Enterprise Europe Network (EEN) sarearen euskal nodoak jardunaldi bat antolatu du hilaren 27an Bilbon, osasun arloko nazioarteko I+G+b lankidetza-proiektuetan euskal enpresa eta eragileen parte-hartzea sustatzeko. ETE-etan I+G+b arloa nazioartekotzeko zereginean laguntzen duen munduko sare handiena da EEN. Ekitaldi horretan parte hartuko dute Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Euskal Fundazioko (BIOEF), Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroko (CDTI) eta Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioko (FECYT) adituek, eta Horizon Europe berrikuntzan ikertzeko esparru-programaren baitan osasunari buruzko 1. Klusterreko eta Minbiziaren aurkako Misioko hurrengo deialdien berri emango dute. Era berean, Europako kidetza-proiektuei, EIC Pathfinder programari, Osasun Berritzailerako ekimenari (Innovative Health Initiative) eta Enterprise Europe Network sareak eskaintzen dituen laguntza-zerbitzuei buruzko informazioa ere emango dute.

Jardunaldia osatzeko, CIDETEC, CIC biomaGUNE, IIS Biobizkaia, Biogipuzkoa eta OWL Metabolomics enpresa eta eragileek Europako hainbat programatan izan dituzten kasu arrakastatsuak aurkeztuko dira. Jardunaldiaren amaieran, partaideek aukera izango dute CDTI eta FECYT erakundeetako ordezkariekin aldebiko bilerak eskatzeko, bilera horietan haien kontsultak edo proposamenak helarazteko. Bilera egiteko interesa duten entitateek izena emateko inprimakia betetzean egin beharko dute eskaera. Otsailaren 23a baino lehen entregatu behar da inprimaki hori.

Enterprise Europe Network (EEN) sarearen euskal nodoak Eusko Jaurlaritzaren eta Basque Health Cluster-aren laguntzarekin antolatutako informazio-saio hau batez ere honako hauei bideraturik dago: enpresetan eta enpresa elkartetan I+G+b arloko zuzendaritza-ardurak edo ardura teknikoak dituzten pertsonei eta euskal osasun sistemako nahiz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileei.

Izen-emateak esteka honetan.

 (https://agenda.spri.eus/es/tecnologia/oportunidades-de-financiacion-a-la-colaboracion-internacional-en-idi-salud/)

 Hauek dira EEN sareko euskal nodoko kideak: Spri, BEAZ, Araba, Bilbo eta Gipuzkoako merkataritza-ganberak, Basque Trade & Investment eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago