STEAM Sarearen lehen topaketa izan zen atzo Euskadiko Teknologia Parkeko Zamudio/Derioko Kanpusean. Ekitaldian, Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, aurreko ikasturtean eginiko jardueren emaitzak aztertu zituen, eta hurrengoan zer partaidetza izango den aurreratu zuen, ikastetxe, unibertsitate, enpresa, eragile zientifiko-teknologiko, elkarte profesional eta administrazioetako 50 bat ordezkariren aurrean.

Hitzorduari hasiera emateko, Alaitz Landaluzek, Innobasqueko Berrikuntza Politiken koordinatzaile nagusiak, eta Amaia Esquisabelek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikerketa zuzendariak, harrera egin zieten bertaratuei. Esquisabelek STEAM hezkuntzak autonomia erkidegoaren eta bertako enpresen etorkizunerako duen garrantzia azpimarratu zuen, ingurune globalean talentua erakartzeko lehia gero eta handiagoa den garaiotan. Ondoren, Innobasqueko eta Educontic aholkularitzako ordezkariek sarearen helburuak azaldu zituzten, aurreko ikasturtearen balantzea egin zuten eta ikastetxeetan zer jarduera mota egin daitekeen eta horiek arrakastatsuak izateko gakoak zein diren zehaztu zuten.

 Irailetik aurrera, bultzada handiagoa emango zaio STEAM hezkuntzari: ikastetxe gehiagok hartuko dute parte ekimenean (165 izatetik 207 izatera igaroko dira), programatutako jarduerak ere gehiago izango dira (44 ikasturte honetan eta 54 hurrengoan), eta eskola horiek ematen ere erakunde laguntzaile gehiago ariko dira, zazpi gehiago hain zuzen (40 guztira).

Topaketaren amaieran, Iberdrolak, ITP Aerok eta Deustoko Unibertsitateak aurreko edizioan martxan jarritako jardueren berri eman zuten.

Partekatu albiste hau