Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin, STEAM Euskadi Sarien lehen edizioa deitu du. Sariek STEAM Hezkuntzak Euskadin dituen jardunbide egokienak hartuko dituzte aintzat, berrikuntza-maila, lortutako emaitzak eta izandako eragina kontutan hartuta. STEAM Hezkuntzak zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika biltzen ditu, arteekin eta humanitateekin lotuta, gazteek modu arduratsuan aurre egin diezaieten gizarteak ezartzen dituen erronkei, etengabeko aldaketan dagoen gizarte horretan teknologiaren protagonismoa gero eta handiagoa delarik. Eusko Jaurlaritzak Euskadirako STEAM Hezkuntza Estrategia bultzatzen du, eta horren barruan sartzen dira sari berri hauek, zientzia- eta teknologia-bokazioak inspiratzeko eta jakintza-arlo horietan ikasle guztien prestakuntza hobetzeko, neskei arreta berezia eskainiz.

Epaimahai aditu batek erabakiko ditu Euskadi STEAM Sariak datorren ekainean. Martxoaren 31ra arte dago zabalik hautagaitzak aurkezteko epea, eta ikasleen gaitasun zientifikoa eta/edo teknologikoa hobetuko duen ekimenen bat garatzen ari den edozein erakundek har dezake parte; hala nola, ikastetxeek, unibertsitateek, hezkuntza ez-formaleko erakundeek, ikerketa-zentroek, enpresek eta abarrek.

Lau kategoria daude, eta horietako bakoitzak 3.000 euroko saria du: STEAM Hezkuntza Ekimen berritzaileena, unibertsitatez kanpoko ikastetxe batek sustatua; STEAM Hezkuntza Ekimen berritzaileena, gainerako erakundeek sustatua; genero-ikuspegidun STEAM Hezkuntza Ekimena, unibertsitatez kanpoko ikastetxe batek sustatua; eta genero-ikuspegidun STEAM Hezkuntza Ekimena, gainerako erakundeek sustatua.

Argibide gehiago hemen: http://steam.eus/es/premios/

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago