dago estatuek defendatzeko tentazioa izateko, botere-egiturak mantentzeko asmoarekin, eta, xede horrez, askatasunak kontrolatu eta zerga-bilketa handitu ahal dituzte.
Horren guztiaren paradigma Txina da. Bertan, gizarte-kontrola oso maila altuetara heldu da, baina, bestalde, herrialdearen arrakasta- eta nagusitasun-irudia eman nahi dute, eta oso errespetu txikia dute “haiena ez denarekiko”. Beste blokeen (AEB eta Europa) defentsa legitimoa ez litzateke oinarritu behar Txinaren printzipio eta baloreetan, baizik eta pertsonaren askatasunean oinarritutako berezko balioen defentsan.
Subiranotasun teknologikoari eta herrialdeek egindako apustu teknologikoei buruzko hausnarketa egitean, aintzat hartu beharko genituzke Peter Thielen eta Elon Musken hausnarketak. Lehenengoak duela gutxi esan zuen adimen artifiziala teknologia komunista dela, eta bitcoina, berriz, kapitalista dela. Lehenengoak elite sozial baten nagusitasuna ahalbidetzen du eta super-organismo baten planifikazio zentralizatua askoz eraginkorragoa bihurtzen du. Bigarrenak deszentralizazio osoa eta bitartekarien eta gobernuen independentzia ahalbidetzen ditu. Bestalde, Elon Muskek esan zuen adimen artifiziala dela gizakiaren mehatxurik handiena eta bere mendekotasun-potentzialak ez duela mugarik epe luzean. Hortik aurrera, herrialde askok adimen artifizialeko potentzia bihurtzeko interesari buruzko ikuspuntua desberdina bilakatu daiteke, bitcoina kritikatzen eta mugatzen den bitartean.
Horrez gain, geure buruari galdetu beharko diogu ea gobernuak gehiago oinarritzen ari diren boterearekin lotutako teknologietan (adimen artifiziala, energia, robotika…), gizarteari balio gehien eman diezaioketen erronketan baino (hala nola osasuna eta zahartzea atzeratzearekin zerikusia duen guztia).
Subiranotasuna bilatzen den beste esparru bat honako hau da: erdieroaleak. Horiek dira datuen kudeaketa masiborako oinarria, eta, noski, adimen artifiziala garatzeko oinarria.
Honako hau gertatzen da: diseinuko teknologia, funtsean, Amerikan egiten da, produktu aurreratuenen fabrikazioko teknologia Europan (lizentzia amerikar batzuen menpe) eta mikrotxip gehienak Taiwanen eta Hego Korean produzitzen dira. Alor horretan inork ez du subiranotasun teknologikoa, merkatua eta teknologia oso modu eraginkorrean garatu dira, eta balio handia ekarri dute gizakientzat. Hala ere, beldurra sortu da, multzo batek besteak blokeatu ahal dituelakoan beren esku ez dagoen eremuan.
Europak lidergo berritzailean aurre egiten dituen erronka desberdinetan sakontzen dugunean, ikusten da gobernuek eta aurrekontu publikoek gero eta pisu handiagoa dutela eta hezteko modua eta gizarteak berrikuntzarekiko eta etorkizuneko erronkekiko dauzkan baloreak eta jarrera ahulak direla. Ez da STEM titulatuen kopuruarekin lotutako arazoa soilik (Einstein edo Elon Musk bat besterik ez da behar mundua ikusteko modua aldatzeko), mentalitate arazoa da.
Subiranotasun teknologikoan sartu baino lehen, norbanakoaren subiranotasunean aurrerapen handia egin beharko genuke.
Orain Euskadiri erreparatzen badiogu, hainbat galdera bururatzen zaizkit, eta horien erantzunak eztabaidagai izan daitezke. Hona hemen nireak:
- Gizarte-unitate gisa behar bezain garrantzitsuak gara material kritikoei eta garapen teknologikoari dagokionez paper garrantzitsua izateko? Lehenengoari dagokionez, argi dago ezetz, eta bigarrenari dagokionez, oraintxe bertan ez.
- Elon Muskek arrakasta izango zukeen Euskadin? Edo Peter Thielek? Edo Steve Jobsek? Ez dut uste, gure ekosistema berritzailea zurruna delako eta interkonexio txikia duelako. Gainera, gure kulturak eta heziketak ez du arriskuak hartzea edo porrotak izatea laguntzen. Eta gure sistema ekonomikoak ezta ere.
- Elon Muski edo besteren bati gustatuko litzaioke Euskadira etortzea edo hemen bizitzea? Ziurrenik aspertuko liratekeela… baldin eta ez badira Athletic futbol‑taldearen zale (barkatu, umore-puntu bat eman nahi nion apur bat tristea izaten ari zen egoera honi).
- Gobernu eta planifikazio gehiago behar dugu, edo norbanakoaren ekimenerako eta ekimen-askatasuneko ahalmen handiagoa? Zalantza barik, bigarrena.
- Gizarte gisa, garapen teknologikoko inbertsio handiak egiteko behar bezain produktiboak gara? Ez, zor handiak onartu barik.
Ez dut ikuspuntu ezkorra eman nahi, iritzi pertsonala baizik; izan ere, uste dut bide okerra hartzen ari garela, baina oraindik norabidea aldatu dezakegula.