Google-ren ideia-laborategiak bere makinaria osoa jarri du martxan, eta hainbeste esperotako Google Glass-ak oraindik puntu gorenera iritsi ez badira ere, lurbiran ezagunena den bilatzailearen ardura duen konpainiak dagoeneko patentatu du beste gailu bat: lentilla edo ukipen-leiar adimendunak, beti soinean eramateko modukoak.

Lentilla adimendun hauen prototipoak bi alderdi ditu:

  1. Alde batetik, ukipen-leiar batzuk lantzen ari dira, eta horien sistemak mikrokamera bat sartzeko aukera emango luke, erabiltzaileak ikusten duenaren argazkiak egiteko. ‘Lentilla adimendun’ honekin argazki bat egiteko hainbat aldiz begiak kliskatzea baizik ez litzateke egin beharko, eta lentillan sartutako kameraren sentsoreak lentillen erabiltzailea une horretan ikusten ari denaren argazkia egingo luke automatikoki. Gainera, asmakuntzari eman ahal izango litzaizkiokeen erabilera batzuk zehazten dira patentean, adibidez, itsuei laguntzea, era autonomoan zeharkatu ahal izango bailukete zebrabide bat, hurbiltzen ari diren autoak detektatuko lituzketelako lentilla horiek eta telefonoaren seinale akustikoen bidez ohartarazi.
  2. Bestalde, garatzen ari diren beste leiar-ereduak txip ñimiño bat izango luke, eta malkoen azukre-mailak segundo batean detektatzeko gai den sentsorea; horrek diabetikoei lagunduko lieke gaur egun odola analizatzeko sistemekin lortzen dena baino kontrol zehatzagoa egiten. Gainera, LED argi txiki bat eransteko aukera ari dira aztertzen, eta glukosa-mailak apalegiak edo altuegiak direnean erabiltzailearen ikus-eremuan kliska egingo luke.

Dagoeneko lentillek igaro dituzte saiakuntza kliniko batzuk prototipoa fintzeko. Glukosa neurtzen duten leiarren prototipoen kasuan, proiektuaren bultzatzaileak diren Brian Otis eta Babak Parviz ingeniariek esan dute “hizketan ari direla Elikagai eta Botiken Administrazioarekin (FDA) teknologia hau produktu bideragarri bihurtzeko”, nahiz eta “oraindik zeregin asko dagoen teknologia hau jendeak erabiltzeko moduan egoteko”.

Dena den, iturri ofizialek diote Googlek ez duela merkaturatuko proiektua bere kasa, baizik eta beste konpainia batzuei emango diela teknologiaren lizentzia. Honela, konpainiak beste urrats bat egingo du teknologiaren erabilera eguneroko bizitzako arazoak ─kasu honetan medikuntzari lotuak─ konpontzera bideratutako estrategian.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago