Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, 2025ko lehen seihilekorako doako formakuntza-eskaintza aurkeztu du, helburu garbi batekin: Euskadiko enpresa eta antolakundeen gaitasun berritzaileak hobetzea.

Formakuntza-katalogo berria hemen.

Urteko lehen seihilekoan, otsailean hasi eta ekainean amaitu, 24 ikastaro izango dira “Formakuntza Berrikuntzan” programaren baitan. Hiru bloketan egituratuta daude ikastaroak, eta bloke bakoitza profil jakin bati zuzenduta dago: batetik, ETEak; bigarrenik, kanpoko merkatuan interesa duten enpresak edo antolakundeak; eta, azkenik, erakunde bazkideak. Nolanahi ere, bloke eta ikastaro guztietan berrikuntza praktikoa izango da ardatz eta oinarri.

Era horretara, enpresa munduan entzute eta eskarmentu handia duen irakasle-talde bati esker, Innobasquek partaideen beharrizan eta errealitatera egokitzen du prestakuntza. Hala, formakuntza horren bidez, jarraibideak eta tresnak ematen dizkie praktikan jartzeko, eta, orobat, sarbidea eskaintzen die berrikuntzaren euskal sistemara eta edozein prozesu eraldatzailetan bidelagun izan ditzaketen eragileen sarera. Katalogo osoa, ikastaro bakoitzari buruzko xehetasunekin, eskuragarri dago jada Agentziaren webgunean.

Euskadiko hiru lurralde historikoetan egingo dira “Formakuntza Berrikuntzan” programako ikastaroak, Innobasquek konpromiso irmoa baitu berrikuntza lurralde osoko enpresa eta antolakunde guztietan ezartzeko, eta haiei kalitatezko prestakuntza-eskaintza bideratzeko.

Aurreko urtean, 433 euskal antolakundek hartu zuten parte formakuntza-programan. Partaideek, gainera, ikastaroen oso balorazio ona egin zuten ebaluazioetan, 10etik 8,5 puntu, eta batez ere haien izaera praktikoa eta enpresen benetako erronkekin bat etortzea azpimarratu zuten.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago