Galaxia – Etorkizuna argitzen programak profesionalak bilatzen ditu, STEM lanbideak (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) ezagutarazteko eta 14 eta 17 urte bitarteko gazteen bokazio-orientazio hobetzeko.
Ekimenak Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia du buru, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren “Bizkaia with the talent” estrategiaren esparruan kokatzen da. Programaren bidez, bigarren hezkuntzako ikasleek sarbidea izango dute autoezagutzarako tresnetara, prestakuntza espezializatura eta harreman zuzena izango dute profesionalekin. Horri esker, errazago hartuko dituzte teknologia- eta industria-arloetako etorkizun profesionalari buruzko erabaki informatuagoak eta motibatzaileagoak.
Programa Deustuko Unibertsitatearen laguntza operatiboarekin garatu da, eta euskal hezkuntza- eta teknologia-ekosistemako entitate garrantzitsuenen lankidetzarekin egin da, besteak beste: Mondragon Unibertsitatea, Hetel elkartea (Euskadiko Lanbide Heziketako 33 ikastetxe biltzen ditu), Ikaslan (LHko ikastetxe publikoen sarea) eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Berritzegune Nagusia. Entitate horiek elkarrekin lan egiten dute orientatzaileak gaitzeko, hezkuntza-baliabideak diseinatzeko eta STEM ikasle eta profesionalak konektatzeko.
Zure lanbidea STEM diziplinen esparruan kokatzen bada, aktiboki lagundu dezakezu, datozen belaunaldiak inspiratzeko. Ezagutzera eman ezazu zure ibilbidea, parte har ezazu jarduera gidatuetan eta lagundu zure ikasleengan bokazioa pizten. Egin ezazu bat GALAXIA – Etorkizuna argitzen programarekin eta izan zaitez berrikuntzaren etorkizunaren parte Euskadin!
Informazio gehiago nahi izatekotan, kontsulta ezazu proiektuaren web-orrialdea edo jar zaitez harremanetan [email protected] helbide elektronikora idatzita.