Industria birtualak, Gauzen Interneta, ziberprodukzio-sistemak, 3D teknologia, makina adimendunak… Enpresak hasiak dira kontzeptu hauek barne dituzten proiektu pilotuak kaleratzen. Hala ere, gutxi dira oraindik horien ahalmen guztia ustiatzen ari direnak. Alemaniako Roland Berger aholkularitza-enpresaren “The industrie 4.0: transition quantified” txostenak azaltzen duenez, laugarren industria-iraultzak eraldatu egingo du ekonomia-paradigma eta balioa sortzeko mekanismoa, hau ez da jada masako ekoizpenari lotua egongo, baizik eta pertsonalizazioari eta ekoizpena eskari-zentroetatik hurbil kokatzeari.

4.0 Industria masako pertsonalizazioranzko aldaketa da, eskatutakora egokitzen den ekoizpen malgu eta lokalizatuan oinarritua. Prediktiboagoa eta auzozuzentzaileagoa da, saiakuntza eta errore gutxiago inplikatzen duelarik. Bere logikaren ardatza ez da produktua, erabilera baizik, eta lana antolatzeko era zurrunagotik malguagorako aldaketa eskatzen du.

Baina, nola eragingo dio enpleguari 4.0 industriak eta bere paradigma-aldaketak? Azterketak uste du etorkizuneko fabrika abagune edo aukera on bat dela gizarte-aldaketa eragiteko, hazkundea eta lanpostu berrien sorrera bultzatzeko gaitasuna baitu.

Digitalizatzeak eragingo duen enplegu-suntsiketa konpentsatuko ote du industria berriaren jarduera onuragarriak? Industria-uhin berriak enplegu berrien sorrera eragingo du, desagertuko direnak baino gehiago.

Azterketaren arabera, 2,7 milioi lan suntsituko dira Europan produktibitatearen ondorioz, eta beste horrenbeste beste eskualde batzuen aurrean lehiakortasuna galtzeagatik. 2035. urterako industria-enpresen erdia bakarrik izango da gai 4.0 industriaren ahalmena aprobetxatzeko. Gainerakoek erabilgarri dauden teknologietakoren bat erabiliko dute.

Etorkizunean sortuko diren lan berriak sorturiko balioaren ondorio izango dira, bai zerbitzuetan eta bai manufakturan. Egia esateko, sortuko diren 10 milioi lanpostu berrietatik ia 7 oraindik egon ez dauden zerbitzuek sortuko dituzte. Industria-enpleguak ere daudenak ez bezalakoak izango dira guztiz, dauden negozio-ereduen aldean oso-oso bestelakoetan oinarrituko baitira.

4.0 industria Europan industria birpentsatzeko aukera bat da. Badira kontuan izan beharreko lau gako: aktiboen lehiakortasuna gehitzea, malgutasuna, aldaketei erantzuteko trebetasuna eta ekoizpenaren eskualdekatzea. 

4.0 industria balioa sortzeko modu berrian oinarritzen da, aktibo edo produktu baten erabilera gehituz, eta horrek erabilera-kostu txikiagoa esan nahi du bezeroarentzat. Ekoizlearen kapitala ere murriztu egingo da. Ekonomia-paradigmaren aldaketa honek jarduera ekonomikoa eta enplegu alternatiboa sortuko ditu datozen urteetan.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago