Laida Regillaga, Izaskun Aizpurua eta Jokin Azpeitia, guztiak 15 urte inguruko gazteak, Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxekoak, izan dira First Lego League-FLL Euskadi-ren seigarren edizioa aurkezteko prentsaurrekoaren protagonistak. Robotika, zientzia eta teknologiako lehiaketa da, non talde-lana, sormena eta, batez ere, berrikuntza baloratzen baitira.  Laida, Izaskun eta Jokin-ekin batera, prentsaurrekoan izan dira Miren Begoñe Urrutia, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Zientzia Politikarako zuzendaria; Elena Abando, “la Caixa”ko Erakunde zuzendaria Bizkaian; Nerea Lupardo, Euskaltel Fundazioko zuzendaria; eta Txema Villate, Innobasqueko zuzendari nagusia.

Lehiaketa mundu osoko 70 herrialdetan izango da erronka beraren inguruan. Aurten ikaskuntza da erronka. Gazteek gai bat detektatzen dute eta gai horren inguruan ikasteko esperientzia hobetzeko bidea aztertzen eta diseinatzen dute. La Salle Berrozpe taldeak uraren zikloa hobeto eta era dibertigarriagoan ikasteko modua landu du. Dilema honi emandako erantzuna jakin nahi duenak datorren larunbatean Euskaltelen egoitzara joan behar du, eta bertan 300 gaztetxok baino gehiagok dakiten guztia erakutsiko dute Lego piezekin diseinaturiko roboten bidez, eta abestu, dantza egin eta, batez ere, ondo pasatuko dute. Mundu guztia hurbil daiteke zuzen-zuzenean ezagutzera zientzialarien eta teknologoen euskal harrobia; ateak zabalik izango dira goizeko 10:00etatik aurrera.

Aurten, nobedade gisa, Junior FLL erakustaldia egingo da: 6 eta 9 urte arteko sei taldek erakutsiko dute edonork egin dezakeela robot bat, horretarako asmo sendoa hartzen badu.

Beste ezusteko asko izango dira, besteak beste, Europako Agentzia Espazialaren entrenamendu-jantzi bat ikusteko aukera.

Eta hori guztiori ahalbidetzen duena, honako eragile estrategiko hauen laguntza da: Euskaltel fundazioa, “la Caixa” Gizarte Ekintza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Ikerketa eta Unibertsitate Saila, Bizkaiko Foru Aldundia, Ausolan, Decathlon Barakaldo, Tecnalia korporazioa, IK4 Research Alliance, Euskal Herriko Telekomunikazioetako Ingeniarien Elkargoa, AeroEspazio Eskola eta Scientia fundazioa. Eta, noski, 100 boluntario baino gehiagoren inplikazio eta maitasuna ere bai.

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago