Gaur, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasque, Euskadiko Teknologia Parkea Zamudio/Derio campusean duen egoitzan, aurten Euskadiko berrikuntza sustatzeko helburu partekatuarekin bat egitea erabaki duten 15 erakunde hartu ditu.
Leire Bilbaok, Innobasqueko zuzendari nagusiak; Alaitz Landaluzek eta Gotzon Bernaolak, Enpresa Berrikuntza eta Berrikuntzako Politiken koordinatzaile nagusiek, hurrenez hurren, ongietorria egin diete Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren egoitzan egindako gosari batean.
Gaur egun, Innobasqueko bazkide guztiak 910 dira; horietatik erdiak enpresa-sektorekoak dira, eta % 90 txikiak edo mikroenpresak.
Ekitaldian, zuzendari nagusiak azpimarratu du Innobasquek Euskadi berrikuntzan Europako liderren artean kokatzeko helburu duela.Agentziaren helburu estrategikoen artean, hauek nabarmentzen dira: ETEetan berrikuntza indartzea, euskal I+Garen nazioarteko presentzia handitzea, hezkuntza zientifikoa eta teknologikoa sustatzea (batez ere gazteen artean), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren plangintza- eta kudeaketa-tresnak hobetzea, eta esperimentaziorako gune bat eskaintzea bazkideekin batera.
Era berean, bazkide diren erakundeek Innobasqueren jardueretan parte hartzeko hainbat modu aurkeztu dira, hala nola, formakuntza berrikuntzan, profil berritzaileetarako sarbidea, Kasu Praktikoen Bankua, Europako finantzaketarako laguntza, berrikuntzaren inguruko pilotuetan eta esperimentazioan parte hartzea, eta berrikuntzaren arloko ezagutza ebaluatzeko eta partekatzeko lantaldeetan parte hartzea ere.
Topaketara erakunde hauetako ordezkariak joan dira:
AFESA MEDIO AMBIENTE, S.A.
Berrogei urte inguruko esperientziarekin, AFESA erreferente bihurtu da ingurumen-ingeniaritzaren arloan. Enpresak Derion (Bizkaia) du egoitza, eta ingurumen-zerbitzuak eskaintzen ditu, hala nola industria-instalazioak eraistea, hondakinen kudeaketa aurreratua edo lurzoruen deskontaminazioa.
AGALEUS MEDIO AMBIENTE Y ENERGÍA, S.L.
Industriarako ingurumen-zerbitzuetan espezializatua, Bilboko enpresak hondakinen balorizazio eta tratamendu-zerbitzuak, garbiketak eta logistika eskaintzen ditu. Agaleusek zentro teknologikoekin, unibertsitateekin eta enpresekin kolaboratzen du ikerketa eta berrikuntza-proiektuetan. Sinergia horien bidez, industrian sortutako azpiproduktuen zirkulartasuna eta hondakinen balio-katearen digitalizazioa sustatzen ditu.
ASOCIACIÓN DE PROFESIONALES Y EMPRESARIAS DE GIPUZKOA (ASPEGI)
Gipuzkoako 650 emakume baino gehiago, enpresa eta lanbide-sektore guztietakoak, irabazi-asmorik gabeko erakunde honen parte dira. 1998tik gizonen eta emakumeen arteko aukera eta eskubide ekonomiko, sozial eta laboralen berdintasunaren alde jarduten du.
BEKA SUBVENCIONES
Bizkaiko enpresak aholkularitza eta dirulaguntza publikoen kudeaketa zerbitzuak ematen ditu isubvencion.com atariaren bidez. Besteak beste, Eraginkortasun Energetikoa, Digitalizazioa edo Industria bezalako dirulaguntzen kudeaketa integrala egiten dute, eskaeratik hasi eta justifikaziora arte.
BIK, BIKAIN INNOVATION CONSULTING
Espezialista talde nabarmen batekin, BIKek laguntza integrala eskaintzen die enpresa txiki eta ertainei eta enpresa handiei, proiektuak sortzen direnetik gauzatzen diren arte, baliabideak eta legezko tresnak optimizatuz.
BILAKATU
Berrikuntza eta ekosistemak dira Bilakaturen jardueraren bi termino nagusiak. Berrikuntza irekiaren esparruan sustapenean eta sorkuntzan 25 urte baino gehiagoko esperientzia izanik, Bilboko enpresak garrantzi handia ematen dio lankidetzaren balio estrategikoari eta balioa sortzeko dituen gaitasunei.
BRAIN AND CODE
Brain and Code-k teknologian eta merkatuko erakunde liderrekin dituen aliantzetan ditu bi balio nagusiak, ikasteko esperientzia desberdinak eskaintzeko. Bilboko enpresaren helburua da behar espezifikoetara bideratutako talentua gaitzea, bai enpresei, neurrira egindako prestakuntzaren bidez, bai prestakuntza-esperientzia egokituak dituzten profesionalei zerbitzua emanez.
CERTINALIA
Tecnalia Groupen parte den enpresa aditua da produktuen ziurtapenean, eta soluzio berritzaileak eskaintzen dizkio euskal industriari. Estatuko eta nazioarteko bezero liderrak ere baditu, besteak beste, eraikuntzan, energian, altzarietan, telekomunikazioetan, basogintzaren eta zuraren sektorean eta ingurumenean.
CESAR VINIEGRA CONSULTORÍA EMPRESARIAL
Irungo César Viniegra aholkularitzak prozesuak optimizatzeko zerbitzuak, enpresak berrantolatzeko zerbitzuak eta negozio-estrategia eskaintzen ditu, errentagarritasun- eta efizientzia-maila handiagoak ekarriko dituzten berregituraketa eraginkorrak lortzeko. Berrikuntza eta etengabeko hobekuntza beren DNAren barnekoak dira, eta modu naturalean agertzen dira lantzen duten proiektu bakoitzean.
CIBERSARE
Bizkaiko enpresa informazioaren babesaren arloan dituen soluzioen kalitateagatik nabarmentzen da, baita zibersegurtasunaren arloan teknologien erabileran eta gauzatzean dituen prozesu berritzaileengatik ere. Soluzio berritzaileak eta eskuragarriak eskaintzen dituzte, ETEen segurtasuna indartzen laguntzen dutenak.
EOH-FOR-GOOD
Bilboko konpainiak enpresa eta erakundeei laguntzen die aldaketa-prozesuak aplikatzen, lankidetzan eta helburu partekatuetan oinarritutako guztion onerako ikuspegiarekin. Eoh-for-Goodek kudeaketa-alternatiben aldeko apustua egiten du, erakundeek enpresa-errealitate berrien arabera aurrera egin ahal izan dezaten, potentzial berritzaile korporatiboa eta gizatiarra askatuz.
GOMEZ-ACEBO & POMBO ABOGADOS
Aholkularitza juridiko ospetsuak 1971az geroztik sektore askotarako hainbat praktika-arlotan aholkularitza ematen du, berrikuntza eta sofistikazio-maila handia eskatzen duten lan-metodoak aplikatuz. Europan, Estatu Batuetan, Latinoamerikan, Afrikan eta Asian duen presentziak nazioarteko erreferente garrantzitsu bihurtzen du bulego hau.
HSI TECHNOLOGIES EUSKADI
HSI-People in Cloud aholkularitza teknologikoak, Microsoften zerbitzuen Gold partnerrak eta bere ekosistemaren barruan hodeian adituak, beste erakunde batzuei laguntzen die erabiltzaileen eta prozesuen produktibitatea hobetzen eta enpresa-berrikuntzako arloak sortzen, Microsoften Cloud teknologiak erabiliz. Eraldaketa digitaleko zerbitzuak ere eskaintzen ditu, Power Platform, prestakuntza-programak eta aldaketaren kudeaketa eta ITren bidez.
LEYTON
Bilbon presentzia duen nazioarteko aholkularitza-enpresak hainbat sektoretako erakundeei laguntzen die berrikuntzarako zerga-pizgarri konplexuak eskuratzen eta tokiko zergak optimizatzen. Gainera, Leytonek konpromiso handia du ingurumenarekin, eta iraunkortasunerako eta energia-eraginkortasunerako pizgarriak ematen dituen aditu-talde bat du.
ZUNIBAL
Mundu osoko arrantza-enpresek modu jasangarriagoan eta itsas ekosistemarekiko begirunetsuagoan lan egin dezaten errazteko lidergo teknologiko eta berritzaileak Zunibalen du adierazlerik handienetako bat. Bizkaiko konpainiak 25 urte baino gehiagoko ibilbidea du eta nazioartean presentzia sendoa du.