Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Euskadiko jabetza intelektualaren egoera aztertu du gaur goizean. Gainera, Europako egoerarekin alderatu du eta azken urteetan izan duen bilakaeraren berri ere eman du. Innobasqueko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Politiken Unitateko proiektuen arduradun Iñaki Ganzarainek parte hartu du “La propiedad intelectual y las pymes: para que las ideas lleguen al mercado” jardunaldian (Jabetza intelektuala eta ETEak: ideiak merkatura irits daitezen). Jardunaldia Berrikuntzaren Euskal Agentziaren bazkide den Galbaian enpresak antolatu du, Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundeak sustatzen duen Jabetza Intelektualaren Mundu Egunaren harira. Gaurko egunean, patente, marka, marrazki eta modelo industrialen eskubideek eta egile-eskubideek berrikuntzaren eta sorkuntzaren sustapenean duten zeregina azpimarratu behar da; izan ere, jabetza intelektualaren sistema orekatu batek asmatzaile eta sortzaileen lana aitortzen eta saritzen du, gizarteak haien sormenaren eta asmamenaren onurak jaso ditzan.

Ganzarainek adierazi duenez, azken urteetan hobetu egin da Euskadiren berrikuntzako errendimendua , nahiz eta oraindik badagoen zer hobetu berrikuntzaren babesaren arloan. Hori horrela, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloko politikak jabetza intelektualaren aldeko apustua egiten ari dira, eta horixe da, hain zuzen, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana 2030 plan berriaren apustu estrategikoetako bat. 

Europako Batzordearen 2019ko Regional Innovation Scoreboard-aren arabera, Euskadik egiten dituen nazioarteko marken eskaerak EBren parean daude; aldiz, nazioarteko patente eta diseinuen eskaerak Euskadikoa bezalako ekonomia bati dagokion kopuruaren azpitik daude. Hain zuzen, 2019an Euskadik 465 marka eta 125 diseinu babestea eskatu zuen Europar Batasunaren Jabetza Intelektualaren Bulegoan (EUIPO). Ganzarainek azaldu duenez, Tecnalia zentro teknologia, Autotech eta Gestampeko I+G enpresarialeko unitatea EPO patente gehien eskatzen dituzten Estatuko hamar erakundeen artean daude. Horrez gain, nabarmendu du enpresek babes-tresna gisa erabili ohi dutela jabetza intelektuala, eta ez horrenbeste beren merkataritza-estrategiaren zati gisa. Bukatzeko, azpimarratu du jabetza intelektualaren kudeaketak funtsezkoa izan beharko lukeela enpresen berrikuntza-estrategian. 

Jardunaldia gaur goizean egin da Arrasateko (Gipuzkoa) Garaia Parke Teknologikoan. Aurrez aurre bertaratzeko aukera egon da, baina baita telematikoki ikustekoa ere. Hauek ere parte hartu dute jardunaldian: Ismael Igartua, Galbaianeko zuzendaria; Idoia Apraiz, Galbaianeko Jabetza Intelektualaren Kudeaketa Estrategikoaren arduraduna; Iñigo Irizar, Handituko bazkidea; eta Arrate Jaureguibeitia, Innobasqueren bazkide den Biolan ETEko berrikuntza-zuzendaria. Azken horrek azaldu du bere enpresak nola integratzen duen jabetza intelektuala bere berrikuntza-estrategian.

Partekatu albiste hau