Gizarte aurreratuetako jendearen zahartzeak lan-indarra gutxitzea ekarriko du, eta beraz produktibitatea konpentsatu beharko da lehiakortasunari eusteko. Produktibitatea hobetzeko nabarmen lagundu dezakeen teknologia gisa agertzen da robotika. “Hurrengo iraultza robotikoa izango da”, esan zuen zalantzarik gabe Jon Agirrek, EU Robotics-eko Board of Directors-eko eta Tecnaliako kideak, “Robotika eta Berrikuntza” jardunaldian; hau Donostian egin zen joan zen ekainaren 16an Innobasqueren Astearteak programaren barruan.

Sektore hau XXI. mendean hazkunderik handiena izan duen bosten artean dago. Robotika funtsezko arlo ekonomiko bat izango da eta bere garrantzia gehituz doa: 2020rako adimen artifiziala eta manipulazioa errealitateak izango dira; 30eko hamarkadan bizitza artifiziala izango da joera, eta 2040rako ciborg-ak gehitzea espero da.

2014an roboten instalazioa industrian %15 gehitu zen mundu osoan eta bi digituko hazkundeak aurreikusten dira datozen bi urteetarako. Erabilera profesionalerako zerbitzu-robotika ere hazkunde garrantzitsuak izaten ari da. 1996 eta 2008 artean 63.500 robot-ale saldu baldin baziren, 2010etik 2015era 100.000 saldu ziren, Robotikako Nazioarteko Federazioaren (IFR) datuen arabera. Baita ere Federazioak dio 2 milioi lanpostu baino gehiago sortuko direla datozen 8 urteetan, industria-robotikari esker.

 

Partekatu albiste hau