2021eko urriaren 21eko erreportajea

Funtsak EBren aurrekontu-bermea du, 26.200 milioi eurokoa, eta horiei esker espero du 372.000 milioi eurotik gorako inbertsio zenbatetsiak mobilizatzea 2027ra bitartean

Finantzaketa behar denean, norengana jo jakiteak, izan publikoa edo pribatua, sari bat merezi du, eta Europako Batzordeak badaki hori. Horregatik sortu du InvestEU programa, zeinaren bidez arauak eta prozedurak sinplifikatzen dituen kapital pribatuarentzat erakargarriagoa egiteko Europako helburu estrategikoekin lotutako proiektuetan parte hartzeko aukera. Hau da, susperraldi jasangarria lortzeko eta ekonomia ekologikoagoa, digitala eta erresilientea eraikitzeko.

Sinplifikatzeko helburu hori programaren egitura sinplean islatzen da: izan ere, funts batek, aholkularitza-zentro batek eta Interneteko atari batek osatzen dute. Azken biekin hasiko gara; aurrerago funtsean zentratuko gara, eta zehaztuko dugu zein izango diren haren lehentasunak proiektu bat babesteko orduan.

EBk erraztu nahi izan duen kontuetako bat informaziorako sarbidea da, bai euren proiektuentzat finantzaketa lortu nahi duten enpresa eta erakundeek jasotzen dutena eta bai ekimen edo gai zehatzetan interesa izan dezaketen inbertitzaileen eskura dagoena. Hori dela eta, babes-zerbitzuak bateratu ditu InvestEU aholkularitza-zentroan, eta hura arduratuko da laguntza teknikoa emateaz finantzatutako proiektuen edozein garapen-fasetan, prestaketatik egikaritzera. Haren lanetako bat izango da, adibidez, proiektuen sustatzaileei jasangarritasuna probatzen laguntzea eta klima- eta ingurumen-jarraipena egitea. Bestalde, InvestEU atariak datu-base bakar batean jasotzen ditu Batzordearen babesa duten proiektuak, inbertitzaile kualifikatuek aukera izan dezaten inbertsio‑aukerak hautemateko eta nahi dituzten proiektuak erraz aztertzeko parte hartu ala ez erabaki aurretik.

Funtsari dagokionez, finantzatuko dituen lehentasunezko gaiak xehatu baino lehen, azaldu behar da EBren eta Inbertsioen Europako Bankuaren aurrekontu-bermea duela bazkide nagusi gisa, eta, horri esker, merkatuak baztertuko lituzkeen proiektuak babesteko arriskua bere gain hartu dezakeela. Horrela, Europako aurrekontuan garapenerako gordetako 26.200 milioi euroei esker, programak espero du 372.000 milioi eurotik gorako inbertsio zenbatetsiak mobilizatzea 2027ra bitartean.

Hasieran esan dugun moduan, InvestEU funtsaren helburu nagusia izango da, alde batetik, ekonomiaren susperraldiaren alde egitea, eta, bestetik, susperraldi horri esker Europaren epe luzeko lehentasunak betetzea, bereziki trantsizio berdea eta digitala. Izan ere Europako Itun Berdearen,  helburuekin bat etorriz, gutxienez programaren % 30 (bidezko trantsiziorako mekanismoa deritzonaren parte dena) erabiliko da Batasunaren klima-helburuak betetzeko inbertsioak finantzatzeko, ekonomiaren sektore guztietan. Aro digitalera egokitutako Europa helburuei dagokienez, funtsak konektagarritasuna, teknologia digital berritzaileen erabilera orokorra eta sektore ekonomiko guztietako ekosistema eta enpresen digitalizazio azkarra hobetuko ditu, lehiakortasuna nahiz erresilientzia hobetzeko eta diru‑sarreren iturri berriak sortzeko.

Beraz, EBren bermea osatzen duten 26.200 milioi euroak funtsezko lau jarduketa-ardatzetan banatuko dira:

Azpiegitura jasangarria. Atal honek 9.900 milioi euroko zuzkidura izango du, eta gai hauekin lotutako proiektuetara bideratuko dira bereziki:

-Garraioa. Garraio garbi eta jasangarriak, modalitate anitzeko garraioaren sustapena, bide-segurtasuna eta errepide- nahiz trenbide-azpiegituren eraberritzea eta mantentzearekin lotutako oro.

-Energia. Honako hauekin lotutako proiektuak: energia berriztagarriak, energia-efizientzia, energia‑aurrezpenean zentratutako erakinak eraberritzeko proiektuak, eraikinak energia-iturri konektatuan integratzea, biltegiratzea eta azpiegitura energetikoaren interkonexio-mailak hobetzeko garraio‑sistema digitala.

-Konektagarritasuna eta digitalizaziorako sarbidea, landa-eremuak barne.

-Lehengaien hornikuntza eta prozesamendua, espazioa, ozeanoak, ura (barneko bide nabigagarriak barne), hondakinen kudeaketa eta ekonomia zirkularra.

-Natura eta ingurumen-azpiegiturak.

-Ondare kulturala eta turismoa.

-Ekipamenduak, aktibo mugikorrak eta teknologia berritzaileak, ingurumen-erresilientzia klimatikoaren edo EBren jasangarritasun sozialaren helburuak betetzeko, baita Batasunaren ingurumen- eta gizarte‑jasangarritasunaren estandarrak ere.

ETEak. Enpresa txiki eta ertainei laguntzea izango da bigarren partida garrantzitsuenaren helburu zuzena. Partidak 6.900 milioi euro izango ditu.

-Finantzaketa-sarbidea eta -eskuragarritasuna, batez ere enpresa txiki eta ertainentzat, berritzaileak eta kultura- eta sormen-sektorean jarduten dutenak barne, baita kapitalizazio ertainekoentzat ere.

-Kapital-laguntza jasotzeko aukera 2019aren amaieran kaudimen-arazorik ez zuten baina pandemiaren ondorioz izan dituzten enpresentzat. 

Ikerketa, berrikuntza eta digitalizazioa. Bloke horrek guztira 6.600 milioi euro jasoko ditu EBren aurrekontu-bermearen 26.200 milioietatik.

-Ikerketa-jarduerak, produktuen garapena eta berrikuntza.

-Teknologiak eta ikerketa-emaitzak merkatura eramatea, merkatuko bideratzaileei laguntzea eta enpresen arteko lankidetza.

-Berrikuntza-soluzioak frogatu eta hedatzea eta enpresa berritzaileen zabalkuntza babestea, baita EBko industriaren digitalizazioa ere.

 

Inbertsio soziala eta trebetasunak. Aurrekontu-partida txikiena duen blokeak 2.800 milioi euro ditu.

-Mikrofinantzak.

-Enpresa sozialen eta ekonomia sozialaren finantzak.

-Eskumenetan, hezkuntzan, prestakuntzan eta lotutako zerbitzuetan genero-berdintasuna sustatzeko neurriak.

-Azpiegitura soziala, osasun- eta hezkuntza-azpiegitura barne, baita etxebizitza sozialak eta ikasleentzako direnak.

-Berrikuntza soziala, eragin soziala barne, eraginaren inbertsioa eta emaitza sozialen kontratazioa.

-Osasuna eta epe luzerako zaintza.

-Inklusioa eta irisgarritasuna.

-Helburu soziala duten kultura- eta sormen-jarduerak.

-Pertsona kalteberak integratzea, hirugarren herrialdetakoak barne.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago