Otsailaren 10ean FIRST LEGO Leagueren Euskadiko finalean lehiatuko diren Arabako bi talderekin hitz egin dugu. Haien esperientziaren berri eman digute Fidel Gomezek, Burgeluko entrenatzaileak eta Iñigo Beristainek, Bastidatiko Herri Ikastetxeko zuzendariak. Bata zein bestea beren taldeak bultzatu eta abian jartzeaz arduratu ziren, baina nor bere testuingurutik. Fidel aisialdi hezitzailetik eta Iñigo hezkuntza formaletik.

Biek aitortu dutenez, proiektuaren helburua gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko jakinmina zabaltzea bada ere, integrazioa eta talde-lana bezalako balioen sustapena da FIRST LEGO Leagueren ezaugarririk positiboenetakoa.

Fidel Gomez ingeniaria da eta elkarte bezala eratu den Burgeluko Tecnoclub aisialdi-taldea ordezkatzen du.

Oso gutxi dira eskolatik kanpo talde bezala parte hartzen dutenak. Hala ere, Tecnoclub FIRST LEGO Leagueko klasikoa bilakatu da. Zenbait ediziotan parte hartu dute Euskadin eta Burgosen, hantxe hasi baitzuten orain arteko ibilbidea, Junior kategorian. 2015ean, Europako txapelketan lehiatzea lortu zuten, ordurarteko jardunaren aintzatespen gisa.

Tecnoclub Fidelen ekimenez sortu zen, eta berehala, herriko nahiz eskualdeko gurasoen atxikimenduak biltzen hasi zen, seme-alabentzat jarduera arras interesgarria izan zitekeen ustean. Gasteizko taldekideak ere baditu.

Gazteengan teknologia eta zientziarekiko zaletasuna txertatzea da aisialdi-talde honen helburua. “Araututako hezkuntzan ez da asko lantzen alderdi teknologikoa, eta hemen horrexetan trebatzeko aukera dute”, adierazi du Fidelek.

Asteburuetan elkartzen dira beren jarduerak aurrera ateratzeko, eta FIRST LEGO League Euskadik toki garrantzitsua hartu du jarduera horien arten: “epe luzeko proiektu honek urteko hilabete askotarako zeregina ematen digu”, ziurtatu du.

“Hasieran, prestaketa lan handia egiten genuen lehiaketaren egunari begira, baina orain hori aitzakia bat besterik ez da, prozesu osoaz gozatzen gara eta”. Fidelek argi utzi du bere taldea oso motibatuta dagoela. 5 eta 16 urte bitarteko gazteek osatzen dute eta hortik 2 talde aterako dira, bata FIRST LEGO Leaguerako eta bestea Junior ediziorako. Haren hitzetan, hetereogeneotasuna da taldearen ezaugarri nagusia: “pertsona bakoitzak eginkizun bat dauka, enpresetan bezalaxe: profil desberdinetako pertsonak daude, eta guztien artean, denak behar bezala funtzionatzea lortzen dute”.

Taldeak garatutako lan-esparruei dagokienez, robotaren proiektuarekin lotutako alderdi teknikoaren erraztasuna eta prozesu osoaren dibertigarritasuna nabarmendu ditu. “Gainera, lehiaketak duen mundu mailako oihartzuna oso motibazio handia da. Oso ondo pasatzen dute eta horretan parte hartzen duten beste talde batzuen lagunak egiten dira”, erantsi du.

Iñigo Beristain Bastidako Herri Ikastetxeko irakasle eta zuzendaria da. Esperientzia txikiagoa du FIRST LEGO League lehiaketan, aurten bigarren aldiz parte hartuko baitu. Hasiera-hasieratik, ikasleen arteko bikidetasuna hobetzeko aukera paregabea ikusi zuen proiektu honetan eta ikasleen hezkuntzari halakoxe kalitatezko plus bat ematen diola konturatu zen. Zientzia eta teknologia ikasgairen batean edo bestean lantzeaz gain, FIRST LEGO Leagueko prestakuntza gai horien gaineko “errefortzuzko jardueratzat” erabiltzen dute eskola-ordutegitik kanpo.

Iñigok bat egin du Fidelekin LEGOri atxikitako alderdi teknikoaren erraztasuna eta dibertigarritasuna azpimarratzerakoan. “Robotari esleitutako softwaren bidezko programazioa arras intuitiboa da, eta parte-hartzaileak berehala moldatzen dira. Ez da batere zaila. Teknologiaren inguruko ezagutza ez da faktore mugatzaile bat”, ziurtatu du.

Bigarren parte-hartze honetan, deialdia herriko 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilei ere ireki diete. Proiektua eskolako hormetatik harantzago zabaltzea nahi dute. Azkenean, otsailaren 10ean, proiektuarekiko inplikaziorik eta motibaziorik handiena erakutsi duten ikasleek osatutako talde batekin lehiatuko dira.

Iñigok FIRST LEGO Leagueren balio erantsia nabarmendu du: “benetako arazo baten diagnostikoa egin eta konponbide bat bilatzeko aukera ematen die ikasleei, betiere diziplina anitzeko ikuspegi batetik eta praktikatik abiatuta. FLLk proiektuen araberako lan on batek izan behar dituen osagai guztiak eskaintzen dizkigu, sormenetik bideratu ahal izateko. Nolabait, XXI. mendeko Eskolak izan beharko lukeen ikuspegia erakusten du”.

Iñigok arreta berezia egin dio, bere ikastetxean bederen, neskek erakutsi duten motibazio handiagoari: “antza denez, oso emakume gutxi dira bokazio teknologikoa dutenak, baina gure kasuan, neskak izan dira jarrerarik onena erakutsi dutenak, motibatuenak daudenak”.

FIRST LEGO League Euskadi otsailaren 10ean jokatuko da Gasteizko Europa Biltzar eta Erakusketa Jauregian. Guztira, 37 ikastetxek parte hartuko dute, 81 talderen bitartez. Hemen ikus daiteke FIRST LEGO League Euskadin nahiz Junior edizioan parte hartuko duten ikastetxeen zerrenda

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago