Berrikuntzak garrantzi erabakigarria izaten jarraitzen du. Hori ondorioztatzen da munduan berrikuntzaren egoeraz egin den hamargarren azterketatik, urtero Boston Consulting Group-ek (BCG) egiten duelarik. Inkestaturiko exekutiboen %79k esan zuen berrikuntza beraien enpresaren hiru lehentasun nagusien artean dagoela. 2005ean %66k bakarrik adierazi zuen antzeko zerbait. Zientzia eta teknologia berrikuntzaren lagungarritzat baloratzen dituzte, inkestaturiko exekutiboek ezinbestekotzat jotzen dituzten lau ezaugarrien bideratzaileak:
- lastertasuna
- I+G prozesuen kudeaketa ona (oso sarri “lean”)
- plataforma teknologikoen erabilera
- alboko merkatuen esplorazio sistematikoa.
Lau ezaugarri horien garrantzia munduko 50 konpainia berritzaileenetan ere ikus daiteke:
Sailkapen horretan dauden enpresen %76 ez-teknologikotzat jotzen dira (50etik 38).
Zerrendan Estatu Batuetako (29), Europako (11) eta Asiako (10) enpresak daude. Gorabideko merkatuak ere agertzen dira: 3 erakunde Txinakoak dira eta 1 Indiakoa.
BCG-ren iritziz, berrikuntza da konpainiek hazteko erabiltzen duten estrategia posibleetako bat. Batzuentzat, gainera, apustu nagusia da. Horietako bat Gilead Sciences da, 50 berritzaileenen artean sartu dena, zuzen-zuzenean zortzigarren tokian.
Gilead-ek C hepatitisarentzat (HCV) sendabidea garatu du, eta nabarmen egin du aurrera beste gaixotasun baten tratamenduan: GIB (Giza Immunoeskasiaren Birusaren) infekzioa, alegia. Horregatik, gorago aipaturiko lau ezaugarrien adibide ona da. 30 bilioi dolarreko salmentekin urtean, konpainiak ez du bere berrikuntza-erritmoaren abiadura moteldu. Erakutsi du ez dela erosketen beldur balio handiko aukerak detektatzen dituenean. John Milligan lehendakariak zera aitortu zion BCG-ri: “Ez dut uste Gilead-ek hazkunde-agenda duenik, berrikuntza-agenda du. Denbora asko inbertitzen dugu pentsatzen nola egin sendagai hobeak biharko, eta horrela berrikuntzak hazkundera eramaten gaitu”.
Gilead-en gaitasun berritzaileak biltzen dituen lantalde kudeatzaileak bere arloan aparteko zientzia- eta teknika-esperientzia eta merkatu-premien ezaguera sakona uztartzen ditu. Gaixotasun larrietan aurrerapen handiak identifikatzeko gaitasuna da horren emaitza, eta helburu hori lortzeko asmo sendoa, aparte utzita barruan edo kanpoan dagoen zientzia-garapenaren maila. Gilead-ek zientzia-zorroztasuna kudeaketa indartsuarekin uztartzen du, baita ere arriskuak bere gain hartzeko ausardia itzulkin handiko ahalmena duten ekinbideetan. 2011n Pharmasset erosi zuen 11 bilioi dolar (Gilead-ek une hartan zuen merkatu-balioaren heren bat) ordainduta. Egitate hori erabakigarria izan zen Sovaldi eta Harvoni garatzeko, C hepatitisa sendatzeko tratamenduak, 10 gaixotatik 9rengan eragin positiboa izan dutenak eta euskal gaixoei ere ematen zaizkienak.
Aldi berean, konpainiak I+G eredu berritzaile bat sortu du, baita fabrikazio-eredu berritzailea ere, nola baitira Indiako botika generikoen ekoizleekin egin dituen akordioak, bere sendagaien irismena garabidean dauden merkatuetara hedatzeko helburuarekin.