Esparru-programan zuzkidura ekonomikorik handiena duen zutabea da eta honako hau du xede: ikerketa eta berrikuntzaren bidez EBren politikei eta Garapen Iraunkorrerako Helburuei ekarpena egitea.

2021ko apirilaren 8ko erreportajea

Horizon Europe munduan anbiziorik handiena duen ikerketa- eta berrikuntza-programa da, bai bere diru-zuzkiduragatik, bai arau batean laburbil daitezkeen helburuen eragin sozialagatik: Europak erkidego gisa dituen erronka handiei ikerketaren eta berrikuntzaren bidez erantzutea. Erronka sozialak, demografikoak, ekonomikoak, teknologikoak, klimatikoak edo sanitarioak izan daitezke, besteak beste.

Xede horiek lortzeko planifikazio zaindua behar da; programa honetan, planifikazio hori hiru oinarritan finkatzen da. Horietarako bat, lehenengoa, bikaintasun zientifikoa lortzera bideratuta dago. Beste batek, hirugarrenak, Europa berrikuntza disruptiboko potentzia lider gisa finkatu nahi du. Eta, bien artean, bigarren oinarria dago, ikerketa eta berrikuntza finantzatuko dituena Europak dituen erronka sozialei aurre egiteko, eta, horrela, bere ahalmen teknologikoak eta industrialak indartzeko.

Aste honetako artikuluarekin hiru artikuluk osatutako multzo bati hasiera emango diogu. Horien bidez, bigarren zutabe honetako euskal enpresetarako alderdi interesgarrienetako batzuk azalduko ditugu. Bigarren zutabe hori munduko erronken eta Europako industria-lehiakortasunaren zutabea da, hain zuzen ere.

 

Esparru-programaren aurrekontuaren erdia baino gehiago

Nabarmendu behar den lehenengo alderdia honako hau da: esparru-programako aurrekontu-zuzkidura handiena duela. Izan ere, kopuru osoaren erdia baino gehiago bertara doa. Europak bederatzigarren esparru-programan inbertituko dituen 95.500 milioi euroetatik 53.516k oinarri hori izango dute helburu, hainbat herrialdetako bazkideen partaidetza behar duena bere proiektu guztietan. 

Oinarri hori erronka globalei heltzen dieten gaiak biltzen dituzten klusterretan egituratuta dago. Klusterren integrazioa diziplina, sektore eta politika arteko nazioarteko lankidetza sustatzeko diseinatuta dago. Horretaz aparte, berrikuntzaren potentzialaren dimentsionamendu handiagoa lortzeko xedea du, eta hori emankorragoa izan ohi da diziplinen eta sektoreen arteko intersekzioan.

Horrela, deialdiak finantzatuko dituzten ikerketa- eta berrikuntza-ildoak honako kluster hauen bidez egituratuko dira:

-Lehenengoa osasunera dedikatuta dago eta 8.426 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura izatea espero da. Helburuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: gaixotasunak prebenitzeko, diagnostikatzeko eta tratatzeko irtenbide berritzaileak garatzea; osasunerako arriskuak arintzea; ohitura osasungarriak sustatzea, eta osasun publikoko sistema bidezkoagoak eta jasangarriagoak lortzea.

-Bigarrenak kulturarekin, sormenarekin eta gizarte inklusiboarekin zerikusia duten iniziatibak hartzen ditu barne. Aurreikusita dago 2.280 milioiko aurrekontu-partida izatea eta bere xedea da Europako balore demokratikoak indartzea, ondare kulturala babestea eta sormen artistikoa sustatzea.

-Hirugarren klusterrak ziurrenik 1.596 milioi euro jasoko ditu gizartearen zerbitzurako segurtasun zibila berritzeko. Hau da, eraldaketa sozioekonomikoekin eta hazkundearekin sortu ahal diren mehatxuei erantzutera: delinkuentzia informatikoa, hondamendi naturalak, gizakien jarduerek eragindako hondamendiak…

-Laugarren klusterrak sektore digitala, industriala eta espaziala biltzen ditu, eta badirudi horietara bideratuko dela partidarik handiena: 15.349 milioi euro. Atal honetan Europaren subiranotasuna bermatu nahi da digitalizaziorako oinarrizkoak diren teknologietan, bai eta industria eta teknologia espazial lehiakorra eta jasangarria garatu ere.

-Krisi klimatikoa arintzeko eta energia- eta mugikortasun-ereduak jasangarriagoak, eraginkorragoak, lehiakorragoak eta adimentsuagoak diren beste batzuekin ordezkatzeko berrikuntzak dira bosgarren klusterraren ardatzak. Espero da horietara bideratzea bigarren partidarik handiena: 15.123 milioi euro.

-Azkenik, elikadurak, bioekonomiak, baliabide naturalek, nekazaritzak eta ingurumenak osatzen dute seigarren klusterra. Kluster horren aurrekontua 1.970 milioi eurokoa izango da. Haren helburua da elikagaien segurtasunari heltzea, eta, bitartean, baliabide naturalak eta biologikoak modu jasangarrian babestea, lehengoratzea eta kudeatzea.

 

Hurrengo lau urteetarako oinarrizko orientabide estrategikoak

Horizon Europe ekimenak zazpi urteko egikaritze-epea duen arren, Covid-19aren agerraldiak eta iraunkortasunak epe hori bi denbora bloketan zatitzea eragin du. Lehenengoa 2021 eta 2024 artekoa izango da, eta osasun-krisia eta haren ondorio ekonomikoak atzean uzteko lehentasun politikoei erantzuten die; hortaz, suspertze ekonomikoa du ardatz. 

Horrela, sei klusterren barruan oinarrizko lau orientabide estrategiko definitu dira (edo KSOak, “key strategic orientations”) Europako ikerketak eta berrikuntzak eragin handiagoa izan dezaten datozen lau urteetan. Horrela, Europako Batzordeak honako hauetara bideratutako inbertsioei emango die lehentasuna:

-Autonomia estrategiko irekia sustatzea, eta, horretarako, funtsezkotzat jotzen diren teknologia, sektore eta balio-kate digital, gaitzaile eta azaleratzaileen garapena bultzatzea.

-Europako ekosistemak eta biodibertsitatea berrezartzea eta baliabide naturalak modu jasangarrian kudeatzea.

-EB lehenengo ekonomia zirkular bihurtzea, klimatikoki neutroa eta jasangarria, teknologia digitalean oinarritua.

-gizarte erresilienteagoa, inklusiboagoa eta demokratikoagoa sortzea.

 

Misioak eta lankidetzak

Erronka sozialei modu bizkor eta eraginkorragoan aurre egiteko, Batzordeak berrikuntza garrantzitsuak txertatu ditu 2. oinarrian, hurrengo buletinetan azalduko ditugunak. Halaber, ahal bada, horien deialdiak aurretiaz ezagutzea komeni da.

Alde batetik, ikerketa eta berrikuntza misioak daude, klusterren aurrekontuaren % 10 arte hartuko dutenak eta asmo handiko xede lorgarrietan oinarrituko direnak; misio horiek epe zehatzak izango dituzte eta Europa osorako onura komunak lortzera bideratuta egongo dira (hala nola hiru milioi pertsonaren bizitza salbatzea minbiziaren diagnostikoa eta tratamendua hobetuz, Europako ehun hiri klimatikoki neutroak izatea hamar urte barru, gure itsaso eta lurzoruen babesa ziurtatzea edo gure eskualdeak aldaketa klimitikoarekiko erresilienteak izatea).

Bestalde, Europako lankidetzak daude; lankidetza publiko-pribatuan oinarritzen den formula hori aurreko programetan existitzen zen jada, baina Batzordeak optimizatu egin nahi izan du. Asmo handiagokoak diren lankidetzen belaunaldi berri bat da, Europaren trantsizio hirukoitza (digitala, ekologikoa eta erresilientziazkoa) bizkortzen lagunduko duten helburuetara bideratua. Lankidetzen bidez proiektuak aurkezteko egindako deialdiek klusterretara zuzendutako aurrekontu-partidaren erdia hartu ahalko dute gehienez ere.

 

Partekatu albiste hau