Joan zen ostiralean, Manu Salaverriak eta Leire Bilbaok ─Innobasqueko lehendakaria eta zuzendari nagusia hurrenez hurren─ garbi aitortu zuten 200 boluntarioen lana “beren konpromiso eta ilusioarekin Innobasqueri lagundu baitiote Espainia osoko FIRST LEGO League torneorik handiena arrakastaz antolatzen”. 

Innobasquek aurten marka hautsi du FIRST LEGO League Euskadin, guztira 1.200 izan baitira, 37 ikastetxetako 81 taldetan banatuta. Txapelketa joan zen otsailaren 10ean izan zen Gasteizen, eta Espainia osoko handiena izan zen, biztanleria handieneko erkidegoa ez izan arren. 

Innobasque eta Bilboko Portuko ordezkariak izan ziren FIRST LEGO League Euskadiko boluntarioei egin zitzaien lehen Aitortza-ekitaldi honen buru, Getxoko gurutzontzien terminal berrian (“Olatua”) egin zelarik. “Indibidualismo handiko garaiotan hunkigarria da egiaztatzea Euskadin badela jendea bertoko gazteekin oso konprometitua. Zeuen ekarpenaz oso harro egon beharko zenuketela uste dut”, esan zien Innobasqueko lehendakariak.

Bestalde, Itziar Sabas, Bilboko Portuko Agintaritzako Giza Baliabideen zuzendariak, erakundeetan lan boluntario korporatiboa sustatzeak duen garrantzia azpimarratu zuen. Leire Bilbaok, bere aldetik, lan boluntarioaren atzean dauden balioak eskertu eta goretsi zituen: “proiektu honekin zientzia-bokazioak piztu nahi ditugu ikasleen artean, baina balioak bultzatu ere bai: gizarteratzea, talde-lana, sormena, aurkikuntza eta berrikuntza. Eta zuek zarete balio hauen estandarterik onenak”. 

Ekitaldian 60 pertsona izan ziren eta berarekin eman zitzaion amaiera FIRST LEGO League Euskadi 2017-2018 denboraldiari.

First Lego League Euskadi-ri buruz

Innobasquek bultzatzen du FIRST LEGO League Euskadin, zientzia- eta teknologia-gaitasunak garatzen laguntzeko euskal gazteei, baita XXI. mendeko trebetasunak ere (talde-lana, komunikazioa, arazoak konpontzea eta sormena), gauza bat edo bestea ikasi, lan-munduan beti beharko dituzte eta.

Innobasquerekin lankidetzan dabiltza enpresak, teknologia-zentroak eta herri-erakundeak, adibidez Euskaltel Konekta Fundazioa, MONDRAGON Korporazioa, Bilboko Portua, Iberdrola, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Azti Tecnalia, Gasteizko Udala eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago