Datorren astelehenean, azaroak 4, euskal berrikuntzaren hitzordu nagusia izango du Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak: Global Innovation Day jardunaldiaren 13. ekitaldia. Bilboko Azkuna Zentroa – Alhondigan izango da topaketa, eta aurten hauek izango dira ardatz: adimen artifiziala eta AA sortzailea, industrian dituzten aplikazioez harago, gizartearen esparru guztietara iraultza ekarri duten teknologiak.
Egitarauko ekitaldi nagusietako bat “Global Innovation Dayko solasaldia” izango da, eta aurten, gonbidatu, Ikerbasqueko bi irakasle eta ikertzaile izango dira: Nicola Molinaro eta Román Orús.
“Lengoaiaren ahalmena” izenburuko hitzaldian, Molinarok eta Orusek adimen biologikoaren eta artifizialaren arteko antzekotasun eta desberdintasunei buruz eztabaidatuko dute, baita teknologia kuantikoak AAko lengoaia-ereduetan duen eraginari buruz eta neurozientziak adar teknologiko horri eta alderantziz egindako ekarpenei buruz ere.
Nicola Molinaro, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko Brain Rhythms and Cognition ikerkuntza taldeko burua da, Zientzia Kognitiboetan doktorea, eta hizkuntza prozesatzerakoan elkarreraginean jarduten duten garuneko mekanismoak eta erritmoak ikertzen aritu izan da bere ibilbide profesionalean. Román Orús, berriz, Fisika Kuantikoan doktorea da, eta ikasketa automatikoa optimizatzeko algoritmo kuantiko berrien garapenean aritu izan da batez ere; Donostia International Physics Center (DIPC) zentroan aritzen da lanean, eta beste batzuekin batera berak sortutako Multiverse Computing enpresaren zuzendari zientifikoa ere bada.
Molinaro eta Orus adituez gain, AA ezartzen punta-puntakoak diren beste ikerketa-zentro batzuetako ordezkariak ere izango dira topaketan: esaterako, ‘Foku aditua’ gunean, Iñaki Suárez, Basque Artificial Intelligence Centerreko (BAIC) teknologia zuzendaria eta José Antonio Lozano, Basque Center for Applied Mathematics-eko (BCAM) zuzendari zientifikoa eta UPV/EHUko irakaslea ariko dira.
Global Innovation Day jardunaldia 15:30ean abiatuko da, eta hasteko, aurtengo berrikuntzetako bat izango da: Alhondigako atarian unibertsitateko eta Lanbide Heziketako 125 ikasleren eta Adimen artifizialeko 20 proiektu berritzaileren beste horrenbeste ordezkariren arteko topaketa. Topaketa horren ondoren, auditorioan 18:00etan, Manuel Salaverria Innobasqueko presidenteak eta Mikel Jauregi Industria, Eusko jaurlaritzako Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuneko sailburuak ongietorria egingo diete bertaratuei, eta aurtengo egitarauari emango diote bide. Hitzaldiak, solasaldiak, elkarrizketak eta kasu praktikoen aurkezpenak izango dira Innobasqueren egitarau horretan, eta agerian geratuko da euskal enpresek eta erakundeek AArekiko duten interesa, teknologia horren ahalmen eraldatzailea garatzeko eta industriako eta gizarteko hainbat esparrutan aplikatzeko.