Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta Bizkaiko Osasun Ikerketa Institutuko (Biobizkaia) ikertzaileek (Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako erakunde bazkideak biak) proba oftalmologiko batek neuroendekapen gaixotasunak diagnostikatzen lagun dezakeela iradokitzen duen azterlan bat egin dute. Zehazki, erretinaren lodieraren eta Parkinson-en gaixotasunaren arteko erlazioa aztertu dute.

Nahiz eta ikerketaren arduradunek aitortzen duten ondorioak oraindik ez dutela ahalbidetzen eremu klinikora eramatea, egiaztatu dute proba oftalmologikoak egiteko erabiltzen diren metodoetako batek (koherentzia optikoko tomografia, zeinak argi-uhinak erabiltzen dituen erretinako zelula-geruzen zeharkako ebakiduraren irudiak lortzeko) mintz horretan neuroendekapenik ba ote dagoen egiaztatzeko ere balio duela. Neuroendekapen hori narriadura kognitiboaren sintomatzat har daiteke Azterlana egiteko, erretinan barruen dagoen geruzaren lodiera neurtu zuten aldi behin, bai Parkinson-en gaixotasuna zuten pertsonengan, bai gaitza ez zuten pertsonengan.

Sei urtez egin zuten jarraipena, eta emaitzen konparazioaren arabera “gaixotasunaren hasierako faseetan erretinan hautematen da neuroendekapenik handiena. Erretinaren lodiera mehetzea eta narriadura kognitiboa ez dira aldi berean gertatzen; erretinan hasieran gertatzen diren aldaketak nabariagoak dira eta, ondoren, urteek aurrera egin ahala, ikusten da pazienteek okerrera egiten dutela klinikoki maila kognitiboan zein maila motorrean”, adierazi du UPV/EHUko Neurozientzia Saileko ikertzaile Ane Murueta Goyenak.

Azterlanaren ondorioak Erresuma Batuko ospitale batean berretsi dira, eta hautemate goiztiarra eta pazienteen bilakaeraren jarraipena hobetu ditzakete, neuroendekapen gaixotasunen bi alderdi oso konplikatuak.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago