Euskadiko robotika-lehiaketarik berritzaileenak 600 ikasle baino gehiago ikasgeletako lau hormen artetik kanpora irtetea lortu du, eta EHUk Bilbon San Mames ondoan duen teleskopioa zuzen-zuzenean ezagutu, esperimentatu eta probatzea, “serious games” nola diseinatzen diren jakitea, baita ere pribatutasunak Interneten duen garrantzia, errealitate gehitua, 3D-ko inprimaketaren lanbide-aplikazioak edo etorkizuneko unibertsitatea nolakoa izango den. Azken hilabeteotan Euskaltel, Virtualware, UPV/EHU, Vicomtech-IK4, CEIT-IK4, Tecnun, Tecnalia, Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Telekomunikazioetako Ingeniarien Elkartea eta Innobasque buru-belarri aritu dira 9 eta 16 urte arteko neska-mutilei erakusten zein diren lantzen dituzten ikaskuntza-arloak. Eta hori guztiori abenduaren 13an daukaten onena eman dezaten FLL Euskadin, bertan 35 taldek beren asmamena, berrikuntza eta sormena neurtuko dituztelarik.

Aurtengo erronka FLL Euskadin, eta mundu osoan 70 herrialde baino gehiagotan egingo diren gainerako lehiaketetan, ikaskuntza da. Eremu honetan irtenbide berritzaileak asmatu eta prototipatzea da erronka FLL Euskadiren edizio honetan, mikroFLL edo abenduko sailkatze-txapelketaren bidez parte hartzen duten 700 gazte baino gehiagorentzat.

Aurten, nobedade gisa, bere ikasleen bidez parte hartzen duten ikastetxeek, hezkuntza-abangoardian dauden ikastetxe berritzaileek, beren jardunbide egokiak partekatuko dituzte, horrela konponbiderik onenak eta lorturiko arrakastak batera jarriko dituen komunitate bat sortzeko.

Aipaturiko erakundeez gain, ehun bat boluntario izango dira ikasle taldeekin Euskaltelen egoitzan, eta horiek arduratuko dira bermatzeaz mundu guztia bere lekuan egongo dela behar den unean, baita gazteei laguntzeaz ere. Zientzia- eta teknika-proiektuak ebaluatuko dituzten epaile-lanak ere egingo dituzte, eta lehiaketa robotikoan arbitroak izango dira. FLL Euskadiren “arima” dira, eta ekinbide hau Berrikuntza Eskolaren parte da, Innobasquek sustatua, eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren babesa duena. Edizio honetan, Euskal Herriko Telekomunikazioetako Ingeniarien Elkargoa arduratuko da epaileak ─hainbat jakintza-arlotako jarduneko profesionalak─ koordinatzeaz. 

Ezinbesteko kolaboratzaileak

Honela, seigarren urtez jarraian, Euskaltel telekomunikazioetako operadoreak bultzatzen du txapelketa hau; kirol-ekitaldien formatua du, eta berrikuntza, ekintzailetza eta sormena sustatzen ditu. Euskaltelek, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko egoitzan dituen instalazioak lagatzeaz gain, prestakuntza eskaintzen die parte-hartzaileei. Oraingo honetan Interneteko datuen pribatutasunari buruzkoa izan da, eta informazio hori diru bihurtzen duten enpresak daudela ikusi ahal izan dute gazteek.

Epaileen koordinazioaz arduratzen den Euskal Herriko Telekomunikazioetako Ingeniarien Elkargoaren bidez, EHUk “Espazio Ikasgela” erakutsi du, non prestatzen baitira ingeniariak, teknologoak eta ikertzaileak espazioan lan egiteko, eta bertan teleskopioa probatu ahal izan dute ikasleek. Deustuko Unibertsitateko Deustotech-ek ere bere laborategiak ireki dizkie neska-mutikoei.

Bestalde, Virtualware-ko ingeniariek FLLko parte-hartzaileei lagundu zieten erabiltzen eta garatzen ari diren hainbat teknologiatan zehar egindako ibilbidean: errealitate gehitua, helburu didaktiko edo sendatzaileak dituzten Kinect edo bideojokoak.

Vicomtech IK4-n errealitate gehitura hurbildu zituzten, CEIT IK4 eta Tecnun-eko ingeniariek sekula ez zaiola ikasteari uzten azaldu zieten, eta Tecnaliak etorkizuneko ikasgela adimendunean barneratu zituen. Ikasi proiektuaren bidez, biharko unibertsitatea diseinatzen ari dira, non ikastea lankidetzazko prozesua izango baita, eta errazagoa teknologia berriak aplikatzea.

Azkenik, taldeen entrenatzaileek txapelketa sustatzen duen Innobasqueren eskutik jaso dute robotikan prestakuntza.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago