Joan zen larunbatean, urtarrilaren 19an, Mondragon Unibertsitateak Arrasaten duen Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren egoitzan Mikro FLL MONDRAGON INNOBASQUE gauzatu zen, sailkatzailea ez den lehiaketa, FIRST LEGO League Euskadi final handiaren aurretikoa, Mondragon Korporazioak eta Innobasquek antolatua. Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia; Iñigo Ucin, Mondragon Korporazioko lehendakaria; Bixente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektorea; Maria Ubarretxena, Arrasateko alkatea; Ainhoa Aizpuru, Gipuzkoako Ekonomia Sustapenerako diputatua; Leire Bilbao, Innobasqueko zuzendari nagusia eta Manu Salaverría, Innobasqueko presidentea, izan ziren jardunaldia hasteko sakagailu handi bati eragin ziotenak. 200 ikasle inguruk trukatu zituzten esperientziak eta entrenamendua egin zuten Euskadiko finala baino hilabete lehenago; finala Gasteizko Europa jauregian izango da otsailaren 16an.

Innobasquek hamarkada bat darama FIRST LEGO League Euskadin antolatzen STEAM Euskadi (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arte eta Matematika) hezkuntza-estrategiaren barruan, eta enpresek eta zientzia- eta teknologia-eragileek eremu hauetako profesionalak lortzeko duten premia edo beharrizanari erantzuten dio estrategiak. Lehiaketak hazkunde handia izan du lehen ediziotik, orduan ehun ikasle baino gehixeagok hartu zutelarik parte; aurten, hamargarren edizioan, parte-hartzearen marka hautsiko da, 44 ikastetxetako 1.500 ikasle izango baitira, eta berriro ere Espainiako estatuan egiten diren 31 lehiaketetako handiena izango da. FIRST LEGO League nazioarteko hezkuntza-programa bat da, aurten 98 herrialdetan egingo dena mundu osoko 500.000 gazte baino gehiagoren parte-hartzearekin; kirol-lehiaketaren formatua du, eta zientzia eta teknologiarekiko gazteen interesa piztea bilatzen du, baita mundu digitaleko gaitasunak garatu eta balioak (aurkikuntza, berrikuntza, inklusioa eta talde-lana) sustatzea ere.

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago