Bilboko Iberdrola Dorrean, datorren apirilaren 9an, topaketa bat izango da Rei Jaume I.a Sarien inguruan; sari hauek Azterketa Aurreratuen Valentziar Fundazioak sortuak dira Valentziako Generalitat-aren laguntzaz, ekintzailetza, zientzia eta teknologiari esker bideak ireki dituztenen ibilbideak aitortu eta saritzeko. 

Jardunaldian enpresa-ehunaren eta zientzia eta teknologia-sistemaren arteko lankidetza-erronkak jorratuko dira, eta mahai-inguru bat izango da gai honetaz: “Zientzia eta enpresa lankidetza. Etorkizuneko aukerak”, Leire Bilbaok, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, moderatuta. Berarekin batera izango dira Iratxe Zuluaga, Ariadna Instruments-eko zuzendaria; Javier Ormazabal, Velatiako eta Euskal Enpresarien Zirkuluko lehendakaria, eta Luis Liz Marzán, CIC BiomaGuneko zuzendaria eta Rei Jaume I.a Saria jasotakoa Oinarrizko Ikerketan 2016an. Halaber, lagun izango dute Iñigo Losada ingeniaritzako katedraduna, Rei Jaume I.a Saria jasotakoa Ingurumenean 2018an. Elkarrizketa egingo dute enpresaren eta zientzia- eta teknologia-sistemaren arteko lankidetzan sortzen diren arazoez eta izan ditzaketen konponbideez, beren esperientzia pertsonalaren ikuspegitik. 

Topaketari hasiera emango diote Vicente Boludak, Azterketa Aurreratuen Valentziar Fundazioko lehendakari eta Rei Jaume I.a Sarien Fundazioko lehendakariordeak, eta Fernando Garcíak, Iberdrola Fundazioko lehendakariak. Jarraian, Javier Quesadak, Rei Jaume I.a Sarien lehendakari betearazleak, sari hauen ibilbidea berrikusiko du; urtero ematen dira eta urrezko domina eta 100.000 euro izaten dituzte. Jardunaldiaren antolatzaileak Valentziako Enpresaburuen Elkartea, Rei Jaume I.a Sarien Fundazioa, Euskal Enpresaburuen Zirkulua eta Iberdrola dira.

Sariak zortzi kategoriatan ematen dira: Oinarrizko Ikerketa, Ekonomia, Ikerketa Medikoa, Ingurumenaren Babesa, Teknologia Berriak eta Ekintzailetza, Hirigintza eta Gizarte Konpromisoa. 31 urte hauetan, zenbait Nobel Saridunek osaturiko epaimahaiak 146 pertsona ospetsu saritu ditu, batzuk maila handikoak, adibidez, Rafael Moneo, Margarita Salas, Ramón Tamames edo Susana Marcos. 

Bertaratzeko, aurrez izena eman behar da esteka honen bidez.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago