Comunicación y Pedagogía aldizkariak duela gutxi monografikoa egin zuen robotikaz eta programazioaz hezkuntzan, eta bertan agertu zen Reflexiones acerca del uso educativo de la robótica y programación artikulua, eta hausnarketarako gonbidapena zen: robotikak eta programazioak hezkuntzan duten eginkizunaz eta ikastetxeetan berrikuntza eta esperientzia berriak bultzatuko dituen testuingurua sortu beharraz, erakundeek sustaturiko ekinbideak ikasgelan bertan sorturiko ekinbideekin uztartuta. Koldo Olaskoagak, IKTen irakasleak eta EASO Politeknikoa LHII-ko koordinatzaileak, izenpetzen du artikulu hori, eta hemen argitaratzen dugu bertsio laburtuan eta euskaraz. 

“Gailu eta osagai elektronikoak arrazoizko prezioetan merkatura iristeak aukera ireki du eskolan zenbait tresna sortzeko, lehen ingurune profesionaletan bakarrik egin zitezkeenak. Honela, robotikak gune berri egokien sorrera bultzatu du sormena eta kultura berritzailea sustatzeko.

Hala ere, robotika eta programazioa hezkuntzan erabiltzea planteatzen dugunean, lortu beharreko hezkuntza-helburuak eta gaitasunak hartu behar ditugu abiapuntutzat. Aurretiazko hausnarketarik gabe, curriculumean testuingururik gabeko jarduera bihur daiteke, hezkuntza-helburuak lortzeko aukerarik gabe. Horregatik, hezkuntza-robotika tresna bat da, gainerako teknologiekin gertatzen den bezalaxe, hezigarri bihurtzen dena ikaskuntza-helburuak lortzen laguntzen baldin badu.

 Hezkuntza-robotikaren erabilerak

Robotika eta programazioa garbi bereizitako lau helburu nagusirekin erabil daitezke ikasgelan:

 1. Zeharkako gaitasunak lortzeko tresna:

Robotak muntatu eta programatzea eskatzen duten erronkei aurre egiteak zenbait gaitasun jokoan jartzea eskatzen du, gaitasun tekniko hutsetatik haratago doazenak. Arazoak konpontzea, talde-lana edo pentsatzen ikastea bezalako trebetasunak dira.

2. Gaitasun digitalak lortzea

DigComp herritarren gaitasun digitalen Europako esparruan deskribatzen diren 21 gaitasunetako bat da programazioa. “Arazo jakin bat konpontzeko edo zeregin jakin bat betetzeko sistema informatiko batek uler ditzakeen instrukzioen sekuentzia planifikatu eta garatze” gisa definitzen du. Bai robotak eta bai telefono mugikorrak oso tresna egokiak dira horren garapenerako, eta sormena eta arazoen konponketa oso presente daude gune horretan.

3. STEM gaitasunak lortzeko tresna

Robotikak, programazioak eta datuak lortzeko sistemak lana errazten dute STEM arloetako erronketan oinarrituta. Kasu askotan gure inguruko arazo errealei erantzuten dieten erronkak dira.

4. Garapen profesionala nahitaezko hezkuntzaren ondorengo etapetan

Batxilergoan eta lanbide-heziketan robotika eta programazioa zeharkako helburuekin erabil daitezke edo STEM gaitasunak lortzeko. Baina etapa hauetan garapen profesionalerako ikaskuntza-helburu espezifikoak agertzen hasten dira.

Ikastetxeak ikaskuntza digitalaren aurrean

Aurreko horrek guztiak aurretiazko hausnarketa bat eskatzen du irakasle taldeen eta hezkuntza-zentroen aldetik, zeren eta ingurunean dituzten aldaketen aurrean aukera bakarra garai berriotara eta ikasteko paradigma berrietara egokitzea baita. Aldaketa hauek, motibatuen dauden irakasleen bultzadaz gain, hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea eta inplikazioa eskatzen dituzte, lidergo indartsuarekin batera. Horri gehitu behar zaio prestakuntza-premia eta gai diren pertsonak edukitzea, bai digitalki eta bai ikasteko metodologia aktiboen arloan.

 Europako Batzordetik gaitasun digitalari loturiko zenbait erreferentzia-esparru garatzeko ari dira lanean. Adibidez, DigComp aherritarraren gaitasun digitalak ezartzen dituena, edo DigCompOrg antolaketazko erreferentzia-esparrua ezartzen duena ikastetxeetarako ikaskuntza digitalaren aroan. 2016an sistemaren hirugarren hanka garatuko da: DigCompTeach irakasleentzat. Esparru hauek tresna onak izan daitezke ikastetxeen hausnarketarako eta aldaketara egokitzeko.”

Partekatu albiste hau