Fabrikazio aurreratua da euskal Espezializazio Estrategia Adimendunean (RIS3) identifikaturiko hiru lehentasun estrategikoetako bat, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Euskadi 2020 Planak jasotzen duena. Eremu honetan dagoen euskal estrategiak, “Basque Industry 4. 0” gisa ezagutzen denak, bere helburuetako bat du euskal industria-ekosistema garatzea, berritzaileagoa eta lehiakorragoa izan dadin.

Basque Industry 4.0 hedatzeko, Eusko Jaurlaritzak lankidetza-gune publiko-pribatu bat sortu du, “pilotatze taldea” deitua, non parte hartzen duten enpresa, zientzia eta teknologia, eta erakunde arloetako eragileek eta eragile partikularrek, guztiak ere fabrikazio aurreratuari lotuak.

Anton Pradera, CIE Automotive multinazionaleko lehendakaria eta euskal industria-sektorean erreferentzia bat, da talde honen burua ere.

Zein da benetan Industria 4.0-k suposatzen duen iraultzaren eskala?

Uste dut mugimendu disruptibo bat dela, egokitzeko epea duena. 10 urte barru ohartuko gara industriak zerikusi gutxi izango duela gaur egungoarekin. Aldaketa disruptiboa da, bai, baina astia dugu. Antzeko zerbait gertatu zen etengabeko hobekuntzaren mugimenduari buruzko prozesuekin; gaur egun lan egiteko modu bat da, eta hori erabiltzen ez duena ez dago munduan. Ekoizpenean, produktuetan eta zerbitzuetan, disruptibitate hau are handiagoa da. Industriak egundoko ahalmena du produktibitatea areagotzeko eta produktu hobeak egiteko. Gai izan behar da horrek guztiorrek suposatzen duen abagune edo aukera ikusteko.

Zein dira 4.0 eraldaketa honen aurrean euskal industriak dituen erronka nagusiak?

Praktikoa izanda, euskal industria 4.0-rentzat garrantzi handiko lau aldaketa izango ditugula uste dut:

  1. Kalitatea. Datuen eta horien kudeaketaren kontrolak kalitatea hobetzen lagunduko digu, eta datozen urteotan askoz handiagoa izango da, informazioa eta kalitatea eskutik baitoaz. Informazio gehiago eta kalitate handiagoa izango ditugu.
  2. Malgutasuna. Ez lan-indarrari buruz baizik eta ekoizpen-indarrari buruz ulertuta. 4.0-k askoz gaitasun handiagoa eskaintzen du serie txikiak ekoizteko, eta horrek produktuen pertsonalizazioa ahalbidetzen du, informazio-elementuei esker, baita ekoizpen-moduei esker ere: 3D, nanoteknologia eta material berriak. Garrantzitsua da serie handitan munduko espezialistak izatetik txikietan, balio erantsi handiko sektoreetan ─adibidez, osasunean─, espezialistak izatera igarotzea.
  3. Adimena. Gehitu egingo da gure prozesuen adimen-maila, ezagutza handiagoa aplikatuz diseinatzera igaroko gara eta.
  4. Nazioartekotzea. 4.0 oso elementu garrantzitsua izango da alderdi honetan, bertoko fabrika bateko industria-makinatik lorturiko prozesuen ezagutza guztia ikaragarri baliotsua baita hemendik milaka kilometrora beste herrialde batean dagoenarentzat. Une honetan inork ez du kontrolatzen era bateratuan prozesu-prozedura bere faktoria guztietan. Eta hain zuzen ere, horixe da 4.0. Euskal ETE asko daude Txinan edo Indian fabrikak dituztenak, eta horientzat funtsezkoa da ezagutzaren lekualdatze hori ekintzan jartzeko.

Nola sartzen da mugimendu hau ETEetan?

Basque Industry 4.0 pilotatze-taldeak oso ondo lantzen duen gaietako bat hau da, ETE uhin honetan sartzeko esparrua sortzearena.

Alde batetik, instalazio teknologikoak eta herrialdearen ezagutzari buruzkoak sarean erabilgarri eta bere esanetara egoteak (laborategiak, etab.) esan nahi du ETEak dagoeneko 4.0-n dauden pertsonekin lan egin ahal izango duela, eta 4.0 lan egiteko moduetan murgilduko dela sare hori erabiltze hutsagatik. Honela, I+G areagotuko da eta industrian eskala-faktorea ahalbidetuko da. Hau euskal espezializazio-estrategia adimendunean (RIS3) aurreikusirik dagoen zerbait da.

Bestalde, plataforma teknologikoak sortuz joango dira, ETEek erabili ahal izateko. Kontua ez da katedral handiak egitea, baizik eta baseliza txikiak egitea da asmoa beraiekin lan egiteko eta ikaragarri eraginkorrak izateko. 4.0-n ez gara ari proiektu handiak egiteaz, bizitasun teknologikoaz baizik, hau da, lehendik dauden tresna teknologikoak beren artean konektatzeaz. Mundu digitala bazen duela 25 edo 30 urte ere, erronka integratzea da orain. Transbertsalitate hori lortzen dugunean sartzen da 4.0.

Industria 4.0-k aukerak zabaltzen ditu gaur egungo eta biharko langileentzat. Zein dira egoera berri honek eragingo dituen prestakuntza-premiak?

Baikorra izatea gustatzen zait. 4.0-k egingo du guztiok lana izatea soldaten kostu handiko herrialdeetan, eta lan-kostu apaleko faktoriekiko mendekotasuna jaitsi egingo da. Prestakuntza-maila egokia duten herrialdeetako, adibidez Euskadiko, langileak ez du deslokalizaziorik pairatuko. 4.0 da deslokalizazioaren aurka babesteko armarik handiena.

Honek heziketa eskatzen du lanean ari denarentzat. Enpresa-prestakuntzako planek kontuan izan behar dute hori, eta horrela ari da gertatzen, enpresa-abiadurak berak horretara behartzen gaitu eta.

Gazteagoak direnen prestakuntzari dagokionez, azpimarratu nahi dut euskal Lanbide Heziketa oso lotua dagoela proiektu hauei, eta beraz poz handiak emango dizkigula. LH da Euskadiren aktibo handietako bat.

Horren haritik, unibertsitatearen sentiberatasuna ere gehitzen ari da. Badira arlo batzuk, adibidez matematika-zientziei buruzkoa, ezinbestean garatu beharrekoak datozen urteotan.

Baina ziur asko, epe luzera, oinarrizko irakaskuntza-mailetan egin beharko genituzke aldaketarik sakonenak. Badira munduan jarraibideak, Singapurreko kasua adibidez, gure mundu berrirako abiapuntu izan daitezkeenak. Aurreikus daiteke batuketak edo biderketak egitearen pareko zerbait izango dela programatzea. Horretaz ari gara. Neska-mutikoak jolas bidez hasiko dira programatzen, dibertituz, beraien buru edo gogamena programaziorantz lerratu eta garatzen. Beste hizkuntza bat ikastea bezala da.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago