Banka etikoa bere lekua egiten ari da bezero eta enpresen artean, asko nekaturik baitaude krisiaren hasieratik finantza-mundua zipriztindu duten erakunde batzuen praxi txarraz eta finantza-eskandaluez. Erakunde hauek sei aldiz aurrezki gehiago erakarri dute 2008tik hona –1.500 milioi euro 2014an bakarrik–, eta gaur egun 190.000 bezero inguru dituzte.

Banka etikoaren ADNa ekonomia erreala da, hiru ekintza-ardatz nagusiren inguruan antolatua: natura, ingurumena eta energia; gizarte- eta lankidetza-ekinbideak; eta kultura eta aisialdi arloa, helburu komun baten aterkipean: gizarte-eragin positiboa bilatzea, arau batzuen barruan, eta hor ez du edozerk balio etekina maximizatu ahal izateko.

Gardentasuna, bezeroak badaki non inbertitzen den erakundearen dirua; benetako ekonomia, finantza-espekulaziotik urrunduta; eta gizarte-errentagarritasuna, lankidetza eta garapen positiboa gizartearentzat, eta iraunkortasunarentzat: horra hor bere ezaugarri nagusiak.

Banka etikoa Euskadin

Banka etikoa Fiare Banca Éticaren eskutik finkatu da Euskadin; banku-erakunde hau Banca Popolare Italiana eta Fiare elkartuta sortu zen, azken hau (kreditu-kooperatiba) Euskadin sortua hainbat gizarte- eta erlijio-talderen eskutik 2003an. 2014ko uztailaren 1ean, hasierako lankidetza- eta ordezkaritza-prozesu luze baten ondoren, banku-erakunde bihurtu ziren. 2015eko martxoaren bukaeran, Estatu osorako egoitza soziala ireki zuten Bilboko Alde Zaharrean.  

Europan banku etikoaren erreferente den Triodos Bankek ere Bilbon dauka estatu osoan banatuta dituen hogei bulegoetako bat. Estatuan finkatu zenetik banku-fitxa daukanez, ezarpen-prozesu tradizionalagoa garatu du. Triodos ibilaldi handiko eredu etikoa da, 1980an Holandan sortua, nahiz eta bazuen Fundazio bat 1971n. Europako hainbat herrialdetan dago eta, Banca Popolare Italiana-rekin batera, Global Alliance for banking on values aliantzako parte da.  

Oikocredit 1975ean finkatu zen Herbehereetan Elizen Munduko Kontseiluaren ekinbide baten eskutik. 2004ean sartu zen Euskadin Fiare-ren eskutik. Oikocredit-ek pertsonen, bazkideen eta erakundeen aurrezkiak eduki soziala duten enpresa-proiektuak finantzatzera zuzentzen ditu garapen bidean dauden herrialdeetan, mikrokredituen bidez pobreziaren aurka borrokatzeko eta garapena bultzatzeko.

Coop57 1995ean sortu zen Katalunian Bruguera argitaletxeko 57 langileren eskutik, proiektu ekonomiko berriak sustatzeko eginkizunarekin, batez ere kooperatiba-eremuan eta jendea lan-munduan eta gizartean txertatzeko. Coop57 ez da ohiko kreditu-kooperatiba bat, pertsona fisikoek beren aurrezkiak gordailatu bakarrik egin ditzakete, finantzaketa-zerbitzuez baliatu gabe, baina aktiboki parte hartzen dute erakundearen funtzionamendu-erabakietan dagokien lurralde-batzarrean botoaren bidez. Hala ere, pertsona juridikoek bai, funtsak jarri nahiz finantzaketa jaso, biak egin ditzakete.

2005ean sarean hedatzeko prozesuari ekin zion, eta sekzioak ireki zituen Aragoin, Madrilgo Erkidegoan, Andaluzian eta Galizian, eta erakundea ezartzeko prozesuan dago EAEn eta Nafarroan, Asturiasen eta Valentziar Erkidegoan.

Interesik gabeko banka

JAK proiektuak, izen berarekin Suediaian duen arrakastaren eredua Madrilen kopiatzen saiatzen denak, eta CASX Sarean Gizarte Autofinantzaketarako Kooperatibak, Cooperativa Integral Catalana-ren barruan dagoenak,  interesik gabeko banku etikozko sistema alternatiboa bultzatzen dute.

Estatu mailan, elkarte eta tamaina txikiagoko hainbat ekinbideren aukera zabala dago, eta finantza etikoen zenbait esperientziaren garapena eta inplementazioa ari dira bultzatzen.

Partekatu albiste hau