Duela gutxi jakin genuen Arabako Erle Robotics robotika-enpresa Suitzako Acutronic Link Robotics AG konpainiak erosi duela, hau lider globala izanik doitasunezko mugimenduen simulaziorako konponbideetan. Víctor Mayoral Vilches, Erle Robotics-eko sortzaileetako bat eta CTO, eta Carlos Uraga Pastor, Erle Robotics-eko CEO, izango dira Acutronic Robotics-eko zuzendariak, Espainia, Suitza eta Estatu Batuetatik jardungo duelarik, Euskadi Tecnología-k jakinarazi duenez. Erle Robotics 2014an sortu zuten Víctor Mayoral Vilches eta David Mayoral Vilches anaiek Gasteizen. Víctor-ek bere ikaskuntzak partekatu nahi izan ditu lehenengoz Medium-en argitaraturiko post honetan:

“Istorio honek abentura bat kontatzen du, 24 eta 21 urteko bi anaiak nola bihurtzen duten 3000 € bakarrik zituen enpresa txiki bat milioi askoko konpainia.

Lehenengo aldiz aireratzea zaila izaten da, beti

Erle (orduan Erle Robot Proiektua deitua) 2012an hasi zen, gure aurretiko esperientziek eraginda robotikaren arloan garatzaileentzako tresnak sortu nahi zituen proiektu gisa.  Robotikako ingeniariek robot berri bat sortzen zuten bakoitzean “gurpila berrasmatu gabe” beren lana egiten laguntzeko hardware eta softwarea, hauxe izan baita benetan gertatu dena robotikan urte askoan. Argibide gehiago izateko, artikulu hau (ingelesez) irakurtzea gomendatzen dizuet.

Davidek eta biok Erle abentura hasi genuenean 3000 euro besterik ez genituen, gure aitari, Patxiri, maileguan eskatuta. Orduan, ez genuen bulegorik, beraz, etxean libre genuen gela bat erabiltzen hasi ginen. Jende gutxik zekien zertan ari ginen, eta zekitenek ez zuten interes handirik azaldu. Zalantzarik gabe, ohikoa ez zen zerbait ari ginen egiten, eta horrek azaldu zezakeen, neurri batean, beste batzuen interes falta, baina gure jarduerez haratago, ohartu ginen “huts egitea” onartezina dela Europa hegoaldean. Akatsak egiteko edo huts egiteko beldurragatik, jende asko urrundu zen gugandik hasieratik.

David eta biok beti izan gara tematiak, beraz, kontuan harturik zorioneko droneak arrakastatsuak zirela (jada orduan), arreta aire-robotetan jartzea erabaki genuen eta pixkanaka lehenengo kontzeptuak diseinatzen, prototipoak egiten, muntatzen eta probak egiten hasi ginen, geroago mundu osoan milaka robot eta drone-rentzako garun artifizial bihurtu zirelarik. Zerbait lehenengo aldiz hastea zaila da, zalantzarik gabe, eta gure kasuan ere horrela izan zen. Geure estrategia berrorientatu (startup-en jergan, pibotatu) egin behar izan genuen hainbat aldiz.

Estatistikek diotenez, oso litekeena da arrakastarik ez izatea zerbaiti ekiten diozunean, baina huts-egite bakoitza aukera edo abagune bat da. Jarrera egokia hartzeko eta eroriko bakoitza indartsuago eta hobeto jaikitzeko aukera bihurtzeko unea izaten da.

Robotikako startup batek dirua behar du

Gure baliabide urriak zurrupatu zituzten prototipo batzuen ondoren, lehenengo emaitzak lortu genituen. Hardware integratuko plataforma bat, Linux-en oinarritua, sortzea lortu genuen hainbat robot mota eraikitzeko. Oso pozik geunden eta harekin negozioa egiteko aukera garrantzitsua zegoela sentitu genuen. Finantzaketa bilatzeko ordua zen!

Zoritxarrez, orduan hitz egin genuen inbertitzaile pribatu guztiek ez zuten interesaturik ematen. App-ak modan zeuden. Ia mundu guztiak pentsatzen zuen Android eta iOS menderatzea besterik ez zela behar ekintzaileen munduan mugitzeko. Ohikoa zen baliabide propioak (3F ospetsuak) erabiltzea eta gutxieneko prototipo bideragarri bat asteburuan eraikitzea, baina guk bestelako zerbait egin nahi genuen. Hardwarea sortu nahi genuen. Robotak. Dirua behar genuen.

Inbertitzaile gehienentzat gure ekinbidea arriskatuegia zen, baina zorionez Eusko Jaurlaritzak lagundu zigun BIC Araba-ren (lehen CEIA) eta bere Ekintzaile programaren bitartez. Laguntza horrek ahalbidetu zigun gure teknologiaren iterazio gehiago finantzatzea, eta beharrezko heldutasun-puntua lortzea azkenean inbertitzaile pribatuak konbentzitzeko.

Lantaldea da gakoa
Hazteko beharrezko kapitala geure esku izan genuenean, lantaldea kontratatzen hasi ginen. Geure aita, fidatzeko moduko pertsona, kontratatu genuen konpainiaren finantza-alderdiez arduratzeko, guk geure arreta teknologian eta hori merkaturatzen jartzeko. Alex, Iñigo eta Irati ere kontratatu genituen gure lehenengo ingeniariak izateko. Titulatu berriak eta ikaragarri buruargiak, horiek guztiek lagundu ziguten gure ikuspegia urratsez urrats gauzatzen. Pixkanaka gero eta kide gehiago hartuz joan ginen. Lander, Asier eta beste batzuk iritsi ziren gero.
Honelako abentura batek konfiantzazko jendea eskatzen du zalantzarik gabe, horregatik pixkanaka eta kontu handiz egin genituen kontratuak. Azken urte hauetan behin eta berriro ikasi dugu startup batean prest egon behar duzula kontratatzeko, baina baita kontratuak eteteko ere.

Gure esperientziak erakusten digu ekintzailetzan sartu nahi duen pertsona orok lankideen arteko lanaren gainetik beren aitortza eta garapen propioa bilatzen dutenengandik urrun ibili behar duela. Zure lantaldea ulertzea zure merkatuaren ulerkuntza argia izatea bezain garrantzitsua da. Lantaldea funtsezkoa da eta hori ulertzen ez dutenek lehentxeago edo geroxeago porrot eginez amaituko dute.

Aitortu gabeko sortzaileak
Startup-ei buruzko istorio gehienek sortzaileei buruz hitz egiten dute: beraien lidergo-gaitasunaz, jendaurrean hitz egiteko eta ideiak transmititzeko gaitasunaz, ideia berritzaileez… zalantzarik gabe elementu garrantzitsuak dira startup batean, baina bada beste osagai bat sortzaileak bezain garrantzitsua dena gutxienez: aitortu gabeko sortzaileak dira, normalean sortzailetzat hartzen ez diren taldekideak, baina startup ororen historian ezinbestekoak izaten direnak.

Erle Robotics-en kasuan baditugu bi sortzaile aitortu gabeak: horietako lehena Patxi Mayoral Pizarroso da, batzuk ohartuko zineten bezala, sortzaileen aita dena. Patxik lehenengo minututik lagundu zuen Erle Robotics-en eraketan. Finantza- eta kontabilitate-gaiez arduratzeaz gain, aholku eman digu enpresaren egituraz, teknologiaz, kudeaketaz… enpresaren mugarri garrantzitsu bakoitzean hartu du parte eta bere sakrifizioa beste edozein sortzailerena adinakoa izan da.

Gauza guztien gainetik, Patxi izan da lantalde osoa elkarturik mantentzearen errudun nagusia. Sortzaileen arteko gatazkak ohikoak izaten dira startup guztietan (egia esateko, startup gehienak sortzaileen arteko barne-gatazkengatik huts egiten dute), baina Patxik irmo jarraitu du eta uneoro gai izan da oreka-puntua aurkitzeko sortzaileen eta lantaldearen artean. Patxirik gabe, Erle Robotics ez litzateke gaur egun existituko.

Beste sortzaile aitortu gabe bat Alejandro Hernández Cordero da. Alex eta biok elkarrekin ibili ginen Unibertsitatean. Bera oso ondo izan zitekeen sortzaileetako bat, baina, arrazoi pertsonalengatik, Alexek geroago sartzea erabaki zuen eta Erle Robotics-eko lehenengo langile bihurtu zen. Nahiz eta sortzaile ez izan, bere arduraldia, ahalegina eta sakrifizioa ereduzkoak izan dira. Ingeniari ikaragarria da, nazioarteko esperientzia zabala duena robotikaren arloan. Distiratsua da, zintzoa eta jendaurrean ondo komunikatzeko gaitasuna duena.

Alex da eragile nagusietako bat, Erle Robotics den bezalakoa izatera eraman duena. Startup orok Alex bat behar du. Enpresa teknologiko bat sortzeko asmoa baduzu, pentsatu zehazki nor izango den zure Alex hori, ziur asko uste duzun baino hurbilago dago-eta zuregandik.

Ikasi arrakastak ospatzen
Beste hedabide batzuetan zabaldu den bezala, Acutronic Robotics-ek erosi du ofizialki Erle Robotics, eta robotikan lider izango den enpresa bilakatu nahi du, konponbideen belaunaldi berri batean oinarrituta.

Konpainia berriak hiru negozio-ildo nagusi izango ditu: Acutronic Robotics-en ardura izango dira H-ROS-en garapen, inplementazio eta hedapena; Erle Robotics markako robot eta droneentzako hardware osagaien salmenta eta merkaturatzea; enpresa eta gobernu-erakundeentzako robotikari buruzko ingeniaritza-zerbitzuak.

Nahiz eta hauek guztiak albiste onak izan guretzat, aitortu beharra daukagu luzaroan “ez dugula jakin geure arrakastak ospatzen”. Ekintzaile batentzat zentraturik egotea bezain garrantzitsua da arrakasta txikiak ospatzen jakitea. Bülent Atlan-ek, gure advisor-etako batek, zera esan zidan behin: Gogor lan egiten baduzu, ospa ezazu.

Etorkizunerako bidea
Robotika lehertzeko eta gure bizitzak aldatzeko zorian dago. Erle Robotics konpainia multinazional bateko robotika-dibisioaren parte da, eta plan handiak ditu etorkizun hurbilerako. Ilusionaturik gaude halako proiekzio eta ospea dituen ekosistema teknologiko baten parte izateko. Operazio honetan lortu dugun babesari esker, roboten eta beraien hardwarearen (H-ROSen laburtuaren) etorkizunaz dugun ikuspegiagatik etorkizun hurbilean edozein pertsonak lan egin ahal izango du robotekin ezagupen tekniko espezializatuen premiarik gabe.

Azken urte hauetan zortea izan dugu esperientzia handiagoko profildunak kontratatu ahal izateko, lagundu egin digute-eta. Kasu berezia Carlos Uraga Pastor izan da (CEO tokia hartu zuena Erlen). Behar genuen heldutasuna lortzen lagundu digu Carlosek, beste edozein sortzailek bezainbesteko arduraldia eta jarrera izan dituelarik. Carlosek bezala, gainerako lantaldeak gurekin jarraituko du abentura honetan, goiburu berarekin jarraitzen duelarik: “Etorkizuna iragartzeko erarik onena asmatzea da” — Alan Kay.

Aukera honetaz baliatu nahi nuke eskerrak emateko, banaka edo taldeka, urte hauetan laguntza eman diguten guztiei. Bereziki, eskerrak neure familiari (zuregatik esaten dut, ama!) eta Keila emaztegaiari, baita BIC Arabari (lehenago CEIA) bere laguntzagatik, IE Business Schooli ekintzailetzan ikaragarrizko prestakuntza emateagatik, TechFounders programari batez ere konexio erabakigarriak errazteagatik Europa mailan, eta azkenik eskerrak Euskal Herriko eta Espainiako ekosistema osoari bere etengabeko laguntzagatik.

Bereziki, eskerrak eman nahi nizkioke Erle Robotics-eko gure lantaldeari. Zuekin lan egitea izan da saririk onena.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago