Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) ikerketa zientifikoko eta garapen teknologikoko jardueretan egindako inbertsioaren zenbatespena argitaratu du. Horren arabera, lehen aldiz gainditu da 2.000 milioi euroko kopurua (zehazki, 2005 milioi).

Datuen aurrerapenak erakusten du gastua % 11,7 hazi dela (2022an baino 210 milioi gehiago), eta Euskadiko I+Gko inbertsioaren goranzko joera berresten du.

Behin-behineko adierazle hori kalkulatzeko, enpresek, unibertsitateek eta Administrazioak emandako informazioa hartu da kontuan. Eragile horiek 2022an I+Gko gastu osoaren % 80,8 izan ziren. Datu kontsolidatua azaroan ezagutuko da, nazioarteko finantzaketatik eta beste iturri batzuetatik datozen erregistroak azterketari gehitzen zaizkionean, hala nola irabazi asmorik gabeko erakundeen dohaintzak.

Datu hori aurreratuta, I+Gko inbertsioa EAEko Barne Produktu Gordinaren % 2,08tik % 2,2ra igaroko litzateke 2023an, eta batez besteko hori erregistratutako azken europarra ( % 2,24 2022an) baino bi hamarren txikiagoa izango litzateke.

Sektoreka, enpresek % 11,9 gehitu zuten I+Gko barne-gastua; unibertsitateek % 11,8 eta administrazio publikoek (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Estatuko Administrazio Orokorra) % 10,5. Ikerketan diharduten langileei dagokienez, datu bateratuak % 7,2ko batez besteko hazkundea erakusten du, sektore publikoan % 11,1 hazi baitzen, pribatuan % 6,7 eta goi-mailako irakaskuntzan % 7,3.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago