Expansión ekonomia-aldizkariak “Berrikuntza eta jasangarritasuna hazkunde ekonomikoaren erdigunean” jardunaldia egin du gaur goizean Bilbon eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro Aspiazuk eman dio hasiera. Manuel Salaverriak ikuspegi berde eta digitaletik berrindustrializatzeari buruzko mahai-inguru batean parte hartu du Iberdrolako Berrikuntza zuzendari Roberto Mariscalekin, Zuccheti Spain-eko CEO Justino Martínez Salinasekin eta Cebek-eko (Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa) zuzendari Carolina Pérez de Toledorekin.

Salaverriaren iritziz, Euskadi prest dago etorkizuneko erronkei aurre egiteko; izan ere, “jarraitutasuna izan duen eta egoerara egokitu den estrategia dugu, baita Euskadik pixkanaka prestatu duen berrikuntza‑ekosistema ere. Mota guztietako eragileak sartu gara tartean, herrialde honetan bizi garen eragile asko, arazo konplexuak konpontzeko konpromisoa dugunok”. Adibide modura, Mercedesek, Hidrogenoaren Euskal Korridoreak, Basquevoltek eta Innobasquek berak aurkeztutako PERTEa aipatu du.

Horrez gain, adierazi du “ez dugula egungo lanpostu guztien eskaintza betetzeko gaitasunik” eta Confabesken azken txostenari egin dio erreferentzia, non aipatzen den enpresen % 80k arazoak dituela behar dituen profilak aurkitzeko. Bere ustez erronka hori “sektore anitzekoa eta orokortua da”. Salaverriak adierazi du toki-, mundu- zein sektore‑mailan talentua lortzeko lehia dagoela, eta azpimarratu du erronka demografikoa dela horren atzean dagoen arazo nagusia. Gaineratu du ikasketa zientifiko-teknologikoak egiten dituzten euskal gazteen batezbestekoa Europako batezbestekotik gora dagoela: % 30 vs % 28. Eta esan du “hazten ari dela ikasketa horiek erakargarri egiteko estrategia eta jarduketak daudelako”.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago