Adimen artifiziala zutabe estrategikoa bihurtu da enpresentzat: prozesuak automatizatzea, baliabideak optimizatzea, datu kopuru handiak aztertzea, bezeroaren esperientzia hobetzea edo akatsak murriztea ahalbidetzen du, besteak beste. Baina integrazioak erronka handiak dakartza. ChatGPT edo DeepSeek bezalako tresna generalistetatik haratago, enpresek beren beharretara egokitutako irtenbideak behar dituzte, beren datuen pribatutasuna bermatuko dutenak, fidagarriak eta etikoak izango direnak eta Europako eta nazioarteko araudiak beteko dituztenak. 
 
INNKIA premia horiei erantzuteko sortu da, LABORAL Kutxaren eta IKERLANen arteko apustu bateratu baten bidez. INNKIAk IKERLANen adimen artifizialeko aktibo teknologikoak izango ditu, eta zentro teknologikoak dituen digitalizazio-laborategien eta konputazio-azpiegituren erabileraz baliatu ahal izango da. IKERLANek, gainera, INNKIArekin lankidetzan jardungo du bere produktuak eta zerbitzuak etengabe abangoardia teknologikoan mantentzeko, alderdi hori funtsezkoa baita gaur egungo garapen teknologiko azkarraren testuinguruan. 

LABORAL Kutxak, proiektua finantzarioki babesteaz gain, INNKIAren esku jartzen ditu bere irtenbide teknologikoak inplementatzeko hainbat erabilera-kasu. Banka da adimen artifizialeko teknologiek gehien eragiten duten sektoreetako bat, eta LABORAL Kutxak, arlo horretan estrategia propioa eta gaitasun teknologiko bereizleak izateaz gain, konpromisoa hartzen du sektorean duen esperientzia eta gaitasunak partekatzeko, MONDRAGONen barruan enpresa-ekimen berri hori sustatzeko. 
 
Startup berriak, gainera, MONDRAGONen babesa du, duela gutxi IKERLANekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez. Hitzarmen horren bitartez, 10 milioi euro baino gehiago mobilizatu nahi dira startup kooperatibo berriak sortzeko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak INNKIAren ekimena babestu du Basque Tek Ventures programaren bidez, oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzen lagunduz.  

INNKIA, ORBIK CYBERSECURITY-ren arrakastaren ondoren eratu da, IKERLANek 2023an sortutako eta duela gutxi kooperatiba misto bihurtu den startup-a. Bere aurrekoaren ereduari jarraitu nahi dio, proiektu sozio-enpresarial bat eraikiz, tokiko sustraitzea bermatuz eta arrakasta neurtuz, ez bakarrik errentagarritasunagatik, baita inguruan sortzen dituen lanpostuengatik ere. Arrasaten dago kokatuta, eta Gorka Artola Beobide zuzendari nagusiak gidatuko du startup-a. Esperientzia handia du teknologian eta ekintzailetzan, eta azken urteotan IKERLANeko merkataritza-arduraduna izan da. Startup berriak 6 milioi euroko inbertsioa izango du datozen lau urteetan, 2030erako, 50 langileko plantilla eta urtean 10 milioi euro inguruko fakturazioa lortzeko  helburuarekin. 

Hala azaldu dute gaur prentsaurrekoan Ion Etxeberria IKERLANeko zuzendari nagusiak, Xabier Egibar LABORAL Kutxako zuzendari nagusiak, Gorka Artolak INNKIAko zuzendari nagusiak, Pello Rodríguez MONDRAGONeko lehendakariak eta Jaione Ganzarain Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak, IKERLANeko Arrasateko egoitza nagusitik.

Enpresentzako eskaintza berritzailea, diferentziala eta balio handikoa 

INNKIAk bi negozio-lerro izango ditu. Lehenengoaren ardatza, software seguru eta sendoa adimen artifizial sortzailearen bidez automatikoki eguneratzea eta garatzea da.  

INNKIAren adimen artifizial sortzailearen teknologiak aukera emango die enpresa horiei beren prozesu eta produktuen software-a automatikoki, azkar eta fidagarritasunez eguneratzeko, automatikoki lengoaia moderno eta sendoagoetara itzuliz, eta haren funtzionamendu egokia egiaztatuz testing eta balidazio prozesu automatiko zehatz baten bidez, IKERLANek aplikazio kritikoetarako software fidagarriaren garapenean eta balidazioan duen esperientzian oinarrituta.

Bigarren negozio-lerroa enpresen barne-prozesuak optimizatzeko produktu eta zerbitzuetan oinarritzen da. AAk aukera asko eskaintzen dituen arren, haren erabilerak segurua izan behar du, eta bat etorri behar du enpresetako AAren gobernantzarekin. Eremu horretan, INNKIAk adimen artifizialeko agenteak garatuko ditu informazio konfidentzialaren erabilera egokia ziurtatzen duten prozesuak eta sistemak automatizatzeko, erregulazio-estandar zorrotzenak betez, hala nola EBko AI Act delakoa. 

“INNKIA apustu estrategikoa da, Euskadi, enpresen behar zehatzei aplikatutako adimen artifizialean erreferente gisa kokatzeko, eta horixe da teknologia horren erronka handienetako bat”, nabarmendu du Ion Etxeberria IKERLANeko zuzendari nagusiak. Izan ere, Europak bere autonomia teknologikoa sendotu eta AAren eremuan kanpoko eragileekiko mendekotasuna murriztu nahi duen une honetan, INNKIA bezalako proiektuek funtsezko zeregina bete dezakete kontinentearen estrategia digitalarekin bat datozen enpresa-irtenbide aurreratu eta seguruak bultzatzeko. 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago