Irungo Ficoba erakustazokak POCTEFA 2021-2027 Programako mugaz gaindiko topaketen jardunaldi bat hartuko du irailaren 26an. Mugaz bi aldeetako erakunde publiko eta pribatuen artean ideia trukea bideratzea da jardunaldiaren asmoa, etorkizunean bazkide bihur daitezen.
Pirinio Atlantikoetako, Akitania Berriko, Euskadiko, Errioxako eta Nafarroako eragileen artean sinergiak sortzeko aukera ezin hobea da hitzordua, POCTEFA (Espainia-Frantzia-Andorra Mugaz gaindiko Lankidetza Programa) funtsen deialdi berriari begira. 2025eko urtarrilaren 15ean jarriko da martxan deialdia, 81 milioi euroko finantzaketa-aurrekontuarekin.
Eusko Jaurlaritzak Nafarroako Gobernuarekin eta Pirinio Atlantikoetako departamentuarekin elkarlanean antolatu du jardunaldi hori, helburu nagusi batekin: euskal enpresek mugaz gaindiko lurraldearen garapen jasangarria sustatzea xede duen programa horretan parte hartzea. Jardunaldian, hitzaldiak, aholkularitza-zerbitzuak, trukeak eta partaideentzako topaketa-eremuak izango dira.
POCTEFAri buruz
POCTEFA 1990ean jaio zen. Hasieran lankidetzako ekimen txiki bat zena denborarekin eskualde-garapenerako Europar Batasuneko finantzaketa-tresna nagusietako bat bihurtu da. Programak Pirinioetako bi aldeetako eta itsasaldeko eskualdeetako eragileek diseinatutako eta kudeatutako proiektuei laguntzak ematen dizkie, garapen hori bideratzeko. Eskualde horien artean daude Euskadi, Nafarroa eta Errioxa.
Arau orokor moduan, POCTEFAk kudeatzen duen FEDER diru-laguntzaren tasa %65ekoa da programaren jarduera-ildoekin bat datozen ekimenentzako. 2027. urteari begira, jarduera-ildo horiek zazpi lehentasunetan bilduta daude: jakintza eta berrikuntzarako gune bateratu bat sortzea; balio ekologikoak babestea eta sendotzea; enplegua eta formakuntza lortzeko sarbidea erraztea; eremu inklusibo eta sozialki bateratua sortzea; turismo jasangarria eta garapen kulturala bultzatzea; lurralde, gizarte eta ekonomia aldetik eskualdea egituratzea; eta mugaz gaindiko eskualde bateratuago baterantz bidea egitea.
Izena emateko aukera zabalik dago eta link honetan egin daiteke.