Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasque negozio-ereduetan berrikuntza egiteko proiektu pilotu berri bat, Bideberri deiturikoa, lantzen ari da bere bazkideetako zortzi ETErekin. Metodologia kontrastatua sortzea du helburu, edozein enpresa txiki edo ertainek eraldaketa egin bere negozio-ereduetan eta honela bere lehiakortasuna eta emaitzak gehitzeko. Hainbat sektoretakoak diren AB Laboratorios, Abantail, Apel, Bombaiworks, La Salve, Lazpiur, Nuuk eta RKL Integral enpresez gain, proiektuak badu Innobasqueko bazkide diren zenbait erakunderen laguntza, adituak baitira digitalizatzea eta teknologia berriak ustiatzen: Ayla Searching, Klap, LKS Next, Minsait (Indra taldea), Obeto Banpro, OPE Consultores, Tecnalia eta Vicomtech, Mondragon Unibertsitatea Enpresagintza eta IESE Business School-eko espezialista bat.

Negozio-ereduetan berrikuntza egitea aukera handia da ETEek beren errentagarritasuna hobetzeko eta lehiakortasuna areagotzeko. Hori egiteko gakoa enpresa bezeroarengana orientatzea da, digitalizatzeak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuz. Hala ere, prozesu hau zaila da enpresa txikientzat, beren produktuak eta zerbitzuak hobetzen jartzen baitute arreta, eta baliabide gutxi izaten baitute inbertitzeko libre. Premia edo beharrizan horri erantzuten dio Bideberrik.

 Euskadiren eta bertako enpresa-sarearen lehiakortasuna areagotzeko, “Berrikuntzaren Innobasque Txostenak azken edizioan aukera gisa identifikatu zuen 2018an ETEen berrikuntza ez teknologikoa ─marketinari, antolaketaren eta pertsonen kudeaketari eta negozio-ereduei buruzkoa─ hobetzea. Premia horri erantzunez sortu da Bideberri, negozio-ereduetan berrikuntza egiteko enpresa-erakunde txikien neurrira metodologia bat sortzeko, ez baitute berrikuntzarako ez astirik, ez ezagutza adimendunik, ez metodorik, ez baliabiderik.

Innobasquek hori egiteko beharrezko ezaupideak, giza baliabideak eta ekonomikoak lortzeko aukera ematen du, eta hori Bideberriren tailer, banakako laguntza eta jarraipen pertsonalizatuko saioen bidez; ingurune kontrolatuak eskaintzen ditu, beste erakunde batzuetan arrakastatsuak izan diren ereduak ETEek ere esperimentatu, testatu eta beren errealitatera egokitu ahal izan ditzaten.

Bideberrik hiru faseko ibilbidea du: ETE bakoitzaren egoeraren diagnostiko zehatzarekin hasten da, bere berrikuntza-maila, erronkak eta berrikuntza egitea eragozten dioten oztopoak ezagutzeko; lortu nahi den negozio-eredua diseinatzen da, eta bide-orria marrazten da gai bakoitzean adituak diren pertsonen laguntzaz.

Berrikuntzaren Euskal Agentziaren helburua da Euskadin erakunde, bereziki ETE, berritzaileen kopurua gehitzea. Hauek euskal enpresa-sarearen % 99 dira, eta beraz horietan eraginez lortuko da lurraldearen berrikuntza-maila igotzea. Bideberri testuinguru honetan sortzen da, aro digitaleko erronka, aukera eta mehatxuetara egokitzeko ETEek dituzten premia edo beharrizanei erantzuteko proiektu pilotu gisa. Hau da erakunde bazkideen talde txikiekin Innobasquek bultzatzen dituen proiektu pilotuetako bat: oso epe laburrean eraiki eta testatzen ditu horiekin erabilgarriak izan daitezkeen berrikuntza-irtenbideak.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago