Artazako jauregia krimen simulatu baten gertalekua izan da gaur; Ertzaintzaren Polizia Zientifikoak prestatu du, eta Batxilergoko gazteek begiz ikuskatu behar izan dute, delitu-egintza berregin eta ebidentziak bildu, gero ondorioak aurkezteko adituen epaimahai bati.

“Forensic Science” proiektu berritzaileak ikastetxeetan zientzia eta teknika arloetan emandako ezaupideak baliatzen ditu, eta STEAM (Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics-en ingelesezko akronimoa) gaitasunak garatzen ditu, motibazio handia lortu eta ikasleak ahaldunduz gizarteko erronkei arduratsu aurre egin ahal izateko. Ikasteko eredu honek lan-merkaturako prestatzen ditu gazteak; izan ere, merkatuak jakintza-arlo hauek hobeto ezagutzea eskatuko die, bai eta sormenez erabiltzeko gaitasuna ere, taldean lan eginez, hipotesiak ikertuz eta hainbat baliabidetako informazioa aztertuz.

Innobasquek lehentasuntzat dauka STEAM hezkuntza bultzatzea, eta ekimen honetan eragileen eragile gisa parte hartzen du proiektua bere ikastetxeetan, orain arte 11, ezagutaraziz eta zenbait erakunde eta Herri Administraziorekin harremana erraztuz.

Bizkaiko Gaztelueta ikastetxeak, Innobasqueko bazkideak, bere curriculumetan sartu du bost hilabeteko iraupena duen egitasmo hau. Eta hau gauzatzeko, Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren laguntza dute, hau ere gure bazkidea, eta beronen aurrean aurkeztuko dituzte krimena ikertu, argitu eta ateratako azken ondorioak. Gainera, parte hartzen ari dira UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatea, Euskal Herriko Kimikari eta Ingeniari Kimikoen Elkargo Ofiziala, Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargo Ofiziala eta Leioako Udala ere, guztiak Innobasqueko bazkideak.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago