William Gibson idazle apartak eta cyber terminoaren asmatzaileak, beste ideia interesgarri batzuetaz aparte, honako hau esan zuen: “Etorkizuna hemen dago, baina ez dago modu zuzenean banatuta”. Izan ere, gero eta gehiago uste dut etorkizunak espazio tenporalarekin baino espazio geografikoarekin zerikusi handiagoa duela… Leku batzuetan data zehatz batean zientzia fikzioa dirudiena beste batzuetan eguneroko errealitatea da. Hori berez ez litzateke arazo serioa izango “lurra gero eta lauagoa” ez balitz eta konexio ekonomikoak, sozialak eta pertsonalak inoiz baino globalagoak izango ez balira. Testuinguru horretan, “etorkizuneko enpresa eta sozietateek” “oraingo, edo, are txartoago, iraganeko” beste batzuekin lehiatzen dute.
OK, etorkizuna ez dago modu paretsuan banatuta, baina, gainera (eta horrek are interesgarriagoa eta kezkagarriagoa bihurtzen du), gero eta arinagoa da teknologien aldaketa-abiadura, eta, hein handiagoan, gizarteen, enpresen eta pertsonen xurgatze-abiadura ere. Beste idazle famatu batek, Thomas Friedmanek, Thanks for Being Late liburuan fenomeno hori aztertzen du eta honako hau ondorioztatzen du: gizarteak eta norbanakoak aldaketara ohitzeko eta egokitzeko diseinatuta gauden arren, teknologiak hain azkar ari dira aurrera egiten eta aldatzen, ezen gaitasun hori gainditzen ari diren. Gutako asko ez gara gai izango aurrerapen horiek kontrolatu eta menperatzeko.
Katastrofistegia izan ala ez, egia da gero eta zailagoa dela teknologia kritikoen, sortuberrien, gaitzaileen, oinarrizkoen, estrategikoen eta beste ez dakit zenbat epitetoren bidez deskribatu ahal direnen zerrendak interpretatzea, eta are zailagoa zerrenda horiek gure enpresetan, negozioetan edo bizitzan moldatzea.
Gartnerrek aurtengo joera nagusiei eta horiek eusten dituzten teknologiei buruz egindako azterketari begiratuta, hainbat ondorio atera ditzakegu:
- Lehenengoa: mundua gero eta digitalagoa dela; digitala denak guztia inguratzen du nolabait. Teknologia digitalen garapena eta erabilera menperatzeak markatuko du punta-puntako enpresen, etorkizuneko enpresen eta etorkizuneko enpresa ez direnen edo izango ez direnen arteko aldea.
- Bigarrena: digitala denak datuak behar dituela. Datuak funtsezkoak dira etorkizunerako. Norbanakoen, makinen, inguruneen, sistemen, fabriken, enpresen, hirien… datuak. Eta datu horiek seguruak izan behar dute, biltegiratuta egon behar dute eta modu eraginkorrean eta jasangarrian prozesatu behar dira.
- Hirugarrena: datuen prozesamendua eta erabilera pertsonen bitartez kudeatu behar da, baina, gero eta gehiago, makinek (algoritmoek) ere kudeatu beharko dituzte. Erabakiak hartzeko eta portaerak “modu automatikoan” eta ia denbora errealean ondorioztatzeko gaitasunak aukera berriak sortuko ditu, eta prozesu askoren eraginkortasuna handituko du. Enpresa-, industria- eta kudeaketa-prozesuek taldean lan egiten duten langile adituak eta sistema adituak beharko dituzte.
Prest gaude joera eta teknologia horiei heltzeko? William Gibsongana itzuliko gara. Galdera hau izango litzateke: non? Ezaguna da Europa lidergo digitalaren trena ez galtzeko egiten ari den ahalegina, baina Asian (ez bakarrik Txinan) egindako inbertsioak egundokoak eta etengabekoak dira. AEBk I+G arloan Europako herrialde askoren parekoa inbertitzen duten enpresa eragile handiak ditu eta bere kultura, “early adopters” gisa era berean gozatzen eta sufritzen duten erabiltzaileen eta enpresen geruza batez osatuta dagoena, garapena azkarra izatera laguntzen du. Euskadin argi-itzalak ditugu: Alde batetik, ez dirudi erakunde publikoek digitalizazioan eta I+G+b‑n egindako apustu irmoak, seguruak eta jarraituak enpresa‑apustu erlatibo txikiagoa konpentsatzen duenik. Azterlanaren antzeko teknologia hornitzen duten enpresen kopurua eta tamaina askoz ere txikiagoak dira gure lehiakide diren herrialdeetako eta eskualdeetako enpresenak baino. Etorkizun handiko startup hasiberri batzuk ditugu, baina gutxi dira.
Etorkizunerako teknologia hornitzen duten enpresak behar dira, baina, gehien bat, eta gure kasuan, teknologia modu egokian erabiltzen duten enpresak. Gainera, guri dagokigunez, abiadura funtsezkoa da. Gure enpresetako askok badakite, eta teknologia horietako asko ezagutzen dituzte: AA, zibersegurtasuna, hiperautomatizazioa, sistema autonomoak, berezko plataformak eta data lakes direlakoak… Zenbait enpresa AA prozesu industrialetan erabiltzen hasten dira, beste batzuek gero eta mantentze-plan prediktiboagoak dituzte, edo lan horiek modu autonomoan arauemaileak dira. Bestalde, badaude milaka kilometrotara euskarria eta komandoak jasotzen dituzten makinak (horretarako, azken erabiltzaileengandik eta fabrikatzaileengandik lortutako datu errealak eta simulatuak konbinatzen dituzte), industria-metabertsoak bistaratuta plantako erabakiak hartzen dituzten langileak, kontagailu adimendunekin prezio energetikoak negoziatzen dituzten fabrikazio-zelulak (eta, horien arabera, eragiketak programatzen dituzte), edo hegaldiak blockchain edo konputazio-algoritmoen bidez (energia-kontsumoa eta baliabideen iraunkortasuna aintzat hartzen dituzte, emaitzaren zehaztasun-galeraren aurrean) ziurtatzen dituzten drone-multzoak.
Baina, hala ere, txertaketa-abiadura askoz arinagoa izan behar da gure lehiakortasuna eta nazioarteko lidergoa mantendu nahi baditugu nitxo eta sektore ugaritan. Txertatu baino lehen, probatu behar da, pilotuak egin, huts egin, ikasi, berriz ere saiatu… eta hori guztia arin, ahal den arinen, gure emaitzen kontuek eta gure ekipoek ahal duten bezain arin.
Uste dut administrazio kontseilu askok abiadurari buruzko mezu argiak bidali eta lehentasunak ezarri behar dituztela eta ditugula. Horien artean, honako hauek egon behar dira: garapen edo adopzio teknologikoko proiektu estrategikoak, arriskutsuak, etorkizunekoak… Izan ere, beste eskualde batzuetan etorkizun hori laster oraina bihurtuko da, dagoeneko ez bada… eta orainean lehiatzen ari gara! Orain eta etorkizun zirraragarriak! Zorionekoak gara aro hau bizitzeagatik!