Hiriek erronka handiak dituzte aurrean: baliabide-eskasia, langabezia, iraunkortasuna edo herritarren parte-hartzea. Erronka horiei aurre egiteko, smart city-ek estrategia berritzaileak hartzen dituzte teknologia-zentro eta enpresen laguntzaz eta herritarren parte-hartzeaz.

Donostia Sustapenaren Berrikuntza Astean kokaturiko Innobasqueren Astearte honetan zenbait ekinbide aztertu dira, bai administrazio-ikuspegitik eta bai enpresa-ikuspegitik.  Txema Villate Innobasqueko zuzendari nagusiak eta Eukén Sesé Donostia Sustapenako gerenteak eman diote hasiera “Hiriak eta Berrikuntza” jarduerari.

Ondoren, mahai-ingurua izan da EAEko hiru hiriburuen ordezkaritzaz, hiri berritzaileen eredu gisa.

Iñigo Olaizola, Donostia Sustapenako proiektu eta berrikuntzaren arduradunak Donostia berrikuntza-laborategi gisa erakutsi du zenbait arlotan.

Gasteizko Udaleko plangintza estrategikoaren zerbitzuburua den Juan Castrok azaldu duenez, bere hirian berrikuntza, aurrerapena eta gizarte-ongizatea indartuko dituen ingurunea eraikitzearen alde egiten da.

Josu Santacruz, Bilboko Udal-Cimubisa-ko aliantza eta bezero-arretarako arloan smart city ekinbideen arduradunak bere hiriaren konpromisoa helarazi du berrikuntzan eta ezagutzan oinarrituriko hiri lehiakorra sortzeko.

Consuelo Fernández, Bartzelonako Udaleko berrikuntza-zuzendaritzaren albokoak, hiriburu katalanak duen berrikuntzaren zehar -ikuspegia azaldu du.

Smart City-en erronkei aurre egiteko hainbat ekinbideren berri ere eman da: Urb-Grade proiektua, argiteria publiko adimenduna Eibarren; Hiri Space Salburua, Gasteizen hutsik dauden merkataritza-lokalei erabilera emateko; edo Cross, ekosistema berritzaile alternatiboak sortu nahi dituena.

Aitor Alzaga, IK4-Tekniker-eko teknologia-zuzendariordeak Urb-Grade proiektuaren ezaugarriak zehaztu ditu, argiteria publikoan energia-eraginkortasuna lortzeko.

Bestalde, Lauren Arrizabalaga, SLK Sarkis Lagunketa taldeko lehendakariak, Hiri Space Salburua zertan datzan azaldu du: hiriaren berrikuntzarako martxan dagoen proiektu honek eraiki berriak diren auzuneetan hutsik dauden lokalei erabilera eman nahi die.

Amaitzeko, Tecnaliatik, Jesus de la Quintanak, hiri-konponbideetan garatzen ari diren ekinbideen liderrak, eta Maite Morenok, teknologia eta gizarte arloko ikertzaile espezialistak, Cross proiektua aurkeztu dute, sinergia hiritarrak bilatzen dituelarik etorkizun burutsu edo adimendunerantz joateko.

Jardunaldi honetako aurkezpenak Innobasqueren slideshare kanalean deskarga ditzakezue.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago