Une honetan, Europako Parlamentua eztabaidatzen ari da Europako I+G+b finantzatzeko esparru-programa berriaren (Horizon Europe 2021-2027) ikuspegia, 100.000 milioi euroko aurrekontua duena eta enpresa txiki eta ertainen berrikuntzaren finantzaketa-eredua nabarmen aldatuko duena. Innobasquek eta bere bazkideek uste dute ikuspegi berri honek eragin negatiboa izango duela ETEentzat, zaildu egingo baitu beren berrikuntzen finantzaketa lortzea.

Aitzitik, aldarrikatzen denez, ETE Instrumentuak oso tresna baliotsua dela erakutsi du aurreko esparru-programan, berari esker Europako Batzordeak 1.318 milioi euro inbertitu baititu benetako urre-pipitatzat jotako 3.200 ETE baino gehiagoren artean. ETE Instrumentuaren finantzaketaren ondorioz, nabarmen murriztu zen berauen disrupzioak merkatura iristeko denbora.

Euskadin ETE horietako 46k 21,35 milioi euroko itzulkina lortu dute. Horregatik, esparru programa berriaren orientabidean aldaketak kalte bikoitza ekarriko lieke euskal enpresei, beraiek hartzeari utzitako finantzaketa beraien aurka lehiatuko diren beste erakunde batzuek hartuko lukete eta.

Euskadin, enpresa-ehunaren % 99 ETEak dira, “Europako Batasuneko ekonomiaren bizkarrezur ere badirelarik, EB-28ko konpainien % 99,8 baitira eta enplegu guztiaren % 67, hau da, 93 milioi langile Europako balio erantsiaren % 57 sortzen dutenak”, dokumentuaren arabera. Gainera, ETE hauen % 93k 10 enplegatu baino gutxiago ditu, eta ETE hauen % 9,2 hazkunde handiko enpresak dira. Enpresa txiki eta ertain hauek dira, hain zuzen, enplegu kopuru handiena sortzen, Europako Batasunean berrikuntzaren maila igotzen eta ekonomiaren hazkundean laguntzen dutenak. Horietako gehienak, % 90, sektore tradizionaletan sortzen dira.

Innobasque da position paper bat egin duen lantaldearen burua; dokumentu honek berrikuntzak Europako enpresa-ehunean eta enpleguan duen eragin edo inpaktuaren alde egiten du Europako erakundeen aurrean, eta European Innovation Councilerako etorkizunerako gomendioak ditu.

Innobasquek egin duen dokumentua gaur goizean aurkeztu da Vienan Enterprise Europe Network EEN sarearen Urteko Biltzarrean, eta aurrez partekatu du Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen ordezkaritzarekin; CDTI-Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateetako Ministerioko Industria Teknologia Garapenerako Zentroarekin; eta Europako Parlamentuko Industria, Ikerketa eta Energia Batzordeko europarlamentariekin. Paper hau onartu egin du EENren Espainiako nodoak, ETEi laguntzeko munduan dagoen sare handienak, Europako Batzordeak sortu eta mundu osoko 60 herrialde baino gehiagotan dagoenak, bertan daudelarik 600 erakunde baino gehiago, Innobasque besteak beste.

Gaur egindako aurkezpenak EENren gainerako europar nodoen atxikimendua bilatzen du, proposamenak Europako Parlamentuari, Europako Kontseiluari eta Europako Batzordeari aurkezterakoan dimentsioa eta laguntza lortzeko.

Position paper-a esteka honetan sakatuz ikusgai dago. 

 

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago