Gaur goizean 60 pertsona inguru bildu dira Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren egoitzan, euskal hiriek 2050ean aurrean izango dituzten erronkei konponbideak planteatzeko. Euskadiko Hiri Agenda Bultzatu 2050 Estrategiaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak elkarlaneko prozesu bati ekin dio euskal hiri eta herriak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izan daitezen. Testuinguru honetan, Innobasque Jaurlaritzaren laguntzaile da honen politika publikoen hedapenean.

Gaur egun euskal biztanleen % 80 hamar mila (10.000) biztanle baino gehiagoko hiriguneetan bizi da. Euskadi Europako eskualderik hiritartuenetako bat da: EAEko hiru metropoli-barrutiek 1,5 milioi pertsona batzen dituzte, hau da, biztanle guztien % 72. Bultzatu 2050 estrategiak hiri-lurraldea hobetu nahi du ekonomiaren hazkunde eta gizartearen kohesiorako aukerak eskaintzeko pertsona guztientzat.

Hirietan inplikaturiko erakunde publiko eta pribatuen ordezkariek parte hartu dute gaur Euskadiko Hiri Agenda zehazteko prozesu parte-hartzaile honetan, eta 2050era begira erronka handiak identifikatzeko demografia, klima, gizarte, teknologia eta kulturaren ikuspuntutik.

Estrategia hau bat dator Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Helburuekin, Europako Batasunaren Hiri Agendarekin eta Basque Country 2030 Agendarekin.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago