Sincrotón Alba partikula-azeleragailuaren argi-lerro berriak 9 milioi euro jasoko ditu Europako NextGenerationEU funtsetatik, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren bitartez. Kasu zientifikoa eta haren diseinu kontzeptuala Enrique Ortega irakasleak (UPV/EHU), Xavier Torrelles doktoreak (Institut de Cincia de Materials de Barcelona, ​​CSIC) eta Eduardo Solano doktoreak (Sincrotrón ALBA) egin dute, ALBAko Esperimentuak, Azeleragailuak, Konputazioa eta Ingeniaritza dibisioetako kide ugariren babes eta laguntzarekin.

3Sbar izeneko proiektu horri esker, ingurumena babesteko esperimentuak egin ahal izango dira, eta munduan tresna bakarra izango da erreakzio katalitikoen oinarrizko prozesuak ulertzeko aurrekaririk gabeko xehetasunak ematen. Aurreikusten da orain diseinatzen hasiko diren argi-lerro hori 2025ean eraikitzen amaitzea eta 2026an martxan jartzea.

Sincrotrón ALBAren hamalaugarren argi-lerroa Bartzelonako probintzian dago, eta 1 bar-eko gas-presioetan gainazaleko X izpien difrakzioko eta fotoigorpeneko esperimentuak aldi berean egiteko aukera emango du. Horri esker, industriako presio operatibopean katalizatzaileen eraginkortasuna zehazten duten oinarrizko prozesuak sakonago aztertu ahal izango dira. Argi-lerroa, hainbat eredu-ingurunetara egokitu daitekeenez, baliagarria izango da Estatuko eta nazioarteko erabiltzaileen komunitate zabalarentzat, bai arlo akademikoan bai industria arloan. 

Zer da Sincrotrón ALBA?

Sincrotrón ALBA Azpiegitura Zientifiko eta Tekniko Berezi (AZTB) bat da, eta abian daramatzan hamar urteetan tresna bikain bihurtu da Estatuko eta nazioarteko zientziarako; izan ere, 2.000 esperimentutik gora egiteko aukera eman du, eta aldizkari espezializatuetan eragin handiko argitalpen asko egin dira hari buruz. Gaur-gaurkoz, hamar argi-lerro ditu operatibo, eta beste lau eraikitzen ari dira.

Instalazioa laugarren belaunaldiko instalazio bihurtzeko prestatzen ari da (ALBA II). Azken horrek gaitasun analitiko are hobeak izango ditu, eta komunitate zientifikoak eta industrialak erabili ahal izango du, gure gizartearen egungo eta etorkizuneko erronkak ebazten laguntzeko.

50 milioi eurotik gorako aurrekontua dauka, eta hein berean finantzatzen dute Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eta Kataluniako Generalitateko Departament de Recerca i Universitats sailak.

 

 

Partekatu albiste hau