Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Debegesagarapen agentzia, Debabarrenako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundia lankide dituela, eskualdeko enpresa txiki eta ertainei zuzendutako topaketa bat egin dute ostiral honetan. Berrikuntzaren bidez enpresei beren eguneroko beharrizanetan laguntzea izan da topaketaren helburua, era horretara, haien emaitzak hobetu ditzaten.

Hitzordua Innobasqueko Goimek erakunde bazkidearen egoitzan izan da, Itziar-Debako Enpresa Parkean. Hala, jardunaldiaren bidez ETE-ei erakutsi nahi izan zaie antolaketaren edozein esparrutan berrikuntza ezartzea lagungarri dela enpresaren lehiakortasuna hobetzeko.  

Eskualdeko 27 enpresak erantzun diote deialdiari, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan dute zer zerbitzu eta tresna dituzten berrikuntza-proiektu bati ekiteko. Horretaz arduratu dira Cristina Zumeta, Debegesako Berrikuntza eta Enpresa Saileko arduraduna eta BPTD Elkarteko (Basque Precision Technology District) Idazkaritza Teknikoko koordinatzailea, Miguel Ángel Arenas, Industrias Maileko gerentea eta BPTDko batzordeko kidea, eta Luis Manero, Berrikuntzaren Euskal Agentziako, Innobasque, ETEetako berrikuntza-zuzendaria, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak EAEko enpresa txiki eta ertainei eskaintzen dizkien zerbitzuak sartu dituztenak.

Ondoren, Zumetak mahai-inguru bat moderatu du, eta, bertan, gertuko hiru enpresatako arduradunek beren erakundeetan berrikuntza sartzean izandako arrakasta-kasuak azaldu dituzte: Aitor Txurruka, Goimekeko zuzendari nagusia, Itziar-Deban kokatutako enpresa, doitasunezko piezen mekanizazioan espezializatua; Nekane Naberan, Naberan Sareak enpresako zuzendari nagusia, arrantza sareen artisau-fabrikazioan aritzen den Mutrikuko enpresan; eta Haritz Arribilaga, merkataritza eta proiektuen arduraduna, Itziar-Deban termoplastikoko piezen garapenean eta fabrikazioan aritzen dena.

Hain sektore desberdinetako enpresetako ordezkariak bat etorri dira pertsonen arloan eta produktu eta zerbitzuetan berrikuntzak egitearen garrantzia azpimarratzean.

Aitor Txurrukak, Goimek mekanizazio enpresako zuzendari nagusiak, “sektore heldua eta sendotua”, berrikuntza prozesu bat garatu du, enpresak merkatuan erakargarritasun handiagoa izan dezan. “Gure bezeroen aurrean aurkezteko eta Goimek bakar egiten duten balioak nabarmentzeko beste modu bat bilatzen genuen. Horren ondorioz, hobetu egin dugu gure jarrera eta harro gaude taldeko kide izateaz”, nabarmendu du zuzendari nagusiak.

Nekane Naberanek, Naberan arrantza-sareen artisau-fabrikazioko enpresako zuzendari nagusiak, “goi-mailako joskintzako tailer bat egiten du: erabat eskuz egiten da, eta neurrira egindako produktua”, HAZINNOVAra enpresan lan-giroa lantzera joan zela azaldu du. Eusko Jaurlaritzak ETE-en berrikuntzarako duen programaren bidez, Spri Taldeak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak kudeatuta, Naberanek diagnostiko bat eta jarduera-ildo batzuk lortu zituen bere taldearen ongizatean sakontzeko. Gaur egun, “lan ildo horretan aurrera egiten jarraitzen dugu, pertsonen arteko harremanetan hobekuntza globala bilatuz, eta horrek onura ekarriko dio proiektu osoari”, Naberaneko zuzendari nagusiak ziurtatu duenez. Gaur egun, HAZINNOVA proiektu berria garatzen ari da pertsonen esparruan.

Haritz Arribilaga, Reiner Groupeko merkataritza eta proiektu arduradunak, bestalde, berrikuntza produktu berriak garatzeko “funtsezko palanka gisa” nabarmendu nahi izan du. Ordezkatzen duen termoplastikozko piezak garatu eta fabrikatzen dituen enpresaren kasuan, berrikuntzaren aldeko apustua egiteak aukera eman die produktu propio bat garatzeko, merkatu berri baterako ateak ireki dizkiena, farmazialariari. “Zalantzarik gabe, ibilbide berri baten hasiera da Reiner Groupentzat”, ziurtatu duenez.

HAZINNOVAren bosgarren edizioak 50 orduko aholkularitza aditu eta pertsonalizatua eskaintzen die enpresa txiki eta ertainei, doan, eta oraindik ere baditu produktuak eta zerbitzuak eta pertsonen arloa berritzeko plazak. Interesa duten enpresa txiki eta ertainek urriaren 24a baino lehen eman dezakete izena spri.eus webgunean.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago