Axular Lizeoa (Donostia, Gipuzkoa), Karmengo Ama ikastetxea (Zornotza, Bizkaia) eta Tecnoclub Elburgo (Elburgo, Araba) taldeak izango dira Euskadiren ordezkariak First Lego League lehiaketaren Espainiako finalean, martxoaren 12an Gironan.

FLL nazioarteko lehiaketa da zientzia, teknologia eta berrikuntza sustatzeko, 9 eta 16 urte arteko ikasleentzat da, erronka global bat jartzen dielarik erantzun berritzaileak emateko. Aurten hondakinen kudeaketa edo “Trash Trek” izan da erronka. Hiru euskal taldeek garatu dituzten proiektuak birziklatzeaz haratago doaz, eta ekonomia zirkularrean oinarrituriko irtenbideak asmatu dituzte.

Laranja-azalak, badminton pilota hegalariak eta lurrean itsatsitako txikleak: hiru hondakin horietaz ikertu dute FLL Euskadi taldeek. Hona hemen final handira eramango dituzten hiru proiektuak. Zorte on!

Zer beste erabilera eman diezaiekegu laranja-azalei?

Donostiako Overclock Axular taldeak bi produktu egitea planteatzen du olio esentzialen propietateez eta laranja-azalen lurrinaz baliatuta: Nanas espartzuak eta lurrin zitrikoa duten barne-zolak kirol-oinetakoetarako, plastiko biodegradagarriz eginak.

Azken prestakuntza-asteetan ekonomia zirkularreko proiektu honetaz iritziak trukatu dituzte zientzialariekin. Adibidez, Xabier Larretxea biokimikan doktorearekin; Xabier Aztiria elikaduran teknikariarekin, eta Mirari Pagola xaboi-ekoizlearekin. Lantaldea saiakuntzak egiten ere ari da. Bere plastiko biodegradagarria egin du laborategian, eta horri esker espartzuaren kostua bi heren merkatu liteke nikelezkoak duen prezioaren aldean.  Gainera, TELESONIC enpresaren bidez 3D inprimagailu bat lortu du. Datozen asteetan, EHUko Gipuzkoako campuseko Kimika Fakultatearen laguntzaz, ikusiko dute ea beren plastiko biodegradagarria honelako inprimagailuetan erabil daitekeen edo ez.

FLL Euskadi-ren 7 edizioetan Axular Lizeoa lau alditan igaro da hurrengo fasera. Taldeak nazioarteko hiru txapelketatan ere hartu du parte. Honela, Holanda, Turkia eta Italian izan da, hemen debutatu zutelarik 2012. urtean azken-azken finalean. “Urratsez urrats, guztiok aurrerantz”, hori da taldearen goiburua, eta erakusten du talde-lana dela beraien estandartea.

Lurrean erantsitako txikleak erabil daitezke belar artifizialeko zelaiak egiteko?

Zehatzago esanda, Zornotzako Karmengo Ama taldeko kideek kautxu bihurtzea proposatzen dute, lehorketa natural eta bulkanizatuaren bidez.Prozedura honekin, txikleak gogortu eta hotzarekiko erresistente bihurtzen dira, eta honela lortzen da futbol-zelaietan belar artifizialaren osagarri gisa erabiltzea.

Lantaldeak aukera ezberdinak aztertu zituen jakiteko zein zen prozesu egokia bere hondakinaren tratamendurako. EHUko Biokimikako Fakultatean, adibidez, liofilizazioa zer zen ikasi zuten. Hala ere, bere kostu handiagatik baztertu egin zuten aukera hori. Bridgestone pneumatiko-enpresaren bidez Lea Artibai Ikastetxearekin ere jarri ziren harremanetan. Honela, lantaldeak ikusi zuen proiektua bideragarria zela eta eraldaketa-prozesurik onena bulkanizatua dela.

Erabilitako txikleak belar artifizialeko zelaietarako berrerabiltzeaz gain, ikasleak beste erabilera batzuk ari dira baloratzen, adibidez, zoruko goma gisa haur-parkeetan. Aldi berean, proiektuak sentiberatze-plana planteatzen du herritarrentzat, lurrera botatzen diren txikleen kopurua gutxitzeko helburuarekin.

Karmengo Ama ikastetxea 2009tik ari da parte hartzen FLL Euskadin. Oraingoan hirugarren aldiz hartuko dute parte estatuko finalean. 2012an “Adineko bat besoetan hartu / Apadrina la sabiduría”  proiektuarekin zahartzearen erronkari erantzun nahi izan zioten,  eta 2014an ciberbulliyng-aren prebentzio-proiektuarekin ikaskuntzaren erronkari eman zion bere irtenbidea. 2013an Paderborn-en (Alemanian) jokatu zen Europako txapelketarako sailkatu zen.

Nola eragotzi badmintoneko pilota (luma-bola) hegalariak zakarrontzian amaitzea?

Erronka honi erantzuteko, Tecnoclub Elburgo arabar taldeak hiru irtenbide proposatzen ditu: luma-bola hegalariak konposta egiteko erabiltzea, erre eta erregai gisa erabiltzea, edo nylonezkoak urtzea pilota hegalari berriak edo arropak egiteko.

Hiru aplikazio hauetara iristeko taldeak informazioa eta esperimentuak trukatu ditu hainbat aditu eta enpresarekin. Adibidez,  Ekaia Eco-gestión-eko Mertxe Miguel-ek luma-bola hauen erabilgarritasuna egiaztatu du konposta egiteko. Honela, luma-bola hauek egitura ematen dutela aurkitu du eta konpostean aireak zirkulatzea ahalbidetzen dutela, osagaiak usteltzea saihestuz. Gainera, taldea konturatu da luma-bolak lehengai ona direla konposta ekoizten duten enpresentzat. “Luma-bola hauek urte osoan izatea gauza ona da eskala erdi eta handiko konpostatze-prozesuetan, beti eskura baitago elementu organiko bat konposta egiteko soropilik ez dagoenean”, adierazi du Tecnoclub Elburgo-ko trebatzaileak.

CEMA fundazioak eta Portland Vaderrivas enpresak jarraibideak eman dizkiete luma-bola hauek erregai gisa erabiltzeko zementu-fabriketan edo galdaretan. Bestalde, beste bide batzuk aztertzen ari dira: nylonezko luma-bolak in situ birziklatzea 3D inprimagailuentzako filamentua lortzeko, edo lumak berrerabili eta arropak egiteko.

Tecnoclub ElBurgo aisialdiko talde bat da, gurasoek gidatua, eta bost ikastetxetako ikasleak biltzen ditu. Lehenengo aldiz sailkatu da Espainiako finalerako. Crowdfunding kanpaina bat jarri dute martxan banako sponsor edo babesleak aurkitzeko. 10€ ordainduta, nahi duenak bere izen-abizenak jar ditzake Espainiako FLLn eramango dituzten elastikoetan.

Partekatu albiste hau