Carlos Polok ─ekintzaile berritzailea, ibilbide luze eta egiaztatua duena─ Innobasqueko sarearekin partekatzen ditu bere gogoetak ekintzailetzaren inguruan, eta berak “miseriaren kudeaketa” deitzen duen horretaz.

Nire izena Carlos Polo da, eta Perpetuall deituriko negozio berria abiarazten ari naiz (agenda eguneraturik izateko app mugikorra). Gaur hausnarketa labur batzuk partekatu nahi nituzke ekintzailetza berritzaileaz, agian ez zineten oraindik horietaz ohartuko-eta.

Irakurri arretaz hitz hauek: lantaldea, negozio-plana, finantzaketa egokia, malgutasuna, lan gogorra… Ekintzaileen arrakastari buruzko kontzeptu hauek guztiak sarri entzun izan ditugu. Agian askori erabiliegiak eta zentzu gabeak irudituko zaizkie. Agian ameskeriak izango dira negozioa sortzeko egun batean beren nominaren ziurtasuna edo gurasoen etxea edo unibertsitateko beka uztea erabaki zuten profesional ausart edo gazte zuhurtziagabe askorentzat.

Zenbateraino dira garrantzitsuak aurreko hitz handi horiek negozio bat abiarazten dugunean?

Argi hitz eginda, eta ezinbesteko kausak alde batera utzita, ohiko negozioetako bat abian jarri eta arrakasta ez izateak etxeko lanak ondo ez egitea esan nahi du. Adibidez, jatetxe bat. Ez badakizu sukaldaritzan edo horretan dakienik ez baduzu, bezeroak zerbitzatzen ez badakizu, hastapenak finantzatzeko behar beste diru ez baduzu edo jatetxea Kasakriston baldin badago, orduan oso litekeena da porrot egitea. Aitzitik, “partida ondo prestatu baduzu”, aurrez dagoen eskariari erantzuteak ─jendea sarri irteten baita bazkaltzera eta afaltzera─ ez du gizakiaren gaindi dagoen ahaleginik eskatzen. Nire iritziz, baita Peter Drucker-en iritziz ere, jatetxe bat martxan jartzea ez da benetako ekintzailetza.

Eta orduan, zuretzat zer da ekintzailetza?

Ekintzailetzak, nire ikuspuntutik, berrikuntzaren funtsezko osagaia behar du. Izan ere, eskuarki ekintzaileak aurrean izaten du eskari berri bat sortzeko erronka, ordu arte gizarteak jakin ere ez zekiena bazeukanik. Duela urte batzuk zuek sentitzen zenuten telesaio bat ikusten ari zinetela Twitter kontsultatzeko premia saihestezina? Norbaitek eskari berri bat sortzen duenean, merkatu berri bat sortzen du, eta horren barruan industria berri bat. Baietz zuek ezagutu norbait sare sozialetan ‘aholkularitza’ eginez bizibidea irabazten duena.  Industria berria, premia berriak, lan berriak, hornitzaile berriak. Hori da ekintzailetza, berrikuntza aplikatzea gizarte bat eraldatzeko.

Polita dirudi, baina ziur asko argi horien atzean itzal asko ere egongo da…

Jakina, norbaitek produktu edo zerbitzu bat sortu nahi duenean oraindik inork ustiatu ez duen eskari baterako, enpresa-kudeaketaren parametroak erabat aldatzen dira. Eta finantzaketa ere aldatzen da, eta pertsonak biltzea, eta lansariak. Dena aldatzen da. Berrikuntzarekin ekintzailetza egiteak bestelako lanbide-profila eskatzen du. Erabat bestelakoa.

Deskribatuko zenuke profil hori?

Agian esaldi pare batek nik baino hobeto azalduko dute. Lori Greiner-ek zioen ekintzailea dela 80 ordu lan egiteko prest dagoen pertsona astero 40 orduz lanera joan beharrik ez izateko. Hemingway-k zioen ona dela bidaiatzeko arrazoi gisa azken helmuga bat izatea, baina azken batean bidaia bera dela axola duena.

Esaldi ospetsu horiek agian poetizatu egiten dute ekintzaile berritzailearen profila. Deustuko Unibertsitatean ekintzailetza-eskoletan, ekintzaileak deskribatzeko esaten dut pairamen psikologiko berezia dutela, eta gai direla ‘maratoiak’ jasateko nahiz eta bizitzan sekula lasterka ibili gabeak izan; merkatuan patroiak aurreikusi ahal izateko adimena dutela –oso garrantzitsua eskari berriak aurreikusi ahal izateko–; hortzak estutzeko kemena eta zorte pixka bat ere badutela, baina zortea, entrenatu eta bilatzen den horretakoa. Anthony K. Tjan-k oso ondo azaltzen du bere liburuan: Heart, Smart, Guts and Luck.

Eta hori irakatsi egiten da ala jaio egin behar da horrela?

Zalantzarik gabe, pertsona batzuek beste batzuek baino gaitasun handiagoa dute, baina, oro har, edonor presta daiteke horretarako. Hala ere, uste dut, teoria oso ondo egon arren, eremu honek beste edozeinek baino gehiago praxia behar duela. Beti esaten dut ekintzailetza berritzailean, garrantzitsuena ez dela ez taldea, ezta finantzaketa ere. Garrantzitsuena egikaritzea da, eta batez ere miseriaren kudeaketa. Eta, zoritxarrez, ez dago ezer gutxiago irakasten denik, ikastea gehiago kostatzen denik eta errazago ahazten denik hori baino.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago