Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak bat egin du Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak sustaturiko “Katerik gabe, katean” kanpainarekin, martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna dela ospatzeko. Ekimen horrek berdintasunaren eta emakumeen eskubideen aldeko lana atzetik datorren katea delako ideia zabaldu nahi du. Horretarako, 2020an berdintasunarekin eta emakumeen eskubideekin zerikusia duten hainbat urteurren oroitarazi nahi ditu: Beijingo Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren 25. urteurrena, Berdintasunerako Euskal Legea onartu zeneko 15. Urteurrena, eta Nazio Batuek Garapen Iraunkorreko Helburuak onartu zituzteneko 5. urteurrena (5. helburua “Genero-berdintasuna eta emakumeen eta nesken ahalduntzea” da). Oroitzapen horiek bat datoz aldarrikapen feministek mundu osoan izan duten gorakadarekin, bereziki gazteen artean, azken bi urteetan martxoaren 8ko azken mobilizazioetan agerian geratu den bezala.

“Katerik gabe, katean” kanpainaren bidez, iraganean eskubideak konkistatu eta berdintasunaren aldeko pausoak eman dituzten emakume guztiak omentzen dira, eta dei egiten zaie belaunaldi berriei katea ez dadin hautsi eta sendotzen jarrai dezan.

Innobasquek bat egin du kanpainarekin, eta, berrikuntzatik, Euskadi berdintasun handiagoko herrialdea izan dadin laguntzen du bere “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana 2016-2020” delakoaren bidez.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago