Oso lehiakorra den ingurune batean, proposamen bikainek, onenek, bakarrik dute Horizonte 2020-n, I+G+b finantzatzeko Europako Batzordearen programa berrian, parte hartzeko aukera. Horregatik, Nazioarteko I+G+b Proiektuak Kudeatzeko III. Ikastaro Aurreratuak espezialistak prestatuko ditu ikuspegi tekniko eta ekonomikotik proiektuak egin eta kudeatzeko, nazioarteko ikuspegia eman dezaten.  Garrantzitsua da erakundearen barruan estrategia argia izatea horren alde egiteko, eta langile prestatuak izatea parte hartzeko aukerak detektatu, proposamen irabazleak idatzi eta buruturiko proiektuak kudeatzeko.

Ikastaroa, 48 ordukoa, Tecnaliak, IK4 Research Alliance-k, Spri taldeak eta Innobasquek antolatu dute, eta Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko sailaren lankidetza eta Basque Enterprise Europe Network-en (EEN) babesa ditu. Postu kopurua mugatua da eta izena emateko epea irailaren 30ean amaitu zen. Gainera, Innobasqueko bazkideek abantailak izango dituzte. 2015ean zehar kurtsoko edizio berriak antolatuko dira.

Onurak emaitza-kontuan

I+G+b finantzatzeko Europako proiektuetan parte hartzeak zuzeneko eragina izaten du parte hartzen duten erakundeen fakturazioan, langile kopuruaren hobekuntzan eta nazioarteko kokapenean. Euskal I+G+b Europan Koaderno Estrategikoan agertzen denez, I+G+b finantzatzeko Europako Batzordearen aurreko VII. Esparru Programan parte hartu zuten enpresen %42k gehitu egin ditu bere langileak, europar proiektuen emaitzen ustiapenari esker. I+G-b nazioartekotzeak jakintza edo ezagutza sortzen eta erakartzen laguntzen du; horrek enpresa-ehunaren lehiakortasuna areagotzen du eta, beraz, enplegua eta gizarte- eta ekonomia-aberastasuna sortzen laguntzen du.

Horizon(te) 2020 programaren aurrekontua 80.000 milioi eurokoa da, eta Europar Batasuneko ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerak finantzatzeko tresna nagusia da, ekonomiarentzat benetako pizgarria. Helburu gisa euskal enpresa eta eragileen parte hartzea gehitzea eta 805 milioi euro lortzea ezarri du Euskadik, hau da, VII. Esparru Programan (2007-2013) lorturiko kopurua bikoiztea, orduko emaitzak arrakastatsuak izan zirelarik. Izan ere, 301 euskal erakundek 304 proiektutan parte hartu zuten, guztira 460 milioi euroren bidez finantzatuak. Kopuru hori programa haren aurrekontu osoaren %0,92 da, eta euskal ekonomiaren pisua UE-28-ren barruan, bere BPGren arabera neurtuta, %0,5ekoa da.

Europako Batzordeak ETEen parte-hartze handia lortu nahi du, eta enpresa hauetara bideratu nahi du bere aurrekontuaren %20 gutxienez, hau da, 8.650 milioi euro. Horizon(te) 2020 programak Europak aurrean dituen gizarte-erronka handiak konpontzera biratu du ikuspegia. Lehenengo aldiz, ez da mugatzen merkatuan produktu berriak jartzera, prozesuen eta sistemen garapena ere barne hartzen ditu, eta Europako beste indar-gune batzuk ere aitortzen ditu, adibidez, diseinua, sormena eta gizarte-berrikuntzaren garrantzi handia.

Informazio hau guztia IK4 Research Alliance, Tecnalia, Mondragon Unibertsitate, European Enterprise Network eta Innobasqueko adituek zehaztuko dute, Eusko Jaurlaritzako, SPRI taldeko, foru-aldundietako eta Industria eta Teknologia Garapenerako Zentroko (CDTI) ordezkarien laguntzaz, Nazioarteko I+G+b Proiektuak Kudeatzeko III. Ikastaro Aurreratuan hartuko baitute parte; ostiraletan izango da Innobasqueren egoitzan, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago