Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak bere Gizarte Berrikuntzako Proiektuen (GBP) hirugarren deialdia egin berri du, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planari (ZTBP) emandako bultzadan sartzen den ekimena, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzarekin lankidetzan.

ZTBPren arabera, merkatuak eta sektore publikoak egoki bete gabeko gizarte-premiak asetzeko era berriak bilatzen ditu gizarte-berrikuntzak. Ekimen honen helburua, beraz, Euskadin enplegu, gizarte-kohesio, hiri-berroneratze, hezkuntza, zahartze edo genero-arrakalan gizarte-eraldaketarako gaitasuna duten proposamenak sustatzea da, eta aldi berean egiaztatzea ea honelako proposamenei hasierako diseinu-fasean ematen zaien laguntzak lortzen ote duen beraien kopurua eta kalitatea gehitzea.

Bereziki balioetsiko da Horizon(te)2020, Erasmus+ eta Europako Gizarte Funtsaren esparruan Europako deialdietara aurkez daitezkeen proposamenen ideiagintza, baita honelako gizarte-ekimenak finantzatzen dituzten beste herri-administrazio batzuen (tokiko, eskualdeko, estatuko edo nazioartekoen) programetara ere.

Finantzaketa publikoa, aurreko edizioetan bezala, 200.000 eurokoa izango da, Lehendakaritzak kudeatzen duen Berrikuntza Funtsak ordainduta, eta proiektu bakoitzak gehienez 15.000 euroko kopurua jasoko du, aurretik behar diren jarduera hauetarako: laguntzen deialdi publiko batera aurkez daitekeen proiektu-proposamen bat kontzeptualizatzea; finantzaketa-programa zehatzak identifikatzea eta horien deialdiak; proiektuaren partzuergoa sortzera bideratutako jarduerak edo proposamena landu eta eraikitzeko zereginak.

Proiektuak aurkezteko interesa duten erakundeek irailaren 7ra arte dute beren proposamenak formulatzeko, eta hil bereko 23an iragarriko dira hautatzen direnak. Deialdiaren oinarriak jada ikusgai daude Innobasqueko webgunean esteka honetan, epe, prozedura eta balorazio-irizpideei buruzko xehetasun guztiak sartuta daudelarik.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago