Gaur FIRST LEGO League Euskadiren 13. edizioa irabazi duten sei taldeek parte hartuko dute datorren apirilaren 2an Espainiako finalean, Malagako Torremolinos udalerrian. Bertan euren berrikuntza-proiektuak aurkeztuko dituzte, eta euren robotak lehian arituko dira Houstoneko (Estatu Batuak) munduko finalerako sailkatzeko. Final hori apirilaren 23an eta 24an izango da. Bilboko Begoñazpi Ikastolako, Portugaleteko Stem toki-Edurobotic-eko, Gernikako San Fidel Ikastolako, Arrasateko Arizemendi Ikastolako, Gasteizko Urkide Ikastetxeko eta Donostiako Axular Lizeoko ordezkariak dira. Egoitza bakoitzeko (Bilbo, Donostia eta Arrasate) bi talde onenak dira, eta gaur goizean FIRST LEGO League txapelketaren Euskadiko finalean parte hartu duten 116 taldeetatik osoenak izan dira. Txapelketa Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatzen du, Deustuko Unibertsitatearekin, Donostiako Sustapenarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan.

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ia mila ikasle bildu dira goizean goizetik Euskadiko hiru egoitzetan, FLL Euskadi bitxi batean parte hartzeko; izan ere, publikorik gabe egin da, burbuila-taldeekin, bigarren urtez jarraian, jende-pilaketak ekiditeko eta neurri soziosanitarioak betetzen direla bermatzeko. Epaimahaiko kideek berrikuntza-proiektuak ebaluatu eta parte-hartzaileek azken hilabeteetan zehar diseinatu dituzten robotak baloratu dituzte. Balioak dira txapelketan puntuatzen den hirugarren zutabea: gazteek azaldu dute zein jokabiderekin irudikatu dituzten ezagutza, berrikuntza, eragina, inklusioa, lankidetza eta dibertsioa.

Talde irabazleen berrikuntza-proiektuek erronka honetarako soluzio bakarrak proposatzen zituzten: neumatikoen hondakinen zuntzak aprobetxatuz paketeak banatzeko kutxa jasangarriak, RFID txartel-irakurgailua duen sistema estandarizatua loteak elikagai-bankuetan prestatzeko eta entregatzeko, paketeak automatikoki sailkatzen dituen zinta garraiatzailea, bitartekaririk gabe robotizatutako postontzi adimendunaren sistema, etxe-garraioko txip adimenduna garapena eta etxeko abereen garraioan erosotasuna hobetzeko soluzioa.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburua Bilboko Deustuko Unibertsitateko egoitzara joan da aurrez aurre ezagutzeko aurkeztutako lanak. Harekin batera hauek bertaratu dira: Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Saileko diputatua; Xabier Otxandiano, Bilboko Udalaren Politika Ekonomikoen eta Herritarren Arretaren zinegotzi koordinatzailea; José María Guibert, Deustuko Unibertsitateko errektorea; Victor Urcelay, Deustuko Unibertsitateko errektoreordea; Asier Perallos Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza dekanoa; Cristina Giménez Elorriaga, Deustuko Unibertsitateko Unibertsitatea‑Enpresa zuzendaria; Pablo García-Bringas Deustuko Unibertsitateko Kanpo Harremanetarako dekanordea; María Lambarri, Deusto Social Labeko proiektu estrategikoen koordinatzailea; Nora Sarasola, BBKren Gizarte Ekintzaren zuzendaria; Arantza Hallett, ITP Aeroko Hallett, Giza Baliabideetako zuzendari exekutiboa; Gotzone Hériz, Ausolaneko gerentea; Javier Butragueño, Ingeniera Soy elkarteko presidentea; Manuel Salaverria eta Leire Bilbao, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren presidentea eta zuzendari nagusia, hurrenez hurren.

Epaimahaiaren epaia 17.00etan jakinarazi da, Innobasqueren Youtube kanalean zuzenean emandako programa baten bidez; programak hiru egoitzak lotu ditu, eta palmaresa jakinarazi dute oso-osorik.

FIRST LEGO League Euskadik bi kategoria ditu: Challenge, 10 eta 16 urte arteko ikasleentzat, euren artean lehiatzeko, eta Explore, 6 eta 9 urte artekoentzat. Azken horientzat parte hartzea lehen kontaktua da zientzia eta teknologiaren munduarekin. 

 

Euskadin 35 erakunderen laguntza izan duen STEAM Hezkuntzaren programa

FIRST LEGO League Euskadi Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatzen duen hezkuntza-programa da, Deustuko Unibertsitatearekin, Donostiako Sustapenarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundien laguntza du. Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategiaren parte da, eta haren helburua da ikasleen ezagutza zientifiko eta teknologikoen maila handitzea, bereziki emakumeena.

Aurten 35 erakunde publiko eta pribatuk eman diote laguntza proiektuari: enpresak, unibertsitateak, teknologia-zentroak, ikerketa-zentroak eta erakundeak euren gaitasunak batu dituzte helburu komun batekin: gazteenen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa sustatzea.

Aurten nazioarteko antolakuntzak mundu osoko 110 herrialdetan egingo diren 3.700 txapelketei begira aukeratu duen erronka salgaien garraioa izan da (Cargo connect); beraz, roboten proiektu eta misioek lotura izan dute gai horrekin.

 

Partekatu albiste hau