Abuztua da berez oporren hilabetea. Errutinatik ihes egiteko, bidaiatzeko, atseden hartzeko, familiarekin egoteko, bizitzaren atseginetara (dolce far niente) makurtzeko… Baita ere badira atseden-egun hauek museo, kontzertu eta jaialdietara joateko, hizkuntzak hobetzeko, kirol kutuna egiteko edo abentura berri batean hasteko aprobetxatzen dituztenak. Estatu Batuetan oraindik harritu egiten dira Europan oporrak ordaintzeko dagoen politikaz. Bere aurkakoak baditu, baina aldekoak ere bai.

Netflix streaming bidezko telebista-konpainiak, Silicon Valley-n dagoenak, erabaki deigarria hartu zuen orain dela urte batzuk, hots, nahi beste opor-egun hartzeko aukera ematea enplegatuei, eta bakoitzak nahi duenean. Netflix-en uste dute lana malgua baldin bada (asteburuetan postari erantzutea, urrutitik lan egitea, gauez lanak eramangarriaz amaitzea, etab.), oporretako politikak ere malgua izan beharko duela, eta horregatik erabaki zuten… politikarik ez izatea! Honela, eta betiere ezarritako helburuak betetzen badira, langileek, erantzukizun handiak eta txikiak dituztenek, nahi dituzten egun libreak har ditzakete. Dena autokontrolean datza eta enpresak bere plantillan duen konfiantza osoan, eta jendeari autonomia emateak berrikuntza errazten duelako uste sendoan. Egia esateko, politika hau ezarri zenetik enpresa-emaitzak hobetu egin dira. Askatasuna eta erantzukizuna, horixe da gakoa.

Netflix ez da kasu bakarra, Forte software-konpainiak antzeko filosofiari jarraitzen dio. Emaitzetara guztiz orientatua, enpresaren kulturan berrikuntza, ahalduntzea eta lankidetza balioak sartzen dira. Irmo sinesten dute atseden-egun batzuk hartzeak “pilak berriz kargatzen dituela”; horregatik, malgutasunaren ondorioz, langileek askatasuna dute beren egutegi eta ordutegiak diseinatzeko, helburuak lortuta baldin badaude betiere. Honela produktibitatea gehitu egiten dela  ziurtatzen dute.

Sinestezina? Ezinezkoa? Sir Richard Branson, Virgin-en sortzailea, probatzen ari da berak zuzentzen dituen zenbait konpainiatan eta funtzionatzen badu, guztietara hedatzera konprometitu da publikoki.

Baina mundu guztiak ez ditu gauzak era berean ikusten. Japonian, adibidez, beharturik daude legez gutxienez bost opor-egun hartzera urtean. Horrela erabaki du Japoniako gobernuak japoniarren osasun fisiko eta mentala zaintzeko; izan ere, herrialde hartan legez 18,5 opor-egun dagozkien arren, horien erdiak baino gutxiago hartzen baitituzte. Zergatik egiten duten hori? Inkesta baten arabera, laguntasunez edo gehiegizko erantzukizunez: ez diete lankideei lan gehigarririk eman nahi edo ez dituzte beren gaiak hainbat egunez bazterturik utzi nahi.

Erabaki honek oinarri zientifikoa du: ikerketa batzuen arabera, siestak, meditazioak, naturan egindako paseoek ─artista eta kirolaririk onenek jarraitzen dituzten ohitura horiek─  erakusten dute atseden mentalek produktibitatea areagotu, arreta sendotu, oroimena hobetu eta sormena sustatzen dutela. Buruak atsedena behar du berez daukan onena emateko.

Hala ere, mundu osoan enplegatuen bi herenek bakarrik erabiltzen dituzte oporrak, Reuters/Ipsos-en azterlan baten arabera. Herrialde batzuetan ez dago kultura hori, adibidez, Estatu Batuetan.

Zeinahi arrazoirengatik ezin badira benetan oporrak hartu edo beharturik baldin bagaude eramangarriaren edo Smartphoneren mende egotera, komeni da gutxienez denboraldi txikiak libre hartu edo minibreak batzuk egitea.  Hori nola egin azaltzen du Harvard Business Review aldizkariak, bulegora indarberriturik eta ideia hobeekin itzultzeko.

Hona hemen aholku  batzuk egun libre horietan ez ibiltzeko etengabe postari begira.

Oporraldi ona izan dezazuela!

 

 

Partekatu albiste hau