Abiatu berria da Manuneten hirugarren fasea. Innobasquek koordinatua, ERA-NET hau Europan nazioz gaindiko lankidetzan I+G+b proiektuak bultzatzeko nazio eta eskualdeetako finantzaketa-programen sarea, fabrikazio aurreratura zuzenduta dago, hau izanik espezializazio adimendunaren ildo estrategikoetako bat Euskadin. Eusko Jaurlaritzak ekinbide honetan parte hartzen du euskal enpresen ─bereziki ETEen─ lehiakortasuna hobetzeko.

Duela gutxi Iruñean egin da proiektu hau abiarazteko bilera; 5 urteko iraupena izango du eta fabrikazio aurreratuko europar sare arrakastatsu honi jarraipena emango dio; helburuak dira fabrikazio aurreratuko I+G+b bultzatzeko estatuko eta eskualdeetako politikak koordinatzea Europa mailan, eta nazioz gaindiko lankidetzan ikerketa- eta berrikuntza-proiektuen garapena ETEei erraztea, baita fabrikazio aurreratuaren eremuan ere. Horretarako, sarea konprometitu da deialdietan parte hartzen duten herrialdeen eta eskualdeen kopurua gehitzera, honela agentziek konprometituriko aurrekontu osoa ere gehituz. Egia esateko, 2017an irekiko den deialdirako parte-hartzea heren bat gehitu da, konprometituriko aurrekontu osoa 27 milioi eurokoa delarik.

Partzuergoa osatzen duten 25 agentziek (Asturias, Alemania, Gaztela eta Leon, Katalunia, Espainia, Euskadi, Gelderland, Israel, Italia, Lonbardia, Luxenburgo, Nafarroa, Ipar Brabante, Norvegia, Overijssel, Herbehereak, Piemonte, Apulia/Puglia, Errumania, Errusia, Toskana, Turkia eta Valonia) jada onartu dute lan-plan komun bat eta lankidetzarako oinarriak ezarri dituzte horrela.

2006an sortu zenetik, Manunet-ek 9 deialdi egin ditu eta horien onuradunak ETEak izan dira kasuen %73an, guztira 548, eta 180 milioi euroko balioa duten laguntzak konprometitu dira. Arrakastaren batez bestekoa oso handia da, eta aurkezturiko proiektuen %45 finantzatu dira.

Industriak euskal BPGren ia %22 ematen du eta enplegu guztiaren %22,4, zientzia- eta teknologia-gaitasunen kontzentraziorik handiena biltzen du eta Euskadiko I+G guztiaren %41 inbertitzen du. Europako Batasunean industria BPGren %15 da eta zuzeneko 30 milioi enplegu ditu, ETEetan bakarrik. Gainera, bere esportazioak Europako guztien %80 dira, eta beraz sektore hau birsortzen ari da kontinentean ekonomia iraunkor berri baten parte gisa.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago